Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:04

EUSKALHERRIA;2008-06-12;Nazionalismo kosmopolitaren utopia . Montserrat Guibernau Londreseko Unibertsitateko irakasleak identitate eta gizarte ereduei buruz hausnartu du Bilboko Euskalduna jauregian, Giza Eskubideen III. Biltzarrean.

Nazionalismo kosmopolitaren utopia

Montserrat Guibernau Londreseko Unibertsitateko irakasleak identitate eta gizarte ereduei buruz hausnartu du Bilboko Euskalduna jauregian, Giza Eskubideen III. Biltzarrean.

aitziber laskibar

Bilbo

Hiri kosmopolitatzat jotzen den Londrestik nazio sentipena sustraiturik dagoen Euskal Herrira etorri da Montserrat Guibernau irakaslea, identitate eta gizarte ereduei buruz gogoeta egitera. Nazionalistak kosmopoliten aurkari ote dira? Uztartzeko modukoak dira nazionalismoa eta kosmopolitismoa? Galdera horiei erantzun nahian aritu da Londresko Unibertsitateko irakaslea Bilboko Euskalduna jauregian, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Giza Eskubideen Nazioarteko III. Biltzarrean. Bi kontzeptuen alderik baikorrenei helduta, bateragarriak direla ondorioztatu du. Maila teorikoan, behintzat, nazionalismoa eta kosmopolitismoa uztartzeko modukoak direla. Uztartze hori praktikara eramatea desiragarria litzatekeela dio. Baina «zaila» dela oso. Areago, «gaur-gaurkoz, utopia da». Bi kontzeptuen alderik ezkorrenak oraindik indarrean jarraitzen dutela da horren arrazoia, adituaren hitzetan.

Nazionalismoek eredu kontrajarriak defenda ditzakete. Nazionalismo batzuk inposatzaileak dira, zapaltzaileak eta xenofoboak. Hori da nazionalismoen «alde ezkorra», adituaren ustez. Nazionalismoaren «aurpegi baikorra», berriz, «nazionalismo demokratikoa» dela dio Guibernauk. «Herri izateko eskubidea defendatzen duena; bere nazio identitatea eraikitzean oinarritzen dena, kultura mantendu eta sortzen duena, pertsonalki aberasten duena eta munduan zehar besteekin harramanetan dena». Alor politikoan, bere etorkizuna erabakitzeko nahia da nazionalismoen ezaugarri nagusia Guibernauren esanetan. «Etorkizun hori independentzia, autonomia, federalismoa edo beste edozein eredu izan daiteke, baina etorkizuna erabakitzeko nahia da nazionalismo demokratikoen ezaugarria». Horrez gain, «nazio horretan bizi diren guztiak barnebildu nahi ditu nazionalismo baikor horrek», adituaren hitzetan. Osagai emozionalak edo nazio sentipenak ere, berebiziko garrantzia duela ohartarazi du.

Kosmopolitismoak pertsona guztien askatasuna eta berdintasuna aldarrikatzen ditu: giza eskubide guztiak guztientzat. Baina teorizazio horren eta praktikaren artean alde handia dagoela ohartarazi du Guibernauk. Teoria horren alde baikorra praktikak ezkor bihur dezakeela. Eta sarri gertatzen dela hori.



UNTXIA ETA TIGREA. Indiako ipuin zahar baten bidez azaldu du ikuspegi ezkorraren esanahia: «Bazen zelaian aske izan nahi zuen untxi txiki bat. 'Zer da zuk nahi duzuna?', galdegin zion alboan zuen tigreak. 'Aske izan nahi dut, korrika egin eta mundua ikusi'. Tigreak, jan egin zuen, irentsi. Horrela, bere barruan, azkar ibiliko zen alde batetik bestera eta mundua zeharkatuko zuen».

Gaur egun, sarri gertatzen dira halakoak irakaslearen esanetan, berdintasunik ez dagoelako. «Nazioek agintzen dute eta nazio ez bazara ez zara ezer. Gainera, nazio guztiek ez dute indar bera. Eta sarri eskatzen zaie ahulenei kosmopolita izan daitezela. Baina bere identitatea eta kultura alboratuta izan daitezela kosmopolita». Halako asmoek, ordea, kosmopolitismoarekin berarekin talka egiten dute, askatasuna, errespetua eta desberdintasunak errespetatuko dituen parekotasuna baita benetako kosmopolitismoaren funtsa. «Utopia», beraz, gaur egun.

 


«Ahulei kosmopolita izan daitezela eskatzen zaie, eta horretarako, bere identitate eta kultura alboratzeko»

montserrat guibernau

londreseko unibertsitateko irakaslea



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia