Osakidetzako eta Nervaceroko bi langile hil dira, amiantoaren eraginez
Mutualitateek bi langileen kontrako lege prozedurak behin eta berriz hasi zituztela salatu du CCOOk
Aitziber Arzallus.
DonostiaAmiantoak eragindako gaixotasunen ondorioz, bi langile hil dira azken egunotan. Hala jakinarazi du CCOO sindikatuak. Bata, Osakidetzako langilea zen; bestea, berriz, Nervacerokoa. Eritasunaz gain, azken unera arte enpresek eta mutualitateek egin dieten presioa jasan behar izan dutela salatu du sindikatuak.
Osakidetzako langileak 62 urte zituen, eta bizitza erdia baino gehiago pasatu zuen Gurutzetako erietxean lanean, 36 urte hain zuzen. Iturgina izaki, ospitaleko azpiegituren mantentze lanez arduratzen zen. CCOOren esanetan, minbizia eragiten duen zuntzari buruzko inolako informaziorik inork ez zion eman lanean aritu zen urteetan. Iaz, pleurako isuri bat eta mesotelioma mistoa diagnostikatu zizkioten. Orduan, erietxean amiantoa zegoela baieztatzeko eskatu zion CCOOk Osalani. Laneko osasunerako eta segurtasunerako euskal erakundeak ikerketa hasi zuen. Eta ondorengo txostenak sindikatuaren usteak egiaztatu zituen, amiantoa dagoela Gurutzetako erietxean. Langilearen patologiak amiantoarekin harremana zuela ere ondorioztatu zuen Osalanek.
Osakidetzak ez zuen abisatu
CCOOren arabera, kasu horretan, «amiantoak eragindako beste langileen kasuetan bezala», Osakidetzak ez zuen jakinarazi langileak zuena gaixotasun profesionala izan zitekeela. Gisa horretan, sindikatuak uste du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzako zuzendariak eta Osalanek 2007an sinatutako akordioak jasotzen duen lehen agindua hautsi zuela. «Enpresak ere -kasu horretan osasun zentro publiko bat- ez zuen inolako neurririk hartu langilearen azkenburuko eritasuna garatzea eragozteko». CCOOk sindikatu barruko kideek egin duten lana gogorarazi du, haien lekukotzari eta eginahalari esker egiaztatu ahal izan delako, hain zuzen, Gurutzetako erietxean amiantoa dagoela.
Azken egunotan amiantoaren eraginez hil den bigarren langileak 60 urte zituen, eta Sestaoko Nervaceron lan egindakoa zen. 1973an hasi zen altzairugintza sektoreko enpresa horretan lanean, eta 2006an utzi zion beharrari, eritasun profesionalagatik erabateko ezintasuna aitortu ziotelako. Garabiko peoi espezialista zen langilea, eta labeak dauden pabiloiko laguntza operazioetan parte hartzea zen haren lana. Labeen sabai edo bobedak aldatzen, estaldurak egiten, eraispen lanetan egiten, konponketak egiten, materialak leku batetik bestera garraiatzen eta antzerakoak egiten aritzen zen. 2005ean diagostikatu zioten heriotzara eraman duen gaixotasuna.
CCOOren hitzetan, «bi langileek agonia iraunkor eta bukaerarik gabekoa jasan behar izan dute». Sindikatuak salatu du bai enpresek eta bai lan istripuez eta eritasun profesionalez arduratzen diren mutualitateek langileen kontrako prozedura judizialak «behin eta berriz» abiatu dituztela.
Langileek horrelakorik jasan beharrik izan ez dezaten, CCOOk lanean jarraituko duela adierazi du. «Orain arte bezala, bakarrik eta erreferente gisa, segituko dugu lanean, gaixotasun profesional bakoitza banan bana aitor dezaten».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
