2012-08-17
Euskal presoak
Uribetxebarriari hirugarren gradua ezarri edo ez aztertuko dute gaur
Epaileak eskatuta, espetxeko osasun batzordearen txostenean oinarrituta erabakiko du Espetxe Zuzendaritzak
Presoaren egoerak bueltarik ez daukala ohartarazi du Donostiako Ospitaleak
Jokin Sagarzazu Donostia
Julen Arzuaga eta Laura Mintegi EH Bilduko kideak Donostiako ospitalean izan ziren atzo. / IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Josu Uribetxebarria baldintzapean aske uzteko prozedura martxan da. Arrasateko presoaren osasuna dela eta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzeko aukera aztertzeko eskatu dio Espainiako Espetxe Zuzendaritzari, eta horrek gaur arratsaldean emango du bere iritzia. Azken hitza, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak izango du, eta erabakia astelehenera arte atzeratu daiteke, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak jakinarazi duenez.
Donostiako Ospitalean presoari egin dizkioten osasun azterketen emaitzak aztertuko ditu lehenik Zaballako espetxeko osasun batzordeak, eta gaur goizean egingo du presoari hirugarren gradua ezartzeko aukerari buruzko proposamena. Arratsaldean, proposamen horren gainean, Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak erabaki bat hartuko du, eta txostena astelehenean jasoko du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, Espainiako Barne ministroak azaldu duenez.
Hirugarren graduak hainbat neurri jasotzen ditu espetxealdia arintzeko, eta baldintzapean aske uzteko lehen urratsa da. Uribetxebarriaren abokatuek abuztuaren 2an egin zuten presoa baldintzapean aske uzteko eskaera. Espainiako Zigor Kodearen 92.1 artikulua ezartzeko eskatu zioten Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari, presoak gaixotasun larri eta sendaezina duela argudiatuta. Horrekin batera, zigorra berehala eteteko eta baldintzarik gabe aske uzteko eskatu zioten zigorra ezarri zion epaimahaiari.
Hirugarren gradua ezartzeko aukera aztertzeko eskaera atzo goizean egin zuen Santiago Pedraz epaileak —Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailearen ordezkoa da Pedraz —. Uribetxebarriaren abokatuek aurkeztutako eskaerei erantzuteko kaleratutako probidentzia batean, Espetxe Araudiko 104.4. artikulua ezartzeko eskatu du epaileak, betiere baldintza guztiak betetzen badira. Artikulu horrek «kasu bereziak» aipatzen ditu, eta gaixotasun larri sendaezinak dituzten presoei hirugarren gradua ezartzeko modua ematen du, «arrazoi humanitarioak eta duintasunezkoak» tarteko. Halaber, epaileak «mediku txosten gaurkotuak» igortzeko eskatu dio Espetxe Zuzendaritzari, Auzitegi Nazionaleko auzi medikuek txosten bat egin dezaten.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, berriz, auzi medikuen txostena jasotzeko eskatu dio jada Auzitegi Nazionaleko epaileari. Uribetxebarriaren minbizia espetxeko osasun zerbitzuetan artatu daitekeen edo ez jakin nahi du Jesus Alonso fiskalak. Halaber, beste txosten bat eskatu dio Zaballako espetxeari, presoa jasotzen ari den tratamenduaren inguruan.
Atzo Donostiako Ospitaleak ohar baten bidez jakinarazi zuenenez, Uribetxebarriaren egoerak ez du bueltarik, eta azaldu du senideei eta Espetxe Zuzendaritzari presoaren egoeraren berri eman zaiela. Albiste agentzia baten arabera, Osakidetzako txostenak nabarmentzen du epe laburrean hiltzeko aukera handiak dituela Uribetxebarriak. Antzeko egoeran, gaixoen %10k soilik lortzen du urtebete baino gehiago bizirautea. Uribetxeberriak minbizia du 2005etik, eta metastasia diagnostikatu berri diote.
Uribetxebarriaren hitzak
Presoak aurrera daraman gose greba dela eta, zortzi kilo galdu dituela eta «oso ahul» dagoela jakinarazi du Herrira mugimenduak. Hala ere, egonkor jarraitzen du, ospitaleak kaleratu duen oharrean jasotzen denez. Uribetxebarriak bederatzigarren eguna du gaur gose greban. Iragan asteko astearte gauerdian hasi zuen baraualdia ospitaleko ziegan, jasaten ari den «muturreko egoera» eta hura zaintzen ari diren ertzainen jarrera salatzeko.
Espetxe Zuzendaritzaren erabakiaren zain, Uribetxebarriak «lasaitasuna» eskatu die hari babesa agertu dioten herritarrei. «Eskaera argi bat egin nahi diot jende guztiari: mesedez, ni hemendik era batetara edo bestera aterata, ez egin inolako zorakeriarik, inon ez», esan du presoak, haren abokatuen bitartez Herrira-k kaleratutako ohar batean. Uribetxebarria, halaber, baikor agertu da Euskal Herrian hasi den aro politiko berriarekin. «Azken hilabeteetan emandako pausoak oso ondo ikusten ditut, oso positiboak izan dira. Egoera politikoarekin eta prozesuarekin baikor nago; oso ondo goaz».
Bitartean, Uribetxebarriaren askatasunarena aldeko mobilizazioek aurrera jarraitzen dute, Euskal Herriko kaleetan eta Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetan. Etxerat-ek jakinarazitako azken zifren arabera, 541 euskal preso inguru borrokaldian dira 64 espetxetan. Preso gehienak gose greba mugagabean daude, eta gainerakoak bestelako borroka ekintza batzuk ari dira egiten.
ESANA. JOSU URIBETXEBARRIA. Euskal presoa
«Ni hemendik era batera edo bestera aterata, ez egin inolako zorakeriarik, inon ez»
«Berandu baino lehen» aske uzteko eskatu du anaiak
Josu Uribetxebarria «berandu baino lehen» aske uzteko eskatu du haren anaia Jabier Uribetxebarriak. Ohartarazi duenez, presoak gose grebari eutsiko dio libre uzten ez duten bitartean. «Bihar berandu izan daiteke aske uzteko, eta astelehenean are eta beranduago», esan du. Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak preso gaixoari hirugarren gradua aplikatu eta baldintzapean aske uzteko erabakia hartuko balu ere presoak ez lukeela baraualdia lagako adierazi du haren anaiak. Senidea aske uztea nahi du familiak, eta tramite horiek askoz ere azkarrago joango zirela espero zuten: «Leongo espetxean zegoela Josu hil egingo zela esan zigutenean, uste genuen askoz ere azkarrago utziko zutela aske, baina dagoeneko gehiegi ari gara itxaroten». Haren esanetan, duela urte asko behar zuen kalean bere anaiak, baina egoera honetan, hobe da lehenbailehen askatzea: «Astelehenean bada, asteartean baino hobeto». Senidearen egoera larriaz ohartarazi du, halaber: «Josu gero eta ahulago dago, eta ez dakigu zer gerta dakiokeen».
Ezker Anitzarekin bildu dira Etxerat-eko ordezkariak
Etxerat elkarteko kideak Ezker Anitza alderdiko Mikel Arana koordinatzailearekin bildu ziren atzo, Bilbon. Josu Uribetxebarriak duen egoeraren inguruan eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru presoen inguruan salaketa eta erantzun bateratu bat lortzeko asmoz Etxerat-ek eragile sozial eta politikoekin abiatutako elkarrizketa sortaren barruan egin zuten batzarra. Etxerat-ek alderdi politiko guztiei biltzeko eskaera egina die, eta orain arte EH Bilduko ordezkariekin eta Ezker Anitzakoekin baino ez da batzartu. EAJk, PSE-EEk, PPk eta UPDk ez diote biltzeko eskaintzari erantzun ere egin, atzo Mattin Troitiño Etxerat-eko eledunak azaldu zuenez.






