Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:20

EUSKALHERRIA;2008-10-10;«Espainiarrekin pedagogia egin beharrak egin digu kalte gehien». Hizkuntza gutxituen hiztunen jarrera aztertzen dute Ferran Suayk eta Gemma Sanginesek, zergatik uzten dioten bere hizkuntza hitz egiteari, eta argi dute: «Kontzientzia edukitzea ez da nahikoa». FERRAN SUAY . Psikologia doktorea

Ferran Suay - Psikologia doktorea

Hizkuntza gutxituen hiztunen jarrera aztertzen dute Ferran Suayk eta Gemma Sanginesek, zergatik uzten dioten bere hizkuntza hitz egiteari, eta argi dute: «Kontzientzia edukitzea ez da nahikoa».

«Espainiarrekin pedagogia egin beharrak egin digu kalte gehien»

Mikel Peruarena

Hernani

Ferran Suay eta Gemma Sangines psikologoek hizkuntza portaerei buruzko ikuspegi berritzailea zabaldu nahi dute. Duela lau urte, Valentzian, Herrialde Katalanen independentziaren aldeko ekitaldi batean, Estudiants per la llengua (Hizkuntzaren aldeko ikasleak) izeneko ikasle talde bateko kideekin batera egokitu ziren taberna batean. Tabernariak gaztelaniaz ekin orduko, ikasleek gaztelaniaz jarraitu zioten. «Ikasle haien portaera ez zen izan hizkuntzaren kontzientziarik ez duen beste edozein pertsonak izango lukeenaren ezberdina», ohartarazi du Suayk. Kontzientziaren eta portaeraren artean dagoen aldea gainditzeko estrategia bat lantzeari ekin zioten Sanginesek eta Suayk. Eta Taller d'Espai Lingüístic Personal (TELP, edo norbanakoaren hizkuntza espazioarentzako tailerra) izeneko tailerra sortu zuten. Lau urtean, 100 ikastaro inguru eman dituzte, bederatzi Euskal Herrian. Hernanin (Gipuzkoa) izan da Ferran Suay.

Kontzientzia ez da nahikoa, beraz, hizkuntza gutxitu bat hitz egiteko?

Begira, ikasitako babesgabetasunaren paradigmak azaltzen du argien: hizkuntza gutxituen hiztunak behartu gaituzte zigor bikoitzeko egoerak nozitzera. Gaizki sentiarazten dizute egoera batean, zein bestean. Gaztelaniaz hitz egiten baduzu gaizki sentitzen zara, ez zaudelako eroso, ez delako zurea... Eta euskaraz hitz egiten baduzu, gaizki sentiarazten zaituzte, esaten dizutelako ez dizutela ulertzen, itxia izatea edo edozer gauza leporatzen dizutelako... Esperimentuetan, zigor bikoitzeko sistema honetara behartu izan dituzte zakurrak, eta deprimitu egiten dira. Paradigma hori ezartzearen xedea mendekotasuna sortzea da; eta mendekotasuna depresio modu bat da. Animalia eta pertsona osasuntsuak borrokatu egiten dira norbere buruagatik, bai naturan, bai gizartean. Pertsona deprimituek utzi egiten diote beren buruari.

Nola lantzen da portaera aldaketa?

Baliabideak erakusten ditugu, zure hizkuntza ez uzteko eta eroso sentitzeko. Hori lortzeko, geure buruari errealitateaz kontatzen dizkiogun gauzak aldatu behar dira, alegia, geure buruarekin dugun elkarrizketa aldatu behar da.

Zer esaten dio, bada, bere buruari hizkuntza gutxitu baten hiztunak?

Ikasi ditugun gauzek oso baldintzatzen gaituzte. Norbaitek esaten badizu ez dizula ulertu eta zuk pentsatzen baduzu «Gaixoa, lagundu egin behar diot», horrek portaera jakin bat izatera eramango zaitu. Baina hori ez da pentsa daitekeen bakarra, pentsa daitezke gauza asko. Erabilgarria da hizkuntza normal bateko hiztunaren lekuan jartzea: Berlingo jaun bati kalean zerbait galdetzen badiote eta ez badiote ulertzen, jaun hori ez da gaizki sentituko alemaneraz hitz egiteagatik. Izatekotan, bestea sentituko da gaizki, Berlinen egon eta alemaneraz ez jakiteagatik.

Hizkuntza gutxituen hiztunek buruan kolonialista txiki bat balute bezala da, ezta?

Erakusten dizute gauzei begiratzen jarrera heterozentratu batetik. Adibidez, «Ni iparraldekoa naiz» dioten euskal herritarrak. Iparraldekoa? Nongo iparraldekoa? Hau Europaren hegoaldea da, Euskal Herriaren hegoaldea... Iparraldekoa zara, zure pentsamenduaren erdigunea Madrilen baldin badago. Izatekotan, Bilboko ekialdean egongo zara, munduko zilborra da eta, kar-kar.

Zer egiten duzue ikastaroan?

Hiru atal nagusi ditu: lehenengoan saiatzen gara ulertzen gure portaerak, bigarrenean pertsonen arteko harremanen ikuspegi estrategiko bat hartzen dugu, eta hirugarrenean abilidade edo tresnak ematen ditugu euskaraz hizketan jarraitzeko ahalik eta denbora gehien, ahalik eta erosoen.

Zein trabarekin aurkitzen zarete?

Askotan, hizkuntza kontuetan, oso gogortuta dauden jarrerekin aurkitzen gara. Ez du batere zentzurik argumentuak botatzen jarraitzeak, frontoiko hormaren kontra pilotak botatzea bezala delako. Adibidez, zu iristen zara leku batera eta euskaraz hitz egiten duzu. Besteak esaten dizu, mesedez, kristauen moduan hitz egiteko. Zu hasten zara esaten «hizkuntza eskubideak...», eta abar. Besteak bukatzen du esaten Euskal Herria ez dela existitzen... Horrek denak, zertarako balio du? Zu sutan jartzen zara, eta besteak jarraitzen du lehengoan... Espainiarrekin pedagogia egin beharrak, honetaz eta hartaz konbentzitu beharrak egin digu kalte gehien katalan hiztunoi. Ez ditugu ezertaz konbentzitu behar. Niri ez zait batere axola Madrilgo jaun batek zer pentsatzen duen, edo ulertzen ote nauen. Berdin zait. Nik errespetatzea behar dut, ez ulertzea. Hain gogortuta dauden jarrerak ez dira konpontzen eztabaidatzen, hizkuntza asertibitatearen teknikekin baizik.

Zer teknika dira horiek?

Askoren oinarrian pilota bestearen eremura pasatzea dago. Orokorrean, sistema egina dago halako moldez, non zama beti zugan erortzen den: zuk azaldu behar duzu zergatik hau edo bestea. Aurkitzen duzun elebakar astazakil bakoitza giza eskubideei errespetua dien pertsona batean bilakatzen saiatzen baldin bazara, leher egiten duzu eta gehienetan huts egingo duzu. Astazakil bat, astazakila da, eta zuk ez duzu harekin ezer egiteko beharrik. Teknika asertibo batzuk jakinda, indar asko aurreztu eta oso lasai geldituko zara eta, gehienetan, nahi zenuena lortuko duzu.

Katalanarekin errazagoak dira teknika horiek euskararekin baino?

Bai. Niri norbaitek esaten didanean ez didala katalanez ulertzen badakit gezurretan ari dela. Hori ez da gertatzen euskararekin, baina hemen ibiltzeko bide luzea dago. Euskaraz egiten duten, euskaraz egin nahi duten eta euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dugun egunean, ikusiko dugu nola egiten dugun hitz egin nahi ez dutenekin.

Aholkurik eman zenezake?

Norbaitek zein hizkuntzatan egiten duen ez dakizun bitartean, euskaraz egin. Norbaitek gaztelaniaz egiten dizunean, horrek ez du esan nahi ez dakienik euskaraz, beraz, erantzun euskaraz. Orobat, hitz egin euskaraz, ez dizutela ulertu esaten dizuten arte. Hori bakarrik eginda, askoz ere gehiago entzungo da euskara.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia