Berria.info

Larunbata, 2013ko maiatzak 18 - 10:02

2012-08-04

Uribetxeberria «heriotzaren itxarongelatik» ateratzeko deia egin du Herrira-k

Presoa «hiltzera» zigortu dutela salatu eta gaurko manifestazioan parte hartzeko eskatu du Herrira-k, Donostian

Hodei Iruretagoiena

Herrira-ren agerraldia Donostiako Ospitalearen atarian, atzo. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

«Josu heriotzaren itxarongelan dago, eta lehenbailehen utzi beharko lukete libre». Halaxe adierazi zuen Jon Garai Herrira mugimenduko kideak, Donostiako Ospitalearen atarian atzo egindako agerraldian. Bertan dago Josu Uribetxeberria asteazkenetik. Hamalau aulki hutsekin aldarrikatu zuen Herrira-k gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hainbeste presoen askatasuna. Bide horretan, gaur 17:30ean Arrasateko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu zuen gizarte osoa, «pertsona horien bizia babestu eta Josu heriotzaren itxarongelatik ateratzeko».

Izan ere, Uribetxeberria hilurren dagoela gogorarazi dute, eta preso edukitzea «sekulako zentzugabekeria» dela. 2007an, giltzurrunetako minbizia zuela, askatasun eskaera ukatu zioten. Garairen esanetan, heriotzara zigortu zuten espetxean mantenduta. Orain, minbiziaren azken fasean sartua den honetan, presoa «heriotza umiliagarri» batera zigortzen ari direla salatu du: «Polizia eta burdin sare artean hiltzera zigortzen ari dira, ahaideak ondoan izan gabe».

Uribetxeberriaz gain, beste hamahiru preso daude larri gaixo. Horiek guztiek «eskubide osoz» kalean egon behar luketela aldarrikatu du Garaik. Izan ere, jakinarazi du hala izan ezean arriskua dagoela Uribetxeberriarena bezalako kasu gehiago izateko. «Ez dugu nahi inor hiltzea mendeku politikoaren ondorioz», esan du, eta salatu du Espainiako Gobernua «heriotza zigorrarekin jolasten» ari dela.

Etxerat alderdiekin bilduko da

Etxerat elkarteko kideek bilkura bira bat hasiko dute alderdi politikoekin, Uribetxeberriaren egoera larriari erantzun bateratu bat emateko asmoz. EH Bildu koalizioarekin egingo du lehen bilera, astelehenean. Gaixotasun larriak dituzten presoen inguruko txosten bat emango diete alderdiei.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia