Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna
Haurrak, denen begietan
Haur eta nerabeek bete dute Pasaiako udaletxeko areto nagusia, haiek babestu eta ongi tratatzeko erantzukizun publikoa hartu duelako Udalak. Herri osoa jarri nahi du helburu horretan lanean.
Pantxike Agirre
PasaiaMaider Ziganda alkateari adierazpen instituzionala irakurtzen lagundu diote udal aretoetan ezohiko diren lau ahots mehek: Jon Lertxundi, Leila Said, Bittor Eraso eta Amaia Aierbe ikasleenak dira. Haiek irakurritakoa aho batez onartu dute gero zinegotziek. Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna zen atzo, eta Pasaiako (Gipuzkoa) Udalak haur eta nerabeak babesteko abian duen planaren berri eman zuen.
«Erantzukizun publikoa hartu dugu gure gain, baina, hori baino gehiago, udal honetako sail guztiak jarri ditugu norabide horretan lanean, eta gizarte osoa jabetzea nahi dugu babes hori ematea denon ardura dela». Transbertsalitate hori da berrikuntza, Zilbetiren ustez, eta herritarren parte-hartzea. Adituen arreta erakarri dutela esan zuen, eta hainbat kongresutan aztergai dela bide hori.
Bittor Erasok ongi baino hobeto pasatu du udal aretoko trantzea. Zertarako izango den onartutako plana? «Nik uste dut haurrak edonon gustura sentitzeko». «Garen bezala onar gaitzaten», «maita gaitzaten eta ez mindu», «pozik bizitzeko»... Beste batzuek horrela azaldu dute, lotsati antzera, udalbatzak onartutakoarekin zer ulertu duten. Irakasleek lagunduta etorri dira guztiak inguruko ikastetxeetatik.
Tratu ona da haurren babes gabezia saihesteko prebentziorik onena: horixe da plan horren oinarria. Hori, eta horretan udalak zeregin garrantzitsua duela; baita herri osoak ere. «Ezin dugu beste erakunde baten esku utzi guk egin dezakeguna. Era berean, ordea, garbi izan behar da erantzukizuna ez dela arduradun politikoena nagusiki, ezta gurasoena ere bereziki, edo eskolarena. Bere haur eta gazteak babesten dituen herri batek aurre hartzen die babes gabeko egoerei, edo arindu egiten ditu egoera larriak. Horregatik, gure erronka da herritar guztiak egitea ardura horren jabe». Maider Zilbeti alkateak eta Obdu Lorenzo Gizarte Ekintzako zinegotziak esplikatu dute udaleko sail guztien arteko batzorde bat dagoela martxan, eta Arbutz haur eta nerabeen babes elkartearen laguntzarekin dihardutela.
Haur eta gazteei honako eskubideak aitortzen dizkie udalak onartutako adierazpenak: familia giro seguruan bizitzea, beren intimitatea errespetatua izateko eskubidea, hezkuntza eta osasuna jasotzeko eskubidea eta aisialdiaz disfrutatzeko eskubidea. Eta udalaren konpromisoak, besteak beste, hauek: eskubide horiek bermatzeko ekinbideak bultzatzea, gurasoak laguntzea egoera zailetan beharrezko baliabideak izan ditzaten, laguntza sare formal eta informalak bultzatzea haurren garapen eta ongizatea zaindu eta laguntzeko, espazio naturala gorde eta berriak eraiki haurrak horietan gustura sentitzeko, pasaiatarrak animatu haurrekin tratu ona izateko, eta udalaren konpromisoa erakunde, gizarte eragile eta adin txikiko guztiengana helaraztea.
Laguntza tekniko hori emateko jokabide kode bat dauka onartuta sailen arteko batzordeak, eta baita ere egoitza publikoen erabileraren inguruko araudia. Orain hasi eta 2010. urtera arte, bestalde, sozializazio kanpaina bat bultzatuko du. «Tratu onaren alde planteatuko da, ez ezeren kontra», nabarmendu dute. Tratu ona nahi dut, pasa hitza leloa dauka kanpaina horrek, eta eskubide guztien artean garrantzitsuena zoriontsu izateko eskubidea dela zabaldu nahi du.
Tratu txarrak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
