EUSKALHERRIA;2009-03-17;Ezker abertzaleak elkarlana sustatu nahi du eragile independentistekin. Estrategia independentista eraginkorraren lehen urratsa indarrak biltzea dela eta horretan saiatuko dela dio ezker abertzaleak Herritar gehienak oraindik ere abertzale direla nabarmendu du Otegik
Ezker abertzaleak elkarlana sustatu nahi du eragile independentistekin
Estrategia independentista eraginkorraren lehen urratsa indarrak biltzea dela eta horretan saiatuko dela dio ezker abertzaleak
Herritar gehienak oraindik ere abertzale direla nabarmendu du Otegik
Pello Urzelai.
Donostia
Estrategia independentista eraginkor baten premia dago, ezker abertzalearen ustez, eta horretarako lehen urratsa indar independentistak elkarlanean aritzea da, indarrak biltzea. Hori lortzeko asmoz, ezker abertzaleak elkarlan dinamika bat sustatuko du datozen asteetan, «Euskal Herrian sinesten duten eragile politiko, sozial eta herritar guztiekin». Iragarpen hori Arnaldo Otegik egin zuen atzo, Donostian, ezker abertzaleko beste hamahiru kide esanguratsurekin batera eskainitako prentsaurrekoan.
Agerraldian Arnaldo Otegik bakarrik hitz egin zuen, euskaraz eta gaztelaniaz, baina ondoan zituen lagunek -belaunaldi eta arlo askotariko kide ezagunek- ezker abertzalearen irudia osatzen zuten. Arnaldo Otegiren ondoan, mahaian, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Nekane Erauskin, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Ainara Bakedano eta Txelui Moreno jesarri ziren. Bigarren lerroan, berriz, Rafa Diez, Tasio Erkizia, Shanti Kiroga, Marine Pueyo, Fernando Arburua, Jon Telleria eta Amaia Esnal izan ziren. Agerraldia hotsandiko egiteko, prentsaren aurrean azaldutako edukietan oinarrituta agiri bat ere plazaratu zuen ezker abertzaleak atzo, Autodeterminazioaz independentzia izenburupean.
Estrategia eraginkorra
Ezker abertzalearen ustez, ziklo honetan aldaketa politikoa estrategia independentista eraginkor batetik abia daiteke. Horretarako egin beharreko lehen urratsa, Arnaldo Otegiren hitzetan, indar independentistak elkarlanean aritzea da. «Indarrak bildu behar ditugu. Asko gara eta bildu behar dugu». Indar biltze horren lehen helburua Euskal Herria «prozesu demokratiko bat» irekitzea da. Prozesu horren bidez, negoziazio eta akordioaren bidez, Euskal Herrian jokaleku demokratiko bat eratu beharko litzateke, non proiektu politiko guztien defentsa eta gauzatzea posible izango den, Arnaldo Otegik azaldu zuenez. Horretarako berdintasun baldintzak, bide demokratikoak eta euskal herritarrek erabakitzen dutena mugarik gabe errespetatzea beharrezkoa da, ezker abertzalearen iritziz. Horrez gain, indar bilketak bigarren helburu bat izan beharko luke: euskal langileria eta sektore herritarrak erdigunean jartzea, aldaketa politikoaren aldeko apustua eginez. Azken batean, «independentzia edo euskal estatua euskal langileriari interesatzen zaion proiektu politikoa delako».
Helburu horiei begira, ezker abertzaleak, Arnaldo Otegiren esanetan, «kontraste dinamika bat eta elkarlanerako aukerak esploratuko dituen dinamika bat martxan jarri nahi du Euskal Herrian sinesten duten eragile politiko, sozial eta herritar guztiekin».
Etorkizun hurbilari begira egindako apustu hau martxoaren 1eko hauteskundeetako emaitzen azterketarekin lagunduta etorri da. Izan ere, hauteskundeen ondoren egoerak berretsi eta indartu egin du ezker abertzaleak duela hilabete batzuk hasitako gogoeta.
Ezker abertzalearen azterketaren arabera, hauteskundeak «antidemokratikoak» izan dira, eta, ondorioz, eratuko den Eusko Legebiltzarra ere «antidemokratikoa» izango da. «Europa osoan Hego Euskal Herrian dago espazio bakarra dago non instituzioek ez duten ordezkatzen herri borondatea», nabarmendu zuen Otegik.
Ezker abertzalearen azterketaren arabera, hauteskundeen ondoren faktore estrukturalak ez dira aldatu. «Herri honetan gehiengoak abertzale izaten jarraitzen du, eta herri honetan gehiengoa nazio aitortzaren aldekoa da eta erabakitzeko eskubidearen aldekoa da». Hori ez da aldatu azken hauteskundeetan, Eusko Legebiltzarraren gehiengoa PSE-EE eta PPren esku gelditu arren. Bestalde, herritar gehienak oraindik ere irtenbide demokratikoaren alde daude, Arnaldo Otegiren ustez. «Beraz, Euskal Herria eta estuen arteko gatazkak bere baitan jarraitu egiten du».
EAJren «Santoña politikoa»
Faktore horiez gain, EAJren egungo apustua eta alderdi sozialistaren asmoak kontuan hartzeko beharra aipatu zuen Otegik. Ezker abertzalearentzat garrantzi berezia du EAJk alderdi sozialistari koalizio gobernu bat osatzeko egindako eskaintza. «Dokumentu horren bidez, EAJk uko egin die Lizarran sortutako baldintzei, eta dokumentu horren bidez, EAJk euskal estatu bat eratzeari uko egin dio, eta apustu garbia egin du indar erregionalista bat izateko estatu espainolean». Agiri hori EAJren «Santoña politikoa» dela esan zuen Otegik. Hala ere, ñabardura bat egin zuen: aipatutako apustua EBBren gehiengoarena bada ere, ez da EAJ bozkatu dutenen apustua.
Otegiren esanetan, alderdi sozialistaren helburua, berriz, PPren laguntzaz, Lizarran sortutako baldintzak indargabetzea da, «gehiengoaren interesen kontra gobernu bat osatuz», errepresioaren bidez aldaketa politikoa ekiditeko asmoarekin. «Hori ez da bidea, hortik saiatzen badira tronpatuko dira, porrota izango dute», iragarri zien Otegik sozialistei.
Ezker abertzalearen agiria
Autodeterminazioaz independentzia
Martxoaren 1ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan buruturiko hauteskundeen ostean eta eztabaida politikoa Gasteizko Gobernuaren osaketan kokatu denean, Euskal Herriak sakoneko aldaketa politiko eta sozialerantz urratsak egin ditzan aztertu beharreko sakoneko gaien inguruko perspektibak eta erreferentziak aurkeztu nahi ditu Ezker Abertzaleak.
Marko estatutario agortua - Zilegitasunik gabeko legebiltzarrak
Alderdi unionistek -PSOEk eta PPk- ezarritako joko-arau politikoen arabera EAEn eginiko hauteskundeek Gasteizko Legebiltzarraren osaketa desitxuratu dute, euskal jendartearen sektore baten aurka inposatutako
apartheid politikoan sakonduz. Lehenik, marko konstituzional-estatutario agortu bat baldin bagenuen, orain gainera Madrilen erabakitako salbuespen legediek manipulaturiko bi Legebiltzar dauzkagu: Iruñekoa eta Gasteizkoa Herri borondatea ordezkatzen ez duten heinean, zilegitasunik gabeko Legebiltzarrak dira.
Lizarra-Garazitik gaurdaino espainiar konstituzionalismoak diseinaturiko eta garaturiko estrategiak, legez kanporatzeak eta eskubide zibil eta politikoen urraketa oinarri dituena, urrats kualitatibo berri bat egin du azken hauteskundeetan eta bi parlamentu autonomoak unionismoaren esku utz ditzake, prozesu politikoa eta marko juridiko-politikoaren edozein aldaketa edota berrikuntza baldintzatzeko xedearekin.
Beste behin ere, berresten dugu: marko konstituzional-estatutarioak ez du sinesgarritasunik, ez du garapen estrategikorako gaitasunik, ez eta, orain inoiz baino argiago, bere kudeaketarako zilegitasun demokratikorik ere.
Errealitate estruktural berean oinarrituriko Gobernu aldaketa
Errealitate estruktural honen aurrean, PSE-EE eta EAJren arteko botere-kota eta kudeaketa politiko-instituzionalaren inguruko lehiak, lehendakaritza eskuratzeko Ibarretxe eta Lopezen arteko lehiak, bere garrantzia ukatu gabe, Euskal Herriaren onarpen eta eskubide demokratikoen aldeko konfrontazio politikoan eta gatazkaren oinarrietan dauden sakoneko arazoak distortsionatu edo gutxietsi nahi ditu.
PSE-EEk 'aldaketarako' egiten dituen proposamenak, PPrekiko konpromisoek baldintzatuta, euskal jendarteak aldarrikatzen duen aldaketa sozial eta politikoaren antitesia dira. Duela bi urteko Nafarroako egoerarekin egungo EAEko egoerak duen antzekotasunak adierazten digu konstituzionalismoa Euskal Herrian eskenatoki demokratiko bat eraikitzeko eman beharreko aldaketa politikoak baldintzatzen saiatzen ari dela. Nafarroan eta Baskongadetan aldaketa politiko eta soziala PPrekiko elkarlan eta akordioen eskutik etor daitekeela iradokitzea iruzur politiko itzela da eta ezer erakustekotan, alderdi sozialistaren PPrekiko menpekotasuna da.
Dokumentu esplizitu eta solemne batean EAJk aliantza 'egonkorretarako' PSE-EEri egindako proposamenak EAJren zuzendaritzaren posizio politikoa argiro erakusten du: Estatuaren estrategiaren menpekoa eta politikoki neutralizatua. PSOEren besoetara bota izanak, Eusko Jaurlaritzan jarraitu ahal izateko akordioak erregutuz, Lizarra Garazi, Ibarretxe plana, galdeketak eta abar luze bat bide bazterrean utzita, estrategiarik gabeko eta belaunikatutako EAJ erakusten du.
Euskal Herriak ukatuta eta eskubide demokratikorik gabe jarraitzen duen bitartean, herri borondatea salbuespen legeen bidez urratzen den bitartean, eskubide zibil eta politikoak sistematikoki urratzen diren bitartean, 800 preso politiko inguru dagoen bitartean, sufrimendu anitz eragiten duen konfrontazioak dirauen bitartean, EAJk 'kolpe instituzionalaz' hitz egiteak eta aldi berean PSOEri
Arriagako Izpiritua eta Ajuria Eneko paktuko oinarri berdinak dituen egonkortasun-akordio bat eskaintzeak hipokresia ikaragarria erakusten du. EAJ politikoki eta ideologikoki hustu egin da; egun aparatu politiko hutsa da, zeinaren lehentasuna eta helburua nagusia, kosta ahala kosta instituzioetan jarraitzea eta bere interes korporatiboen gestioa egitea da PSOE eta ezker abertzalearen arteko ustezko '
pinza'-ren argudio maltzur horrek erakusten du ezerk baino hobeto EAJ edozer gauza egiteko prest dagoela bere negozio politikoaren kota defendatzeko.
Laburbilduz, hauteskunde osteko egoera honetan eztabaida politikoa botere eta kudeaketa interesek eta pribilegioak, kargu instituzionalak eta negozioak galtzeko beldurrek baldintzatuta dago. Eta hori guztia, esan bezala, Euskal Herriak ukatuta eta gatazka politikoak zabalik jarraitzen duen bitartean eta krisi ekonomiko larriaren aurrean langile, langabetu, merkatari, autonomo eta abarrek Zapatero, Ibarretxe eta Sanzen eredu neoliberalaren aurrean alternatiba ekonomiko eta sozialak aldarrikatzen dituzten bitartean.
Hala bada, inauteri politiko horren amaiera edozein delarik ere, egoera antidemokratiko eta are ezegonkorrago baten aurrean gaude. Eremu politiko zein sozialean terapia berriak eta demokratikoak eskatzen dituen egoera baten aurrean, alegia.
Aldaketa politiko eta sozialerako egoera demokratikoa
Aldaketarik gabeko aldaketarako eskaintza honen aurrean, ezker abertzalea ziur dago euskal herritarren gehiengoak alternatibak eskatzen dituela, aldaketa politiko eta sozialerako berme izango den eskenatoki demokratiko bat eskatzen duela.
Euskal Herriaren aitortza eta euskal herritarren borondatearen errespetuan oinarritutako eskenatokia, proiektu politiko guztiak ahalezko egingo dituena.
Ezker abertzaleak ekarpena egin nahi dio etorkizun horren eraikuntzari, marko politiko demokratikoa erdiesteko alternatiba erreal bati. Beste behin ere, Euskal Herrian dugun konfiantza agertu nahi dugu eta adierazi, sinetsita gaudela euskal jendartean aldaketa politikorako baldintza objektibo eta subjektiboak daudela.
Horregatik guztiagatik, ezker abertzaleak berriro ere adierazi nahi du indar soberanista eta independentisten metaketa egin beharra dagoela, egungo ukazio eta inposaketa mekanismoak nahiz eredu ekonomiko eta sozial neoliberala zaharberritu nahi dituztenen aurrean alternatiba eraginkorra gorpuztuz eta estrategia independentista eraginkorra eraikiz. Espazio politiko, sozial eta sindikal horrek bi eginbehar nagusi ditu:
- Prozesu demokratiko bat artikulatzea, zeinak elkarrizketa eta negoziazioaren bidez, proiektu politiko guztiak ahalezko egingo dituen eskenatokia ezartzea ahalbideratuko duen.
- Aldaketa sozialaren aldeko borroka aitzinatzea, zeinak langile eta herri sektoreak politika ekonomiko eta sozialen erreferentzia nagusi bilakatuko dituen.
Helburu horrekin, datozen asteetan ezker abertzaleak analisi eta kontraste dinamika bat abiatuko du eragile politiko, sindikal eta sozialekin.
Euskal Herria, 2009ko martxoaren 16an