Berria.info

Asteazkena, 2013ko maiatzak 22 - 03:17

2012-09-02

Hitz beste

'Rien'

Anjel Lertxundi

Jendearen bizitza, gizartean eragina izango duen gertakari baten bezperan. Ramon Saizarbitoriak Argia aldizkariaren azkeneko alean: «Nire gaztetako galderetako bat da zer sentitzen ote zuen jendeak 1936ko uztailaren 17an. Gerra bezperan tranbia gidaria lanera joan al zen normal? Ez al zuen ezer nabari?». Irudi asko gordetzen ditut 68ko maiatzekoak, baina ez dut gogoan zertan nenbilen 68ko apirilaren azken egunetan. Berlingo harresia erori zenean, hain azkar, hain modu (nola esan?) zibilizatuan, analista zorrotzenek ere aitortu behar izan zuten harrituta gelditu zirela, ez zutelako halakorik kalkulatu ezta beren aurreikuspen optimistenetan ere.

Nolanahi ere, itsutasunik zerratuena Luis XVI errege frantsesarena. Eguneroko bat idazten omen zuen, egunak erresuman emandakoaren laburpenekin. Matxinoek La Bastille kartzela hartu zuten bezperan, erregeak Rien (ezer ez) idatzi omen zuen bere egunerokoan.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia