Berria.info

Igandea, 2013ko maiatzak 26 - 07:13

2012-07-26

Katalunia. Finantzaketa eredu berria

Kataluniaren erronka Madrili

Kontzertu ekonomikoaren moduko finantzaketa eredu bat aldarrikatu du Kataluniako Parlamentuak

Ezezkoak «garrantzi handiko ondorioak» izango dituela ohartarazi du Masek

Iker Aranburu

Azkenaldiko erronkarik handiena bota dio Kataluniako Parlamentuak Espainiako Gobernuari. Hego Euskal Herriko bi erkidegoek duten finantzaketa ereduaren antzekoa aldarrikatu dute diputatu katalanek, behingoz mugatzeko Espainiarekin duten zerga defizita. Artur Mas Generalitateko lehendakariak berak onartu du Madrilen ezezkoa espero dutela, baina ohartarazi dio erantzun horrek «garrantzi handiko ondorioak» izango dituela «Kataluniaren eta Estatu osoaren arteko harremanean». Zein ondorio izango diren, ordea, ez du argitu.

Eskaerak ez du Artur Mas Generalitateko presidenteak eskatutako adostasun osorik izan, baina gehiengo zabala eskuratu du. Proposamen osoaren aldeko botoa eman dute CiUk, ICk, ERCk eta Joan Laporta diputatuak. PSCk, berriz, Kataluniak finantza sistema berri baten aldeko botoa eman du, baina abstenitu egin da Generalitatearen proposamenaren lau punturik esanguratsuenetan, hots, zerga bilketa eta zergen gaineko eskuduntza Generalitatearentzat aldarrikatzen dutenetan. Diziplina hautsi, eta aldeko botoa eman du Ernest Maragall diputatu sozialistak. PP, berriz, abstenitu egin da sistema berri bat dela dioen puntuan, baina benetako mamiaren kontrako botoa eman du. Aurka bozkatu dute Solidaritat (SI) independentistak eta Ciutadans nazionalista espainiarrak, kontrako arrazoiengatik.

«Defizita jasanezina da»

«Orain ala inoiz ez. Ezin dugu onartu inoiz ez izatea». Horrela justifikatu du Masek finantzaketa sistema berria une hauetan eskatzea. Bere kontuak bideratu ezinik dabilela, Espainia Kataluniari ezer gutxi emateko moduan dago; Katalunia bera Madrilen borondatearen menpe dago: zorrak eta gastuak pagatzeko dirua eskatu behar diola aitortu zuen herenegun. Masen arabera, egoera «kritikoa» izateak are gehiago indartzen du bere eskaera. «Gaur egungo zerga defizita jasanezina da, eta urteak daramatzagu kopuru horiekin. Duela 20 edo 25 urteko lekuan dago […], eta hori arrazoi ona da orain zerga ituna eskatzeko».

Generalitatearen kalkuluen arabera, 1980ko hamarkadaz geroztik Katalunian urtero biltzen diren zergen eta han gastatzen diren diru publikoaren arteko aldea bere BPGaren %8 da. Zehazki, 16.400 milioi izan ziren 2009an. «Horren erdiarekin ez genuke defizitik izango, eta, gainera, dirua sobran izango luke onartzen ari garen doikuntzak ez egiteko». Onartutako testuan kopuru- rik agertzen ez den arren, Generalitateak aipatu izan du Espainiarekiko «elkartasuna» BPGaren %4an utzi beharko litzatekeela.

Masek datu baten bidez defendatu du sistema berria: «Euskal Herriak biztanleko %56 diru gehiago du kontzertu bidezko finantzaketa sistemari esker». Hau da, «katalanek sortzen dituzten baliabideak erabiltzerik izango balituzte, orain baino hobeto biziko lirateke». Mezu erakargarria da hori azken urteotan osasun edo kultur zentroen itxiera, soldata publikoen jaitsiera edo botika-errezeten truke pagatu behar izatea ikusi duen gizartearentzat. Inkestek diote lau katalanetik hiruk nahi dutela Generalitateak zergak biltzea.

Espainiarentzat sistema hori onartzea «oso zaila» dela onartuta ere, Masek ziurtatu du hari ere komeni zaiola: «Ez du zentzurik krisitik irteteko ekoizpen gaitasuna duten lurraldeak zigortzea». Eta nabarmendu du Kataluniak 26.000 milioi euroren ondasunak esportatu dituela urteko lehen sei hilabeteotan, eta 10.000 milioira ez direal iritsi Andaluzia edo Madril. «Lehiatzeko gaitasuna, hortaz, hemen dago».

Beste bi argudio ere eman ditu Masek. Batetik, Estatuak eskuduntzak deszentralizatu dituela, baina diru sarrerak ez. «Hori ez da errentagarria». Bestetik, Kataluniatik Espainiaren erkidegoetara joan den diruak ez duela haien egoera hobetu. «Zerbitzu publiko batzuk berdindu dira, baina haien gaitasun produktiboa ez da hobetu», esan du.

Independentzia mintzagai

Oposizioko diputatuen agerraldietan negoziazioen ondorioei buruzko gogoeta nagusitu da. Rocio Martinez-Sampere PSCkoak ziurtatu du Kataluniako Estatutuak ez duela kontzertu ekonomikoa onartzen, eta, hortaz, proposamenak «hutsune juridikora» eramango du. «Nahi baduzue estatuaren egitura atzeko atetik eta bermerik gabe aldatu […] Kataluniaren independentziaz ari bazarete, ez izaguzue itxaron».

Independentzia da, hain zuzen ere, ERCren helburua. Horregatik, Espainiak proposamena arbuiatuz gero «Kataluniarentzat estatu propioa aldarrikatzeko urratsa» egiteko eskatu dio CiUri Joan Puigcercos errepublikanoak.

Beste talde independentistak, SIk, kontrako botoa eman du, uste duelako alferrikakoa dela Espainiaren barruan Kataluniak finantzaketa sistema bidezkoa izatea. «Ergelarena» ez egiteko eskatu du Uriel Bertranek, eta zuzenean independentzia aldarrikatzeko, «horixe baita irtenbide bakarra».



 

Zerga ituna

1. Ogasun propioa. Parlamentuak eskatu du zerga bilketa osoa Kataluniako Ogasun propio batek egitea. CiUk, ERCk eta ICVk aldeko botoa eman dute, PSC abstenitu da eta PPk kontrakoa eman du.

2. Eskuduntzak. Zerga politika erabakitzeko eskumena Generalitateak izan beharko du, «zerga harmonizazioaren barruan». Hau da, Espainiarekin alde handiak eragin gabe. PSCk horren alde egin du.

3. Ekarpena Estatuari. Bilketaren zati bat Estatuari emango dio Generalitateak, haren esku dauden zerbitzuak finantzatzeko, eta «lurralde arteko kooperaziorako». Kopurua bost urtean behin negoziatuko dute Estatuarekin. PSC abstenitu egin da, eta PPk aurka egin du.



 

ESANA. ARTUR MAS. Kataluniako Generalitateko lehendakaria

«Ez dut onartuko kanpoko inor etortzea Generalitatean agintzera. Aurretik gauza asko pasatuko dira»



 

%76,5

Sistema berriaren alde.

Alderdi politiko eta gizarte eragilerik gehienek ez ezik, Kataluniako herritarrek ere nahi dute finantzaketa eredu berri bat. Centre d'Estudis d'Opinioren inkesta baten arabera, katalanen %76,5ek nahiago lukete Generalitatea arduratzea zergak biltzeaz.



 

/ FERRAN REQUEJO

Ferran Requejo. Politika Zientzietako katedraduna

«Herritarrak ohartu dira ituna posible ez bada hausturara jo behar dela»

Zerga itunak ez du aurrera egingo, Requejoren esanetan, baina Espainiako Gobernuaren ezetzak Kataluniara bestelako etorkizun bat ekarriko du, autodeterminazioaren bidetik.

Elixabet Epelde

Kataluniako Legebiltzarrean CiUk, ICVk eta ERCek gobernuaren zerga ituna onartu izanak herrialdea itzuli ezinezko bidean sartu duela sinetsita dago Ferran Requejo (Bartzelona, 1951) Pompeu Fabra Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasleak. Espainiako Gobernuak proposamena atzera botako duela ziurtzat jo du, baina, CiUk ezezkoaren inguruan autodeterminazioaren aldeko hautua egingo duelakoan dago. Izan ere, ezer ez egitearen aukera amaituta dago, Requejoren hitzetan.

PSCko hauteslerik gehienak zerga itunaren alde egonda ere, alderdiak ez du babestu Kataluniak zerga sistema propioa izateko proposamena. Zein izango da ezezkoagatik ordaindu beharko duen prezioa?

PSCk aukera on bat galdu du, PSOEtik aldendu eta alderdiaren profil katalanista indartzeko. PSC krisi sakonean murgilduta dago, gainera: ez du diskurtsorik, ez proiekturik eta ez lidergorik ere. Beti PSOEren mesedetan jardun izanak maldan behera jarri du PSC. Inkesta guztien arabera, beherakada nabarmena jasango du bozetan, eta legebiltzarreko bigarren postua ere galtzear egon daiteke. Diskurtsoa aldatzen ez badu, garesti ordainduko du.

PSCko sektore katalanista, beraz, bigarren mailan geratu da, beste behin.

Nik esango nuke PSCren barruan une honetan ez dagoela sektore katalanistarik. Ez daude antolatuta, ez dute jarrera irmorik, ezta proiekturik ere. Ez dira alderdiaren agintaritza hartzeko prestatzen ari.

Dena den, ez da espero zerga itunak aurrera egiterik. Beraz, zer lortu nahi du gobernuak hilda jaio den proiektu horrekin?

CiUren asmoa da lehendabiziko aldiz finantza eredua aldatzea proposatzea. Bost finantzaketa eredu eduki ditugu, eta horietako bakar batek ere ez du konpondu gaur egun pairatzen ari garen arazo endemikoa. Kataluniaren ogasun propioa eskatzera dator. Eta, beste behin, Kataluniako Estatutuarekin gertatu bezala, atea ixten badigute, beste bide batzuk proposatuko ditu CiUk, oraindik zehaztu gabekoak.

Eta, ezezkoaren inguruan, zein bideri jarrai diezaioke CiUk?

Lehenik eta behin, aliantzak aldatzea. PPrekin orain arte izan duen harremana hautsi, eta jokaleku apurtzaileago batera jo dezake, estatu propio bat osatzeko ideiaren ildotik. Hauteskundeak deitzea litzateke beste bide bat, eta, gaur, —atzo— zerga ituna babestu duten alderdiekin gobernu bat osatzea: ERCekin eta ICVrekin. Azken alderdi horrekin elkartzea, dena den, ez da oso gertagarria, ez baitute CiUren gizarte politikekin zerikusirik izan nahi. Edozein modutara, gobernuak trantsiziorako bidea hartuko duela uste dut, EB Europako Batasunaren barruan estatu propio bat sortzeko haustura horretara bideratua.

CiUk autodeterminazioaren aldeko bidea gidatuko duela uste duzu?

Zerbait egin beharra daukate, hori ziur. Ezin dute datozen hauteskundeetara orain arteko mezu berdinarekin aurkeztu. Zerga itunaren filma ikusi dugu; beraz, beste zerbait eskaini behar digute. Independentziaz hitz egin gabe, estatu osorako autogobernu bat proposa dezake EBren baitan. Autodeterminazioaren bidean, proposamen anbiguoago bat, alegia. Baina joera argia da, norabide aldaketa hor dago. Ez da izango, ziurrenik, 180 graduko biraketa bat, baina bai norabide aldaketa bat, orain arte egin dutenarekin alderatuta.

PPk adierazi du herritarrengan frustrazioa sortuko duela zerga itunak aurrera ez egiteak. Ituna babestu duten alderdiek, hain justu, ez al dute frustrazioa sortu nahi?

Ez, nik uste dut zerga ituna aurrera eramateko sortu dutela. Hemen, arazo estruktural lotsagarri bat pairatzen dugu, zerga espoliazioa, eta arazo hori bukatzeko proposamena da. Noski, alderdiek jakin badakite oso zaila izango dela Espainiak hori onartzea. Beraz, bide horrek huts egiten badu, eta nik uste dut huts egingo duela, gobernuari arrazoi gehiago ematen dizkio bere jarrera legitimatzeko nazioartearen aurrean. Zerbait egin beharra dago, ezer ez egitea ere erabaki bat baita. Iraganean porrota eragin duen erabakia da, hain zuzen ere.

Zerga ituna independentziarako lehen urratsa dela esan du Independentziaren Aldeko Herrien Elkarteak. Proposamena onartuz gero, ordea, ez ote du kontrako efektua izango?

Bai, zalantzarik gabe. PPk baietz esango balu, independentisten kopurua jaitsi egingo litzateke. Beraz, ez litzateke independentziarako lehen urratsa, guztiz aurkakoa baizik. Espero bezala ezetz esaten badute, independentisten kopuruak gora egingo du.

Azken hilabeteetan, hain zuzen, gora egin du independentziaren aldeko jarrerak Katalunian. Zerk eragin du gorakada?

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari ezetza eman izanak ekarri du paradigma aldaketa, hein handi batean, jendeak ikusi duelako itunaren bidetik Espainiako alderdiekin, PPrekin nahiz PSOErekin, ez dagoela irtenbide konstituzionalik. Herritarrak ohartu dira, ituna posible ez bada hausturara jo behar dela, gauden bezala Kataluniaren nortasuna desegiten ari delako.



 

PSOEk uste du Kataluniaren eskaera ez dela «solidarioa»

PSCk eskaera batzuekin bat egin arren, Kataluniako Parlamentuaren eskaera begi txarrez hartu du PSOEk. «Iruditzen zait Masen jarrera ez dela solidarioa; batez ere, une hauetan, Espainian gertatzen ari dena gertatzen ari den honetan», esan du Elena Valenzuela PSOEko idazkari nagusiaren albokoak.



 

ERC: «Eredu honekin, ez lukete esku hartu beharrik»

Diputatu ez denez, ikusleen artean jarraitu du eztabaida Oriol Junqueras ERCko buruak. Han esan duenez, «gaur onartu dugun eredua duela 20 urte onartu izan bagenu —Euskal Herrian edo Nafarroan bezala—, inork ez luke esku hartu beharrik izango, ez legokeelako horretarako beharrik».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia