Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:03

EKONOMIA;2008-11-19;Hamar industria proiekturi 31 milioi euroko laguntza emango die Jaurlaritzak. Praxis botika enpresa, eraikuntzako Habidite, ULMA edo Ibermatica daude laguntza eskuratuko dutenen artean 2011. urterako egitasmoei esker 2.500 lanpostu sortuko direla aurreikusi dute

Hamar industria proiekturi 31 milioi euroko laguntza emango die Jaurlaritzak

Praxis botika enpresa, eraikuntzako Habidite, ULMA edo Ibermatica daude laguntza eskuratuko dutenen artean

2011. urterako egitasmoei esker 2.500 lanpostu sortuko direla aurreikusi dute

Ivan Santamaria

Gasteiz

Dirua krisian dago. Ideiak, antza, ez. Eusko Jaurlaritzak -hiru foru aldundien oniritziarekin - hamar industria egitasmori 31 milioi euro ematea onartu zuen atzo. Dirua proiektu estrategikoei laguntzeko programatik aterako da. Ekimena martxan egon den lau urteetan diru gehien banatuko den aldia da, eta sekula baino eskaera gehiago bildu ditu gobernuak aurten, gainera.

Krisi ekonomikoa ikusirik, gizarteari lasaitasun itxura emateko komunikazio politikarekin aurrera jarraitzen du Jaurlaritzak. Astelehenean, Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeak Eustaten hiruhileko kontu ekonomikoak aztertzeko ezohiko agerraldia egin zuen. Atzo, berriz, Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseiluaren bilera baliatu zuen Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak berak laguntzen edukiari buruz azalpenak emateko, beste urte batzuetan prentsa ohar soil baten bidez zabaldu izan den informazioa.

Izan ere, ahulaldi ekonomikoari buelta emateko esku-hartzea ezinbestekoa dela defendatu du behin eta berriro gobernuak, eta Ibarretxek ideia horri heldu nahi izan zion atzo berriro, laguntzen aurkezpenean. «Proiektuak edo inbertsioak atzeratzen ez dituztenak izango dira etorkizunean merkatuetako liderrak».

Laguntzak jasoko dituzten hamar konpainiek, guztira, ia 650 milioi euroko inbertsioak agindu dituzte. Guztien artean, gainera, 2.500 lanpostu sortzea aurreikusi dute 2011. urterako. Inbertsio eta enplegu kopuru esanguratsuak izatea ezinbesteko baldintza dira proiektu estrategiko izendatzeko. Hain zuzen ere, gutxienez 50 milioiko inbertsioa egin behar da, edo, 18 milioi eurokoa, 70 lanpostu ziurtatzen badira.

Sei enpresa energiaren sektorearekin zerikusia duten lanetan ari dira. Haatik, laguntzarik handiena Bizkaiko Habidite proiektuak eramango du, etxebizitza modularrak egiteko. Asko hitz egin da Afer taldeko ekimenaren inguruan. Jaurlaritzak emandako dokumentazioaren arabera, 90 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta 759 lanpostu sortuko. Kopuru hori 1.600 enplegu izatera iritsiko dela ziurtatu du Habiditeko presidenteak, Jabyer Fernandezek. Orotara, sei milioi euroko laguntza jasoko du Jaurlaritzaren kutxatik.

Botika enpresa berria

Otsailean iragarri zuen Praxis botika taldeak Arabako Teknologia parkean, Miñaon, lantokia eraikitzeko asmoa. Orain, proiektu horrek beste bultzada bat jaso du atzo onartu zitzaion 3,9 milioi euroko diru laguntzarekin. Gamesako sortzaileetako batek, Joseba Grajalesek, gidatzen du enpresa. Araban, hain zuzen ere, medikuntza arloan I+G egiteko laborategia eta botikak ekoizteko lantegia martxan jarriko ditu. Deialdian aurkeztu duen planak 42 milioi euroko inbertsioa du.

Dagoeneko ibilbide luzeagoa duten hainbat enpresari ere lan ildo edo lantoki berriak martxan jartzeko laguntzak emango zaizkie. Horixe da Gipuzkoako ULMA kooperatibaren, Ingeteam energia taldearen, eta Ibermatica enpresaren kasua.

Deialditik at geratu da, oraingoz, Arabako Forondako aireportuaren parean bi milioi metro koadroko industria parke logistikoa sortzeko ekimena, baina aurrerago laguntzak jasotzea posible da.

Aurten programaren azken urtea da orain arte egituratu den modura, Bruselak enpresei diru laguntza zuzenak eman ahal izateko ezarri dituen mugen ondorioz. Lau urtetan, guztira, 75 milioi euroko laguntzak eman ditu Jaurlaritzak, eta 21 enpresak baliatu dituzte.

 

Laguntzak jasoko dituzten enpresak



Praxis Pharmaceutical. Botika eta bioteknologia konpainiak Araban lantokia jarriko du. Inbertsioa: 42 milioi euro. Lanpostuak: 78. Laguntza: 3,93 milioi.

ULMA C y E. Eraikuntzan eta birziklatzean ildo berriak irekiko ditu, baita packaging atalean ere. Inbertsioa: 97,2 milioi euro. Lanpostuak: 225. Laguntza: 2,96 milioi.

Ingeteam. Energia sortzeko ekipoak, argindarra banatzeko sistemak, edo makineria hidraulikoa ikertzeko azpiegitura berriak jarriko ditu. Inbertsioa: 80,36 milioi euro. Lanpostuak: 348. Laguntza: 5,64 milioi.

Habidite. Etxebizitza moduloka eraikitzeko lantokia, Bizkaian. Inbertsioa: 90,42 milioi euro. Lanpostuak: 759. Laguntza: 6,01 milioi.

Ibermatica. Azpiegitura berria Bizkaiko Teknologia Parkean eta jarduera berriak Gipuzkoan. Inbertsioa: 144,74 milioi euro. Lanpostuak: 702. Laguntza: 2,98 milioi.

Alkargo. Transformadore elektrikoak garatzeko lantegia, Bizkaian. Inbertsioa: 21,79 milioi euro. Lanpostuak: 75. Laguntza: 1,3 milioi.

Lasercell. Eguzki energia ikertzen du. Inbertsioa: 28,88 milioi euro. Lanpostuak: 87. Laguntza: 1,91 milioi.

Etxetar. Bereziki, energia eolikoan tamaina handiko osagaiak lantzen ditu. Inbertsioa: 26,04 milioi euro. Lanpostuak: 77. Laguntza: 1,81 milioi.

Xubi Inversiones. Errendimendu handiko tresneria, energia eolikoaren sektorera begira. Inbertsioa: 33,45 milioi euro. Lanpostuak: 86. Laguntza: 2,34 milioi.

Widewall Investments. I+G inbertsioak, energia sorrera eta banaketan. Inbertsioa: 83,5 milioi euro. Lanpostuak: 84. Laguntza: 2,59 milioi.



 

CAF taldearen ekimen batek jaso du ekarpen funtseko lehen dirua



Diru laguntza zuzenak alde batera utzita, joan den uztailetik Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek industria proiektu interesgarriei laguntzeko beste bitarteko bat dute, parte-hartze industrialerako ekarpen funtsaren bidez.

400 milioi euro dituen funts horren xedea da industria taldeen hazkundeari, kontzentrazioari eta internazionalizazioari laguntzea, enpresen kapitalaren parte bat erosita. Atzo, lehenbiziko 40 milioi euroak CAF taldearen UNROC proiektura bideratuko direla jakinarazi zuten. 1929tik tren-errodajeak egiten ditu UNROCek. CAFen inbertsio planaren helburua enpresa modernizatzea eta 2011. urterako produkzioa bikoiztea da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia