Berria.info

Astelehena, 2013ko maiatzak 20 - 02:34

2012-08-10

Krisia eurogunean. Aurreikuspenak

Krisia okertuko da...

EBZk, OCDEk eta BBVAk uste dute euroguneko ekonomiaren hazkundea iragarri baino gehiago motelduko dela

EBZk langileei babesa gutxitzeko eta soldatak jaisteko eskatu dio Espainiari

Jakes Goikoetxea

EBZk eta OCDEk uste baino laino beltzagoak iragarri dituzte: alde batetik, euroguneko ekonomia uste baino motelago haziko dela diotelako; bestetik, EBZk ohiko errezetak eskaintzen jarraitzen duelako, funtsean lan kostuak merkatzea.

Europako Banku Zentralak (EBZ) uste du aurten euroguneko barne produktu gordina (BPG) %0,3 uzkurtuko dela, aurretik esandakoa baino hamarren bat gehiago; 2013an %0,6 haziko dela, lau hamarren gutxiago; eta 2014an %1,4. Hala diote EBZk galdekatutako adituek abuztuko buletinean.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) adierazle konposatuek, berriz, erakusten dute herrialde aberats gehienetan hazkundea moteltzen ari dela, eurogunean batez ere.

BBVA Researchek ere aurreikuspenak aldatu ditu: euroguneko ekonomia aurten -%0,3 haziko dela dio, eta 2013an %0,3. Ez du baztertzen, gainera, atzeraldia urtebete gehiago luzatzea.

Zerk eragingo du ekonomiaren hazkundea moteltzea? EBZren arabera, faktore garrantzitsuenak bi dira: alde batetik, herrialdeen zorraren arazoaren konponbideari buruzko ziurgabetasuna; bestetik, zenbait herrialdek areagotu egin dituztela «aurrekontuak onbideratzeko neurriak».

Hala ere, EBZk berak neurri gehiago hartzeko eskatzen die euroguneko herrialdeei, defizita gutxitzeko eta hazkundea bultzatzeko. «Herrialde guztiek erreforma sakon gehiago egin beharko dituzte», dio. Espainiari, Greziari, Irlandari, Italiari, Portugali eta Zipreri mintzatu zaie batez ere. Lan kostuak jaisteko prozesuak oso berandu hastea leporatu die.

Lehiakortasuna lortzeko lan kostuak jaitsi behar dituztela uste du. Soldatak jaistea «premiazkoa» dela dio. Nola jaitsi? Hasteko, soldata erabakitzeko prozesua «malgutuz»: «langileei babesa gutxituta», soldata ezartzeko prozedurak kenduta —ez izatea KPIaren araberakoa—, «gutxieneko soldatak jaitsita» eta soldaten negoziazioa enpresetan egitea «baimenduta». Lehiakortasuna lortzeko, besteak beste, pribatizazioak eta inbertsioak —hezkuntzan eta I+Gan— proposatu ditu.

Adierazgarria da EBZk nola txalotu duen Mariano Raxoiren gobernuaren lan erreforma. Zenbait urte lehenago onartuz gero krisi garaian lanpostu gutxiago galduko zirela dio. EBZk, dena den, Espainiako Gobernuak esaten ez duena esaten du abuztuko buletinean: «Soldata jaitsiera handia espero dugu, bai sektore publikoko soldatetan murrizketa gehiago egingo direlako, bai lan erreformak sektore pribatuko soldata eskaerak apalduko dituelako».

Erantzun «sendoen» eske

EBZrentzat, «onartezina» da zenbait herrialdek euroa uzteko beldurra baliatuta arrisku sariak igotzea. Erantzun «sendoak» eskatu ditu. Euroa «ezin itzulizkoa» dela nabarmendu du. Erantzun sendoak ez dizkio bere buruari eskatu, gobernuei baizik. EBZrentzat, eurogunea hausteko arriskuaren eta arrisku sarien gorakadaren kontrako erantzunak dira defizit publikoaren kontrako neurriak hartzea, egiturazko erreformak egitea eta Europako erakundeak indartzea.

Ez dago beste biderik EBZrentzat. Neurri horiek arrakasta izan bitartean eta merkatuak konbentzitu bitartean —«neurriek denbora behar dute»—, herrialdeei esan die EFSF behin-behineko erreskate funtsera eta ESM erreskate funts iraunkorrera jotzeko prest egon behar dutela, finantza merkatuetako egonkortasun faltari aurre egiteko. «Neurri zorrotzen truke», gehitu du, badaezpada, EBZk.

Ohiz kanpoko neurriei buruz, herrialdeen zorra erosteari buruz, berritasunik ez. Datozen asteetan zehaztuko du zer eta nola egiteko prest dagoen. EBZk gogoratu du «behar besteko» esku hartzea egin dezakeela zor merkatuetan. Baina zehaztasunik edo iragarpenik ez.

Mario Draghi EBZko presidenteak erakundearen abuztuko bileraren ostean esan zuen «eztabaidatu» zutela interes tasak jaisteaz, baina erabaki zutela ez dela momentu egokia. Egoera eta aurreikuspenak ikusita, ezin da baztertu EBZk irailean interes tasak jaistea, %0,75etik %0,50era.

Inflazioaren zaindaria da EBZ. Hori du betebehar nagusia, inflazioari %2tik behera eustea. Aurreikuspenak ez ditu aldatu: %2,3ko inflazioa espero du aurten, %1,7koa 2013an eta %1,9koa 2014an.



 

Bankiak orain dela hilabeteko balioa hirukoiztu du burtsan

Hondoa jo ostean, Espainiak nazionalizatutako Bankia bankuaren balioa hirukoiztu egin da burtsan azken hiru asteetan. Akzioen prezioa %127 igo da. Gainerakoan, finantza merkatuak baretu egin dira. Hori islatzen dute Espainiako eta Italiako arrisku sariek, azken egunetan ez baitute izan gorabehera handirik. 540 eta 443 puntuan amaitu zuten atzoko saioa, hurrenez hurren. EBZko presidente Mario Draghik egindako adierazpenek eragindako gorabeheren ondoren, lasaitasuna iritsi zen Europako burtsetara. Horren adibide dira atzoko emaitzak: Madrilgo Ibex 35 %0,56 jaitsi zen, eta Frankfurteko DAX 30, %0,01. Londreskoa 0,10 igo zen, eta Pariskoa, %0,54.



 

%23,1

Langabezia Grezian.

Hilabetea joan hilabetea etorri, langabezia tasa gora eta gora ari da Grezian. %23,1ekoa izan zen maiatzean. 25 urtetik beherakoen artean %54,9koa. 1,15 milioi langabe daude, iazko maiatzean baino 311.000 gehiago. Orduan, langabezia tasa %16,8koa zen.



 

%1,8

Txinako inflazioa.

Txinan prezioen hazkundea moteltzen ari da. %1,8koa izan da uztailean; iazko datuarekin alderatuta, 30 hilabeteko tasarik apalena. Ekonomia ere espero baino motelago ari da hazten: %7,6 bigarren hiruhilekoan, 2009tik apalena.



 

Krisia eurogunean. Bosgarren urteurrena

...bost urte igaro ostean

Finantza krisia duela bost urte hasi zen, AEBetako subprime hipoteken inguruko burbuila lehertu eta gero

Urteotan krisiaren epizentroa AEBetatik Europako Batasunera pasatu da

J. G.

«Bankuek arrisku handiegiak hartu zituzten. Enpresariak gehiegi zorpetu ziren. Arautzaileek hori egiten utzi zieten. Eta orain zerga ordaintzaileek zabor guztia garbitzen lagundu behar diete. Horrek estatuen zorra handituko du eta ondasun publikoetan eragingo du, osasun zerbitzuetan, esaterako». Krisiaren laburpena Joseph Stiglitz Ekonomia Nobel saridunarena da. Langabezia —eta pobrezia— eta euroguneko zorraren krisia gehitu behar zaizkio, gutxienez.

Krisiak bost urte bete ditu, eta beste hainbestera ere irits daiteke. 2007ko uztailean eta abuztuan hasi zen lurrikara. Ameriketako Estatu Batuetako arrisku handiko hipotekekin (subprime hipotekak), bankuek hipoteka horietan oinarrituta salerositako finantza produktuekin eta finantza erakundeen arteko mesfidantzak lehortutako bankuen arteko maileguen merkatuarekin. Burbuilak lehertu ziren.

AEBetan 2006an eman zituzten hipoteka maileguen erdiak baino gehiago arrisku handikoak ziren. Finantza erakundeek, diru goseak bultzatuta, hipoteka horiekin finantza produktu konplexuak osatu zituzten, eta elkarri salerosi. Izurriak mundu osoko finantza erakundeak kutsatu zituen. Izurria hauspotu zuen AEBek 2000ko hamarkadan abiatutako finantza merkatuen desarautzeak.

Duela bost urte, abuztuaren 9an, Europako Banku Zentralak (EBZ) ordura arteko diru sarrerarik handiena egin zuen finantza merkatuetan, finantza erakundeei AEBetako lurrikararen dardarak arintzeko: 94.800 milioi euro, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren utzitakoa baino 25.000 milioi euro gehiago. Hurrengo astean, ia 100.000 milioi euro gehiago jarri zituen. Abenduan dirua barra-barra jarri zuten EBZk eta munduko banku nazional gehienek ere.

Krisiak, baina, txiki utzi ditu kopuru horiek. EBZk berak bilioi bat euroko likidezia eskaini die finantza erakundeei, eta finantza erakunde asko EBZren likideziaren mende bizi dira. Bost urte igaro eta gero, finantza erakunde askok arazoak konpondu gabe jarraitzen dute.

2007ko abuztuaren 9an bertan, BNP Paribasek bertan behera utzi zituen hiru funts, AEBetako hipoteken krisiagatik erreferentzia prezioak eta likidezia desagertu zirelako. Hiru aste lehenago, AEBetako Bear Stearns inbertsio bankuak jakinarazi zuen bere bi inbertsio funtsek porrot egin zutela, ia mila milioi euroko zuloa pilatu zutela subprime hipoteketan oinarritutako zor bonuetan.

Bear Stearns, Northern Rock...

Pixkana-pixkana domino fitxak erortzen joan ziren: Bear Stearns, American Home Mortgage, Northern Rock... 2008ra arte, orduan erori baitzen Lehman Brothers AEBetako inbertsio bankua.

Europak diru zaparradarekin erantzun zuen, baina begi zeharka begiratzen zion oraindik AEBetan lehertutako subprime hipoteken burbuilari. Erreakzioak halakoak izan ziren. Europako Batzordeak esan zuen AEBetako krisiak Europari ez ziola kalte larririk egingo eta ez zuela «kalte larri eta luzera begirakorik». Gaur egun, lurrikararen epizentroa AEBetatik Europako Batasunera pasatu da.

Confebaskek krisiak oparoaldia moteltzea bai, baina oparoaldian jarraitzea espero zuen. 2007an ekonomiaren hazkundea ia %4koa izan zen Hego Euskal Herrian. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak %3tik gorako hazkundeak espero zituzten 2008rako.

Datu makroekonomikoetan oraindik ez zen nabari AEBetako lurrikararen eragina. 2009ko abuztuan Espainiaren arrisku saria 10-12 puntu ingurukoa zen. Orduan ez zen ezaguna. Uda honetan, 600 puntuak gainditu ditu. Madrilgo burtsak balioaren erdia baino gehiago galdu du bost urtean.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa milioi bat lanpostura iritsi ziren, inoiz baino gehiagora. Langabezia tasa %6,56koa zen Hego Euskal Herrian. Agintariek zergak jaisten zituzten: Arabak eta Bizkaiak 2007an jaitsi zuten sozietate zergaren tasa orokorra %32tik %28ra eta enpresa txiki eta ertainentzat %24ra. Gipuzkoak urtebete geroago egin zuen.

2007an bazeuden bestelako errealitateak, pobrezia esaterako. Hego Euskal Herrian 35.000 familiak baino gehiagok jasotzen zuten oinarrizko errenta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 557 eurokoa. Bost urte geroago, egoera horiek are zabalduagoak eta are gordinagoak dira.



 

466

Gazteen diru sarrerak Alemanian.

Alemaniako 16 eta 25 urteko gazteek batez beste 466 euroren diru sarrerak dituzte hilean, Deutsche Banken azterketa baten arabera. Diru horretatik 130 euro aurrezten dituzte. Bost gaztetik batek pentsio plana dauka.



 

Japoniako Bankuak %0-0,1 artean eutsi die interes tasei

Japoniako Bankuak ez ditu interes tasak aldatu 2010eko urritik, eta atzo ere ez zuen egin. %0 eta %0,1 artean eutsi die, ekonomiaren hazkundea bultzatzeko asmoz. Finantza merkatuetako aktiboak erosten jarraituko du, sistemari likidezia eskaintzeko. 720.000 milioi euro inguru baliatu ditu orain arte.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia