2012-08-11
Euskal presoak
Uribetxeberria aske uzteko eskatu du Garitanok ospitalean bisitatu ostean
Ehun lagunek, tartean PSko bi diputatuk, protesta egin dute Espainiako Gobernuak Baionan duen kontsuletxearen aurrean
Presoak hiru egun egin ditu gose greban, eta ospitaleak dio presoa egonkor dagoela
Jokin Sagarzazu Donostia
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Donostiako Ospitalaren atarian, Uribetxeberria presoa bisitatu ondoren. / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
- Hamahiru espetxetan egingo dituzte gose grebak, eta protestak ugaritu egin dira
- Arartekoarekin bildu dira Uribetxeberriaren senideak
- Ehundik gora eragilek babestu dute gaur Donostian egingo den martxa
- Elkartasunaren beroa ospitale hotzean
- Ines del Rio askatzeko eskatu du Herrira-k Tafallan
- Mozioa onartu dute Zizurkilen sakabanaketa salatzeko
Josu Uribetxeberria aske uzteko mobilizazioak eta haren egoerari irtenbide bat emateko bilerak ugaritu egin dira azken orduetan. Arrasateko presoak Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren bisita jaso du, Donostiako ospitaleko ziegan; Uribetxeberriaren egoerari buruzko informazioa emateko eta instituzioen konpromisoa lortzeko, Etxerat elkartea Garitanorekin eta EAEko ararteko Iñigo Lamarcarekin bildu da; eta Espainiako Gobernuak Baionan duen kontsuletxearen aurrean protesta egin dute ehun bat lagunek.
Gose grebari ekin zionetik hirugarren eguna zuen atzo Arrasateko presoak. Ospitaleak ohar batean jakinarazi duenez, egonkor dago euskal presoa, eta diagnostiko probak egingo dituela ziurtatu du Etxarat-ek. Espainiako espetxe Zuzendaritzak, berriz, ohar bidez adierazi du proba berrien zain geratuko dela, eta emaitza horiek kontuan hartuta aztertuko dituela «legediak aurreikusten dituen erabakiak». Hurrengo txosten medikoa astelehenean kaleratuko du Donostia Ospitaleak.
Senideekin bilduta
«Duintasunari eutsiz». Hala ikusi zuen atzo Garitanok Uribetxeberria. Ordu erdi inguru egon ziren bilduta, eta, horren ostean eginiko adierazpenetan, Garitanok esan zuen Uribetxeberria argalduta eta ahul ikusi duela, baina «duintasun osoz» egiten ari zaiola aurre gaixotasunari. «Gizatasun osoz erantzuten ari zaio. Medikuen esku dago, eta, guk bezala eta euskal gizartearen gehiengoak bezala, berak eskatzen duena da legedia ezar dadila eta Arrasatera aske itzultzea». Horrekin batera, Garitanok esan zuen Uribetxeberriak kezka agertu diola gaixotasun larriak dituzten gainerako hamahiru presoak direla eta.
Uribetxeberria bisitatu egingo zuela goizean jakinarazi zuen Garitanok, horretarako behar zituen tramite guztiak bete ostean. Goizean senideekin bilduta ere egon zen ahaldun nagusia; Uribetxeberriaren anaia Jabierrekin eta presoaren iloba Julen Aranbururekin, hain zuzen. Han izan ziren, halaber, Etxerat elkarteko Mattin Troitiño eta Nagore Lopez de Luzuriaga, Herrira-ko Beñat Zarrabeitia eta Iratxe Zeziaga Arrasateko zinegotzia. Haiekin guztiekin batera eta Larraitz Ugarte aldundiko bozeramailearekin agertu zen komunikabideen aurrera Garitano. Ahaldun nagusiak azaldu zuenez, familiakoei jakinarazi die Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri dela Uribetxeberriaren askatasuna lortzeko.
PPren ustez, «xantaia» da
Bestalde, Uribetxeberriak eta hainbat euskal presok hasitako gose grebak kritikatu zituzten atzo PPk eta PSE-EEk. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi zuen gose grebak ez duela eraginik izango gobernuaren erabakian. «Grebarekin edo greba gabe estatuak legea betetzen du. Oso oker daude gobernuan eragingo dutela uste badute». Leopoldo Barredak (PP), berriz, adierazi zuen «demokraziari egindako xantaia» direla grebak, eta Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE) erabaki «okerra» dela.
PS Frantziako Alderdi Sozialistako Sylviane Alaux eta Colette Capdeville parlamentariek, aldiz, ez dute iritzi bera. Espainiaren kontsuletxearen aurrean egindako elkarretaratzean hartu zuten parte atzo, Baionan. 100 pertsona inguru bildu ziren, eta BERRIAri eginiko adierazpenetan, Uribetxeberria jasaten ari den tratu «gizagabea» salatu zuten. Alaux gogor mintzatu zen Espainiako Gobernuaren jarreran aurka, eta konponbide prozesua oztopatzea leporatu zion. «Espainiak erakutsi amorruak eta burugogorkeriak ez dio ezer onik ekartzen bake prozesuari, bi aldeei dagokie hainbat urrats egitea konponketaren alde», adierazi zuen.
Lokarrik ere eskatu du Uribetxeberria berehala askatzeko, «giza duintasunagatik» eta legez hala dagokiolako. Komunikabideetara bidalitako oharrean, Lokarrik dio EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bozeramaileekin biltzeko asmoa duela.
Hamahiru espetxetan egingo dituzte gose grebak, eta protestak ugaritu egin dira
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, hasieran gose grebari ekin zioten lau espetxeetako presoei, beste bederatzi espetxetakoak batu zaizkie: Fresnes (gizonezkoak), Fleuryko hirugarren dibisioa eta Moulins (Frantzia), Castello II, Picassent eta Villena (Herrialde Katalanak), Kordoba, Granada, Algeciras, Herrera de la Mancha, Murtzia eta Navalcarnero (Espainia) espetxeetakoak, hain zuzen. Gose greba horiez gain, modu askotako protesta ekintzak hasi dituzte beste espetxe batzuetan. Besteak beste, itxialdiak, espetxeko janariari uko egiteak eta txandakako baraualdiak.
Iñigo Lamarca arartekoa. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Arartekoarekin bildu dira Uribetxeberriaren senideak
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin bildu ostean, Iñigo Lamarca EAEko arartekoarekin izan ziren atzo Josu Uribetxeberriaren anaia Javier Uribetxeberria eta haren iloba Julen Aranburu. Haiekin batera bileran izan ziren Iratxe Zeziaga Arrasateko zinegotzia eta Mattin Troitiño eta Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerat-eko kideak. Euskal presoen senideen eta lagunen elkartearen arabera, honako konpromiso hauek hartu ditu arartekoak: Uribetxeberria berehala aske utz dezaten, Zaballako espetxera, Madrilgo Arartekora eta Espainiako Auzitegi Nazionalera bere kezka helaraziko du. Uribetxeberria ospitalean dagoen bitartean, presoak eta haren senitartekoek tratu duina jaso dezaten eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. Presoari komunikatzeko eskubidea urratu diotenez, horri aurre egiteko beharrezko baliabideak jartzeko eskatuko du, eta komunikazio eskubidea bermatzeko. Uribetxeberriak bizi duen egoera larria dela eta, bere kezka eta jarreraren berri jakinaraziko du. Eta sakabanaketa politikari buruzko iritzia emango du.
Ehundik gora eragilek babestu dute gaur Donostian egingo den martxa
Saguestik abiatuko da, 17:30ean, 'Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira' lelopean
Erredakzioa Donostia
Josu Uribetxeberria eta gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru euskal presoak aske uzteko eskatuko du gaur Donostiako kaleetan. Herrira mugimenduak deitu du manifestazioa, Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira lelopean. 17:30ean abiatuko da martxa, Saguesen hasi eta Okendo plazaraino. Mobilizazioari atxikimendua eman diote hainbat alorretako ehundik gora eragilek. Ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta EH Bildu; LAB, ELA, EHNE eta Hiru sindikatuak, eta euskal gizarteko hainbat pertsona ezagun: Mikel Astarloza eta Mikel Aranburu kirolariak, Ramon Agirre eta Klara Badiola aktoreak eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, besteak beste.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean EH Bilduk eskatu du Uribetxeberria «berehala» askatzeko, «bere eskubidea duelako, legeak hala diolako eta euskal jendartearen gehiengoak eskatzen duelako». Era berean, indarrean den espetxe politika amaitzeko exijitu du eta manifestazioan parte hartzeko deia egin du. «Salbuespeneko egoera honen inguruan dei bat egiten diegu euskal herritar guztiei eta gainontzeko alderdi eta arduradun politikoei, kalera atera daitezen espetxe politika hiltzaile hau bertan behera utz dezaten eskatzeko», adierazi du EH Bilduk.
Auzitegiaren baimena
Gaurko manifestazioa debekatzeko eskatu zuten AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, UPD alderdi politikoak eta Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak, ekimen horretan «terrorismoa goretsiko» zela argudiatuta. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, baina, baimendu egin du martxa.
Atzo kaleratutako auto batean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak dio ez duela ikusten presoen aldeko martxa horrek ETA goraipatzeko helburua duenik. Adierazi du zilegi dela espetxe politiken inguruko aldarrikapenak egitea, eta autoan gogorarazi du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu berri duela Parot doktrina ezartzeagatik Ines del Rio euskal presoari.
Velasco epaileak, halaber, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ere baimendu egin duela manifestazioa, baina ibilbidea aldatuta, eta euskal presoen argazkiak erakustea debekatuta. Hori hala, Espainiako Auzitegi Nazionalaren autoak dio poliziak zelatan egongo direla manifestazioan zehar euskal presoen argazkirik erakuts ez dadin, inongo delitu zantzurik ez egoteko eta martxa normal egin dadin.
Uribetxeberriarekiko elkartasunez gose grebari ekin dioten lagunak, elastiko urdinez. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Elkartasunaren beroa ospitale hotzean
Donostiako Ospitalera begira dago egunotan euskal herritar ugari. Han, aldarri bat entzun daiteke: giza eskubideen errespetua. Duintasuna sumatzen da. Bost lagunek, gose grebari ekin diote, «Josu askatu arte».
Hodei Iruretagoiena Donostia
Azken egunotan, etengabea izan da jendearen joan-etorria Donostiako Ospitalean. Barruan dago Josu Uribetxeberria, azken fasean sartua duen minbiziarekin, erietxean preso. Eta asteazkenetik, gose greban. Kanpoan, hamalau aulki huts. Eta elkarretaratzeak, Uribetxeberriaren egoeraren berri emateko eskuorriak, bilerak, eta baraualdiak. Bost lagunek gose greba mugagabeari ekin diote: Fran Balda eta Jon Garai Herrira-ko kideek, Ander Alberdi minbizia duen Gotzone Lopez de Luzuriaga presoren senarrak, Joxerra Askasibar Arrasateko Udaleko zinegotziak, eta Rodolfo Cuesta preso ohiak. Herrira-ko kamiseta urdinak daramatzate soinean. Hala ere, Fran Baldak argi dio: «Protagonista nagusia Josu da. Oso egoera larrian dago, eta gu harekiko elkartasunez ari gara». Ateak Ireki webguneari egindako adierazpenetan, «une garrantzitsua» dela dio Baldak, «euskal jendarteak adieraz dezan preso politikoen eskubideak bermatuak izan behar direla». Pilota Espainiako eta Frantziako Estatuen teilatuan dagoela esan du, eta erabakiak hartu behar dituztela. Kasu honetan, Uribetxeberriaren eskubideak errespeta daitezen. Rodolfo Cuesta preso ohia ere ildo beretik mintzatu: «Eskubideak defendatzen ari gara, ez inongo onurarik; eskubideak dira, ez onurak ». Gauzak hala, dei egin diete herritarrei Donostiako Ospitalera etortzeko.
Hara joan ezin duenak ere, badu elkartasuna nola helarazi. Herrira mugimenduak Uribetxeberriari elkartasun mezuak bidaltzeko gonbita egin dio jendeari. Twitter sare sozialean #JosuAskatu leloa erabilita, Uribetxeberriak berak elkartasun horren berri izango duela baieztatu dute. Gainera, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute, «Josu askatu arte».
Ines del Rio askatzeko eskatu du Herrira-k Tafallan
Manifestazioa egin dute gaur hainbat herritarrek Tafallan, Herrira mugimenduaren deiari erantzunez. 19:30ean abiatu da manifestazioa, eta 197/2006 doktrina ezarria duen Ines del Rioren askatasuna aldarrikatu dute. Horrekin batera, «bizi osorako zigorra helburu duen» doktrina hori bertan behera uzteko ere eskatu dute. Oraingoz, 67 euskal presori luzatu diete zigorra doktrina hori ezarrita. Manifestazio amaieran, «pilota Espainiako Estatuaren teilatuan» dagoela adierazi dute Gonzalezek eta Mendozak. Europako Giza Eskubideen Auzitegia 197/2006 doktrinaren aurka agertu zen, eta ebazpen horrek egoera berri bat ireki duela uste dute Herrira-ko lagunek. Izan ere, «milaka herritarrek» lehenago esandakoa baieztatu du Estrasburgoko Auzitegiak, Mendoza eta Gonzalezen arabera: doktrina horrek giza eskubideen «urraketa larria» dakarrela, mendekua bilatzen duela eta «bizi osorako zigorra» duela helburu. Del Rioren kasua «izozmendiaren punta» baino ez dela esan dute, eta Espainiako Estatua, berriz, izozmendi horren aurka doan itsasontzia.
Mozioa onartu dute Zizurkilen sakabanaketa salatzeko
Mikel Egibar presoaren senideek bisita batetik bueltan izandako istripu larriaren ostean, euskal presoen sakabanaketa salatzeko mozioa onartu dute Zizurkilgo Udalean. Hango Herrira mugimenduak aurkeztu du mozioa, eta aho batez onartu dute, EAJko zinegotziak eta Bilduko bostek alde bozkatu baitute.






