Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:13

EKONOMIA;2010-03-23;Embraerren hurrengo proiektuan sartzen saiatuko da Aernnova. Brasilgo aeronautika enpresa prestatzen ari den hegazkin militar baten garapenean parte hartzea posible ikusten dute CIE Automotivek Taubaten duen lantokia zabaltzeko ekitaldian izan da lehendakaria

Embraerren hurrengo proiektuan sartzen saiatuko da Aernnova

Brasilgo aeronautika enpresa prestatzen ari den hegazkin militar baten garapenean parte hartzea posible ikusten dute

CIE Automotivek Taubaten duen lantokia zabaltzeko ekitaldian izan da lehendakaria

Ivan Santamaria.

Taubate

Berriemaile berezia

Euskal aeronautika enpresek Embraer hegazkin ekoizle brasildarrarekin dituzten harremanak sendotzeko aukera egon liteke datozen urteetan. Embraer erabilera militarrerako prestatzen ari den airekoan -KC-390 izenekoa- parte hartzen saiatuko dela aurreratu du Aernnovak, Gamesa Aeronautica ohiak.

Gaur egun, E-145 eta E 170/190 hegazkin zibilentzako atalak ekoizten ditu Aernnovak, Araban batez ere. Krisiak eta E-145 ereduaren agorpenak lan zama murriztea eragin dute azken urteetan. Iñaki Lopez Gandasegi konpainiako presidenteak azaldu du aireko militar berriak E-170/190 «oinarria» erabiliko duela eta, ondorioz, posible litzatekeela egun Araban ekoizten diren atalak moldatzea -atzealdeko fuselajea eta egonkorgailuak- eta proiektu berrirako erabiltzea.

Iragarpenak ez du laburrera begira ondoriorik izango. Izan ere, KC-390 ereduaren serieko ekoizpena 2015. urtera arte ez baita hasiko, gutxienez. Gaur egun, merkatua noiz suspertu zain daudela onartu zuen Lopez Gandasegik, eta ez du espero aurki kontratu berririk martxan jarri ahal izatea. Aernnova, SK10 eta beste euskal enpresa batzuentzat lehentasunezko bazkidea da Embraer aspalditik. Aernnovari dagokionez, 2008an fakturazioaren %40 baino gehiago Brasilgo enpresarentzat eginiko lanari zor zitzaion, 200 milioi euro baino gehiago.

Adierazpenak Embraerren lantoki nagusian egin zituen Aernnovako presidente eta Confebask patronaleko presidenteordeak. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez buru duen ordezkaritzaren parte da egunotan Lopez Gandasegi, eta atzo Embraerren lantoki nagusian egon ziren, San Jose dos Camposen (Sao Paulo, Brasil).

Aernnova ez da bakarra Brasilgo enpresarekin negozioak egiteko interesa duena. Bisitan Sener eta Mondragon taldeko ordezkariak egon ziren. Bernabe Unda Industria sailburua eta klusterretako kideak egon ziren han, halaber.

Lehendakariari harrera egiten eta lantegia erakusten Artur Coutinho konpainiako presidenteordea aritu zen. Munduko hegazkin ekoizle handienetan hirugarrena da Embraer, soilik AEBetako Boeing eta Europako Airbusen atzetik. Mundu guztian 17.000 langile ditu, horietatik 10.700 San Jose dos Camposeko lantokian ari dira. Iaz, 244 hegazkin entregatu zituen, eta aireko ertain eta txikien merkatuan liderra da.

CIEren zabaltzea

Lopez Brasilera egiten ari den bidaiaren lehen eguneko bigarren protagonista CIE Automotive izan zen. Zornotzako enpresak Taubaten duen lantegia zabaldu berri du, Sao Paulotik 150 kilometrora, eta instalazio berriak inauguratu zituen lehendakariak arratsaldean.

Brasilen aspaldi lanean dabilen egituraren azken alea da. 1960ko hamarkadan Autometal sortu zuen Euskal Herritik joandako Amable Martinez-Condek. Orain dela sei urte CIE Automotive taldean sartu zen konpainia. Taubateko lantegia 1998. urtean jarri zuten martxan.

«Euskadik gaur egun munduan duen jarreraren erakusle da lantegia», adierazi zuen Patxi Lopezek inaugurazio ekitaldian, eta euskal enpresen «sendotasuna» txalotu zuen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia