Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:14

EKONOMIA;2010-04-30;Kutxaren kontrolari eutsiko diote EAJk, EAk eta Hamaikabatek. Administrazio Kontseiluko eta batzar nagusiko ordezkarien erdiak berrituko dituzte gaur

Kutxaren kontrolari eutsiko diote EAJk, EAk eta Hamaikabatek

Administrazio Kontseiluko eta batzar nagusiko ordezkarien erdiak berrituko dituzte gaur

Jakes Goikoetxea.

Donostia

EAJk, EAk eta Hamaikabatek Kutxaren batzar nagusiko gehiengoa galduko dute, baina Kutxaren aginte organo nagusiaren, Administrazio Kontseiluaren, kontrolari eutsiko diote.

Kutxak batzarkideen erdiak, 50, eta Administrazio Kontseiluko 17 kideetatik zortzi berrituko ditu gaur, 18:30ean egingo duen batzar nagusian. EAJk, EAk eta Hamaikabatek 50 batzarkide zituzten -EAJ eta EA elkartuta orduan-, eta 40 izango dituzte aurrerantzean. Ezustekorik gertatzen ez bada, Administrazio Kontseiluan duten gehiengoari eutsiko diote, eta beraiek aurkeztutako zortzi kontseilariak sartuko dira Administrazio Kontseiluan.

Aralarren bi batzarkideek berekin bat egingo dute, Administrazio Kontseiluan ordezkari bat izatearen truke. EBko biek hala egitea espero da, beste kontseilari baten truke, atzo azken orduan EBk akordiorik lortu duela ukatu zuen arren.

44 ordezkariren babesa, beraz. EAJren, EAren eta H1!en hautagaitza ez onartzeko ezusteko handi bat gertatu beharko luke: ezinbestekoa litzateke, hasteko, PSE-EEk eta ezker abertzaleak bat egitea, eta, gero, beste eragile batzuen babesa ere lortzea. Aldiz, CCOOren hamar ordezkariak abstenitzea nahikoa da EAJren, EAren eta H1!en hautagaitza onartua izateko. Dena den, BBKrekin bat egiteko batzarrean gertatu zena ikusita, ezin da ezustekorik baztertu gaur.

Oposizioaren gehiengoak bat egiteko aukera zaila da, baina logikoagoa izan daiteke aurrerago, urrian, Kutxaren batzar nagusian kudeaketari eta etorkizuneko lan ildoei buruzko gaiak bozkatzen direnean. Horregatik, EAJk, EAk eta H1!ek gainerako eragileen babesa lortu beharko dute beren proposamenak onar daitezen.

Aralar, estreinakoz

Sorpresarik ezean, beraz, Aralarrek ordezkari bat izango dut Administrazio Kontseilu berrian. Ordezkari horrek Kutxaren barruan eragiteko aukera eskainiko diela esan zuten atzo Oxel Erostarbe Gipuzkoako Aralarreko koordinatzaileak eta Ainhoa Beola Aralarren Donostiako zinegotziak. Beola izango da, hain zuzen, Aralarren estreinako ordezkaria Administrazio Kontseiluan.

Negoziazioetan beren presentzia bermatzea izan da Aralarren helburua eta lehentasuna. Gaur Administrazio Kontseiluan ordezkari bat izango dutela baieztatuz gero, alderdiak sei helburu nagusi bultzatuko ditu: langileen lan baldintzak egonkortzea eta berdintzea; Kutxaren ereduari buruzko eztabaida bultzatzea; izaera soziala areagotzea (irabazien erdia gizarte ekintzara bideratuz, besteak beste); barne demokrazia handitzea; kudeaketa gardena ziurtatzea; eta inbertsioak tokiko produkzio sare txikiak eta ertainak bultzatzeko izatea.

Erostarberen eta Beolaren arabera, kontseilaria lortzearen ordaina ez da izango beren jarrera eta botoak jada lotuta geratzea. «Eskuak libre ditugu», esan zuten.



 


Kutxa



ADMINISTRAZIO KONTSEILUA

EAJren, Hamaikabaten, EAren, Aralarren eta EBren hautagaitza onartuz gero, honela banatuta geratuko da Kutxaren Administrazio Kontseilua: EAJ (7), H1! (5), PSE-EE (1), Aralar (1), EA (1), EB (1) eta CCOO (1).

BATZAR NAGUSIA

EAJ: 24 kontseilari. (*)

PSE-EE: 18 (=).

Banatuz: 12 (+4).

CCOO: 10 (-1).

H1!: 13. (*)

EAE-ANV: 8 (+5).

EA: 3. (*)

Alternatiba: 3. (**)

Aralar: 2 (+1).

EB: 2 (-2).

Pixkanaka Kaskari: 2 (+2).

ELA: 1 (=).

LAB: 1 (=).

PP: 1 (-2).



(*) EAJk eta EAk, elkartuta, 50 zituzten.

(**) EBk lau zituen.





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia