Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:03

EKONOMIA;2008-11-25;ĞUrte zail hauetan euskal ekonomia sostengatzeko bat egiten duguğ. Hiru egun falta dira BBK-k eta Kutxak bat egiten ote duten erabakitzeko. Erabakia airean dagoen arren, konfiantzaz beteta dago Iturbe, proiektua ezinbestekotzat jotzen duelako . XABIER ITURBE . Kutxako presidentea

Xabier Iturbe - Kutxako presidentea

Hiru egun falta dira BBK-k eta Kutxak bat egiten ote duten erabakitzeko. Erabakia airean dagoen arren, konfiantzaz beteta dago Iturbe, proiektua ezinbestekotzat jotzen duelako

«Urte zail hauetan euskal ekonomia sostengatzeko bat egiten dugu»

Iker Aranburu

Donostia

Ostirala egun erabakigarria da Euskal Herriko finantza munduarentzat. Egun horretan, BBK-ko eta Gipuzkoa Donostia Kutxako batzarrek erabakiko dute bi erakundeek bat egiten ote duten. BBKn gehiengoa ziurtatuta dauka fusioak, baina ez, ordea, Kutxan. Boto bakar batengatik proi-ektua kolokan egon arren, baikor agertu da Xabier Iturbe Kutxako presidentea (Pasaia, 1963).

Urduri?

Ez, lasai nago. Konfiantza osoarekin.

Eta konfiantza hori zertan oinarritzen da. Kanpotik begiratuta kontuak ez dira ateratzen.

Barrutik begiratuta, jende gehiena alde ikusten dut. Proiektua beharrezkoa dela ulertzen du eta badaki bat ez egiteak kalte handia egingo liekeela Gipuzkoari eta Euskal Herriari. Horrek eman dit konfiantza.

Aipatu izan duzu Kutxako batzarretan ez direla beti batzarkide guztiak joaten eta boto diziplinarik ez dagoela. Baina halako bozketa batean berdin gertatuko dela uste al duzu?

Jendea etorriko da; eta espero dut botoa emateko orduan ardurarekin jokatuko dutela eta baiezkoa emango dutela.

Irtengo ez balitz?

Lehengo lekuan egongo ginateke: bakarrik eta okerrago krisi handi baten aurrean.

Kasu horretan, bat-egitea zein sakonerako kaxoian sartuko zenuke?

2009an fusioak datoz denontzako. Grabitatearen legeak funtzionatzen du honetan. Eta grabitatearen legeak bat egitera garamatza, eta horren aurka ezin da egin. Mugimendu honekin beste bat-egiteei aurreratu egin gara. Ikusi genuen zer zetorren, eta aurreikusi genuena gertatzen ari da.

Noiz arte itxarongo diozue Vital Kutxari?

Beti itxarongo diogu. Proiektuaren zati bat da. Erabakitzen dutenean sartuko dira, eta ziur gaude oso azkar izango dela.

Urte erdi, urtebete...

2009an bertan. Gauza asko mugituko dira ekonomian, baita finantza munduan ere. Horietako bat izango dira bat-egiteak.

Orduan alferrik da galdetzea Araban sartzeko asmoa ote duzuen.

Arabara joango gara, noski, baina Vitalekin.

Hala ez bada, ez al dizue Lehiaren Auzitegiarekin arazorik sortuko?

Vital sartzen ez bada, azkenean gu hara joango gara, baina ez da lehentasuna. Egon bagaude. Guk bulego bat badaukagu Gasteizen, BBK-k bi edo hiru.

Nafarroan?

Nafarroan ere bagaude. Guk hamar bulego ditugu, eta gehiago irekitzen ari gara. Azkenekoa Tuteran. BBK-k beste hamar dituenez, bat-egitearekin indar gehiago izango dugu. Nafarroa gure lurralde naturala da.

Baztertuta dago Nafarroako Kutxarekin bat egitea?

Oso zaila da, arazo politikoengatik. Ez guregatik. Oso harreman ona daukagu CANekin, baina politika sartzen denean... Baina Nafarroan ere grabitatearen legeak funtzionatzen du.

Hortik kanpo zer asmo duzue?

Iparraldean, BBK-k Arca bankua du, munduko bankurik txikiena. Eta guk Kutxa Banque. Guk bost bulego, beraiek bakarra: berak fitxa bankarioa dute, guk ez. Elkartzen garenean ikusi beharko dugu zein itxura ematen diogun edo hor jarraitzeak zentzu ekonomikoa duen. Eta hortik kanpo epe motzera, ez, baina luzera, bai. Mundua zabalik dago, eta nahikoa indar izango genuke joateko.

Zertarako bat-egitea. Osasun ona daukazuela diozue. Ezin al duzue bakoitza zuen aldetik iraun?

Iraun noski iraun genezakeela, baina kutxa baten helburua ez da irautea. Helburua da bezeroei eta gizarteari zerbitzuak ematea eta haien beharrak asetzea. Eta guk uste dugu hori hobeto beteko dugula kutxa indartsu batekin. Fusioak beste tamaina bat ematen digu balio propioen ikuspuntutik, likideziaren ikuspuntutik. Hori oso garrantzitsua da datorren krisiaren aurrean. Krisia uste dena baino sakonagoa da, eta behar handiak izango dira, batez ere enpresa munduan. Eta hor laguntzeko daukagun aukera gure baliabideen araberakoa da; baliabide are eta handiagoak, laguntzeko aukera handiagoak. Horretarako bat egiten dugu: Euskal Herriko ekonomiaren sostengua izateko urte zail hauetan.

Horrek zer esan nahi du orain mugak dituzuela enpresei laguntzeko?

Maileguak emateko aukera kapitalaren araberakoa da. Gure kapitala bikoiztu edo hirukoizten badugu, bezeroei maileguak emateko ahalmena bikoiztu edo hirukoiztu egingo da automatikoki.

Hitz potoloak erabiltzen dituzue bat-egitea justifikatzeko: kaudimena, likidezia, baliabide propioak. Hitz horiek ulertzen ez dituen herritar arruntari ezer onik ekartzen al dio bat-egiteak?

Bi bezero mota bereizi behar dira: partikularrak eta enpresak. Partikularretan garrantzitsuena da ematen diogun bermea, lasaitasuna. Erakunde indartsu eta sendo batean dagoela, eta hori gaur egun garrantzitsua da. Hortik aurrera kutxa automatiko gehiago izango ditugu, bi kutxen arteko operazioak doan izango dira eta gure produktu propioak eraikitzeko ahalmen handiagoa izango dugu. Enpresetan, berriz, arrisku mugak bikoiztu edo hirukoiztu egingo dira. Orain ehun arte ematerik badaukagu, aurrerantzean 200 edo 300. Gizarte ekintzaren baliabideak ere gehitu egingo dira -Gipuzkoan %20 gehiago- eta, gainera, erabiltzaileek aukera izango dute Gipuzkoako edo Bizkaiko zerbitzuak erabiltzeko.

Gizarte Ekintza irabazien %30 izatea hitzartu duzue, baina batzuek %50era ere iristea eskatu dute. Errealista da ala gehiegi eskatzea?

Datozen urteei begira ez da batere zuhurra. %30 asko da, Espainiako kutxeetako mailarik handiena. 140 milioi euro inguru dira urtean. Baina batzarrak erabakitzen badu hori igotzea datorren urtean, bete egin beharko dugu.

CCOOrekin eta Pixkanakarekin ados jarri zarete, baina ELA eta LAB aurka dituzue. Ez al da hasiera txarra?

Bai. Pena da. Saiatu gara, baina ez da izan posible. Ez da gatazka sindikala, estrategikoa baizik. Beste kutxak lekua irabazten ari ziren hemen, eta Kutxak erabaki zuen hobeto defendatzen zela Gipuzkoako negozioa kanpora irtenda. ELAren eta LABen proiektu estrategikoa izan da Euskal Herrian geratzea, eta beraiek nahi dutena da estrategia horretara egokitzea. Baina gure aukera bestea da. Eta Langileen Estatutuak garbi esaten du esparrua zein den. Hori alda daiteke sindikatuak ados jartzen badira, baina bestela guk ezin dugu ezer egin, legearen aurka jotzea izango litzatekeelako.

Bat-egiteak bulegoak ixtera behartuko al zaituzte?

Itxi ez dugu itxi beharko. Espainian 400 bulego edukitzea ez da asko. Hori bai, hiri batzuetan kalez aldatu beharko dugu bulego bat edo beste. Arazoa zerbitzu zentraletan daukagu, baina hor ere gutxi. Bien artean 6.000 langile gara, baina zerbitzu zentraletako 900ei soilik eragiten die bat-egiteak. Horietatik sobratuko dira 200 edo. Sindikatuekin ados jarri gara eta erretiro aurreratuarekin konponduko dugu, gatazkarik gabe. Alderantziz, negoziazioa izan da ez genituela gehiago erretiratu nahi.

Bat-egitearekin Gipuzkoa baztertuta geratuko dela argudiatu du lurralde horretako PSE-EEk. Zer diozu?

Ez. Justu kontrakoa gertatuko da. Bi egoitza izango ditugu [finantza adarrarena Bilbon eta Gizarte Ekintzarena Donostian], eta BBK-k %60 pisua izango du eta guk %40koa. Hori ez da irenste bat. Erabaki garrantzizkoenek bi hereneko gehiengoa behar dute, eta, gainera, prozesuan erabaki guztiak adostasunez hartzen ari gara. Kutxa berriaren etekinei buruz, gizarte ekintza eta zergak, 60-40 doaz eta horrela jarraituko du betiko, bi hereneko gehiengoa behar izango delako estatutuak aldatzeko. Gure ustez, inoiz baino gehiago bermatzen dira Kutxaren eta Gipuzkoaren interesak. Ez ditugu departamenduak hara eramango edo hona ekarriko. Kasu batzuetan burua hemen, eta beste batzuetan han. Euskal hiria bezala funtzionatu behar dugu; ez dugu probintzialkeriaren eredu izan nahi. Euskal proiektu bat aurrera atera nahi dugu, gipuzkoar eta bizkaitar sentipenaren gainetik.

 

«Erresaka dator, eta ziur asko 2011. urtera arte iraungo du»

I.A.

Donostia



Azken hamalau urteotako «gehiegikeriak» pagatzeko garaia dela uste du Xabier Iturbek, finantza munduan zein ekonomia errealean.

Krisiak enpresen finantzaketa beharrak handituko zituen.

Bai. Orain salmentak jaisten ari zaizkie eta stock-ak handitzen. Kobratzeko ere zailtasunak dituzte, eta krisia pasatzeko diru kopuru bat behar dute. Hor rol bat jokatzeko asmoa dugu, enpresa on eta sendoak laguntzeko, krisia bukatzen denean indar gehiagorekin atera daitezen.

Merkatu kuota irabazteko asmoa al daukazue krisi honetan?

Azken finean, krisia galbahea da, eta galtzaileen lekua hartzen dute irabazleek. Guk irabazleak izan nahi dugu. Dagoeneko gertatzen ari da. Banku batzuk beraien finantzaketa iturriak ixten ari dira, eta enpresa batzuk guregana datoz. Horregatik sinatu genuen bakoitza bere patronalekin kreditu linea bat, eta orain gobernuarekin eta Elkargirekin beste bat, sektorea laguntzeko.

Uste zabaldua da inork ez duela uzten dirurik. Zuek ematen ari zarete?

Asko jaisten ari dira, baina batez ere ez dutelako eskatzen, ez dagoelako etxe salmentarik. Egia da gure arrisku irizpideak estutu ditugula. Baina nik uste dut bueltatu direla beti izan behar luketen mugetara, ekonomikoki zentzua dutenetara. %80 finantzatzen du-gu, eta soldataren erdia bakarrik ematen dugu. Normala hori da, eta ez etxe bat erostea ezer eduki gabe. Azken urte hauetan gehiegikeriak egin dituzte bankuek maileguekin.

Kutxek ere parte hartu dute gehiegikeria horretan?

Sistema osoak. Kredituak urtetik urtera %30 handitu dira, eta ekonomia %3. Gu %20 hazi gara, baina gehiegikeriak egin ditugu. Baita etxe erosleek ere, saltzaileek, kontsumitzaileek... Guzti-guztiak eraman gaitu likideziaren olatuak. Baina orain erresaka dator, eta erresaka indar gehiagorekin etortzen da beti. Hori dator 2009rako.

Eta 2010erako?

Hor ere bai.

Eta 2011rako?

Hori ez dakit, baina ziur asko bai. Erresaka olatuaren araberakoa izaten da. 14 urteko olatua izan dugu, eta erresaka luzea izango da. Baina hau ez da fenomeno atmosferikoa. Gauzak ongi egiten baditugu gutxiago iraungo du.

Finantza krisia arindu al da?

Arazoa hor dago oraindik. Espainiako kutxetan maileguak 100 badira, gordailuak 70 . Eta tarte hori ez da bete. Bazirudien Santander munduko bankurik onena zela, baina orain ikusi da kapitala 7.500 milioitan handitu behar izan duela. Hori asko da. Horrek esan nahi du ziur asko besteek ere beharra daukatela. Den-dena pil-pilean dago. Begiraiozu burtsari: bankuen balioak erdira jaitsi dira. Horrek zerbait esan nahi du.

Espainiako Altxorraren likidezia enkantean parte hartu duzue, eta izena eman duzuen bakarrenetakoak zarete.

Gu ongi gaudenez ez daukagu konplexurik. Diru merkea eskaini digute eta hartu egin dugu.

Zer ondorio izango du finantza krisiak aurrezki kutxetan?

Bulego asko daude. Europan, batez beste, bulego bakoitzeko 2.500 lagun daude. Hemen eta Espainian 1.000. Asko ez dira errentagarriak, eta inork esaten ez duen arren, hasi dira ixten. Gipuzkoan ez, baina kanpoko gure bulegoetako askok ez dute dirurik ematen, baina marka berriarekin eta indar berriarekin kuota irabazi nahi dugu eta errentagarri bilakatu. Bat-egitearekin zentraletan 50 milioi aurreztuko dugunez, gehiago itxaron dezakegu.

Zer eragingo luke aurrezki kutxen legea aldatzeak?

Legea aldatu nahi dute Espainiako Bankuak ikusi duelako aurrezki kutxek bat egin behar dutela kapital eskasiaren arazoari aurre egiteko. Konponbide bakarra da arazoa duena kapitala sobera duenarekin elkartzea, beste erkidego batean egon arren. Guk kapitala sobera daukagu. Agian ez bat egiteko -euskaldunak gara eta politikoki arazoak sortzen ditu Espainian-, baina bai salgai egon daitezkeen bulegoak edo parte-hartze industrialak hartzeko.

Inork porrot egingo al du?

Ez. Sektorea solidarioa da -edo korporatibista-, eta batek arazoak dituenean besteak jaten du edo elkartzen dira. Duela 15 edo 20 urte gertatu zen bankuetan, eta ez zen erori inor. Lehen zazpi handi zeuden eta bi geratu dira; 17 txiki eta lau geratu dira. Inor erortzea sistemarentzat txarra da. Negozioaren oinarria konfiantza da. Hori galtzen bada dena kanpora.

Azken hilabeteak ez dira oso onak izan sisteman konfiantza izateko...

Ez. Une bat izan zen konfiantza galdu zela, eta, horregatik, atera da Estatua sistema babestera. Horrekin konfiantza itzuli da, jendea ez baita bulegora joaten dirua ateratzera. Oraingoz bankuek beraien arazoa konpondu dute, baina horrek ez du esan nahi bankuek gaitasuna daukatenik ekonomia errealari laguntzeko. Baina oraindik ez da ikusten. Krisia oso azkar etorri da, eta bi edo hiru hilabete edozeinek aguantatzen ditu. Baina urtebete irauten badu, orduan etorriko dira komeriak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia