Berria.info

Igandea, 2013ko maiatzak 26 - 06:57

2012-08-02

Euskal presoak

Etxerat-ek dio preso gaixoak hurbiltzea ez dela nahikoa

Leondik Donostiako ospitalera ekarri dute Uribetxeberria; Etxerat-ek, beste behin, presoa aske uzteko eskatu du Loiolan

Zelaak adierazi du presoaren inguruan zegoen eskaera bete dela hurbiltzearekin

Hodei Iruretagoiena Azpeitia

Etxerat-eko bozeramaileak, Loiolako Basilikan, atzo. / JON URBE / ARGAZKI PRESS


Isabel Zelaa, Etxerat-en txostena jasotzen. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Loiolako basilikan elkarretaratzea egin zuten atzo hainbat herritarrek, euskal preso eta iheslarien senide eta lagunak biltzen dituen Etxerat elkartearen deiari erantzunez. Aurtengoan, Iosu Uribetxeberria preso arrasatearra askatzeko eskatu dute Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzaren aurrean, haren egoera larria dela eta. Etxean eta bizirik nahi ditugulako, Iosu etxera orain! leloa ikus zitekeen haien eskuetan. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainontzeko hamahiru presoen askatasuna ere aldarrikatu dute, Uribetxeberriarena bezalako «egoera batera irits ez daitezen». Isabel Zelaa EAEko Hezkuntza sailburuari egin diote eskaera, eta, ondoren azaldu dutenez, presoa hurbiltzearen aldeko jarrera agertu die Zelaak, baina ez askatzearen aldekoa. Elias Miner Etxerat-eko kideak adierazi du atzera bueltarik gabeko fasean aurkitzen dela presoa, eta aske eta familiarekin egon behar lukeela.

Ordurako, jakina zen Uribetxeberria Euskal Herrira hurbilduko zutela. Etxerat-ek jakinarazi duenez, Donostia Ospitalean dago presoa atzotik, proba batzuk egiten. 2005ean diagnostikatu zioten giltzurrunetako minbizia, eta 2006an legean jasota dagoen bezala baldintzapean aske uzteko eskatu zuten, gaixotasun larri eta sendaezina zuelako. Ukatu egin zioten, ordea, eskaera hori, mediku txostenek metastasia izateko arrisku handia zuela ohartarazten zuten arren. Etxerat-ek salatu du Espainiako Gobernuak aurrera daraman espetxe politikak gaixotasun larriekin dauden presoen egoera atzeraezin bihurtzea bilatzen duela: «Denbora galdu dugu urte hauetan. Espetxean edukiz, pertsona hau hilzorira eraman dute». Minerren esanetan, espetxeko baldintzetan edukitzeak gaixotasuna larriagoa izatea ekarri du. Uztailaren 20an, Leongo ospitalera (Espainia) eraman zuten Uribetxeberria, Mansillako espetxetik. Egun batzuren buruan, beste bi nodulu topatu zizkioten, biriketan eta buruan, eta metastasia zuela baieztatu zuten. Joan den ostegunean egindako azterketa batzuen emaitzen zain daude orain senideak. Defentsako abokatuak ere, aste honetarako espero duten mediku txosten baten zain daude askatasun eskaera berritzeko.

Jaurlaritzaren «utzikeria»

Espainiako Gobernuak daraman espetxe politika horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak utzikeriaz jokatu duela salatu du Elias Miner Etxerat-eko kideak: «Ezin dugu ulertu utzikeria hau, gobernuaren jarrera zilegi bihurtzeko ez bada. Horrek, era berean, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera atzeraezin bihurtzea bilatzen duen espetxe politikaren konplize egiten ditu». Uribetxeberria eta haren familia sufritzen ari diren egoeraren inguruan, isilik egotea ere egotzi dio Minerrek Lopezen gobernuari, eta galdetu dio ea isiltasun eta utzikeria horrekin presoen eta senideen sufrimendua elikatzen jarraituko duten.

Hori hala izanik ere, Uribetxeberria aska dezaten ahalegin guztiak egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuaren zein Espetxe Zuzendaritzaren aurrean jarrera hori defendatuz. Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzainak emandako meza nagusiaren ondoren aipatu du Isabel Zelaak Uribetxeberriaren kasua, eta adierazi du presoaren inguruan zegoen eskaera betea zela: «Jakina da Barne Ministerioak presoa hurbiltzea onartu duela; gaur Etxerat-ek egin didan eskaera bera, eta errespetuz entzun dudana».

Etxerat elkarteak, Zelaaren adierazpenei erantzunez, horrelako adierazpenak ezin direla «inola ere» justifikatu adierazi du, «ezta onartu ere». Arratsaldez zabaldutako prentsa oharrean, gogoratu du ez dela nahikoa gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak Euskal Herrira ekartzearekin, «Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak adierazi duen bezala». Josu Uribetxeberria eta bete hamahiru presoek «etxean eta aske» behar dutela gogorarazi dute, «euren eskubidea delako». Bide horretan, larunbatean Arrasaten egingo den manifestaziorako deia egin diete euskal eragile, alderdi eta herritar guztiei. Iosu askatu! Hamalauak herrira! lelopean, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da manifestazioa Arrasateko plazatik.

Arnaldo Otegik ere Uribetxeberriaren askatasuna exijitu du Logroñoko espetxetik eta besarkada bidali dio sendiari, Twitter bidez. Uribetxeberria lehengusu txikia duela gogoratu du Otegik.

Zeremoniak, protesta giroan

Urtero legez, Azpeitiko udaletxe aurrean egin zioten harrera atzo Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzari, kasu honetan Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuari. Haien artean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta herriko alkate Eneko Etxeberria. Iñaki Errazkin ere bertan izan zen, Azpeitiko alkate ohia eta Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatu izendatu berri dutena. Hainbat aldarrikapen ikus zitezkeen Azpeitiko plazan, ekitaldiaren unean. Besteak beste, Iosu Uribetxeberria presoa askatzeko eskatzen zuen pankarta eta Juan Karlos Arruti Paterra presoaren herriratzea eskatzen zuena, «biziarteko zigorra» salatuz. Izan ere, Parot doktrina du ezarria azpeitiarrak.

Plazaren inguruko kaleetan ziren, baita ere, hogei ertzain inguru. Zelaa etorri zenerako, plazaren erdira ere hurbildu ziren batzuk. Greba mugagabean diren Corrugados enpresako langileek ere protesta egiteko baliatu zuten ekitaldia, eta «etorkizuna argitu» zioten oihuen artean hartu zuten Isabel Zelaa, Eusko Jaurlaritzako ordezkaria. Gutun bat ere eman zioten Enpresa Batzordeko kideek, beren eskakizunekin, Industria Sailera bideratzeko eskatuz.

Prozesioa Loiolako basilikara iritsi zenean, berriz, Nafarroako bi bandera ikus zitezkeen ibilbidean. Nafarroa Bizirik ekinbideko kideek jarri zituzten, eta eskuorriak ere banatu zituzten, San Inazio Loiolakoa Gaztelaren alde aritu zela gogoratuz, «gure herriaren burujabetzarentzat hain garrantzitsuak ziren garaietan».



 

Gaixotasun larriak dituzten 14 presoak

Etxerat-en arabera, aske egon beharko lukete preso hauek:

Josetxo Arizkuren. Kardiopatia iskemiko larria.

Garikoitz Arruarte. Espoindilitisa.

Inma Berriozabal. Diabetesa, hepatitisa, asma bronkial arina eta psoriasia. 61 urte ditu

Jose Angel Biguri. Prostatako adenokartzinoma. 23 urte espetxean.

Iñaki Erro. Kardiopatia iskemiko larria. 25 urte espetxean.

Jose Migel Etxeandia. Nahaste obsesibo-konpultsiboa.

Iñaki Etxeberria. Eboluzio luzeko miopia magnoa.

Isidro Garalde. Bihotzeko kardiopatia iskemikoa. Prostatako hiperplasia benignoa. 61 urte ditu. 27 urte espetxean.

Aitzol Gogorza. Nahaste obsesibo-konpultsibo larria.

Jose Ramon Lopez de Abetxuko. Bradikardia sintomatikoa. Fibrilazio aurikularra. Tratamendua bihotz ablazioarekin. 63 urte. 23 urte espetxean.

Gotzone Lopez de Luzuriaga. Bularreko minbizia. 23 urte espetxean.

Txus Martin Hernando. Nahaste eskizo-afektibo larria, delirio osagarriekin.

Jesus Mari Mendinueta. Gaixotasun erreumatiko larriak.

Josu Uribetxeberria. Giltzurruneko minbizia.



 

Isabel Zelaa sailburua eta Eneko Etxeberria alkatea, elkar agurtzen. / J. U. / ARP

Urrats sendo eta zintzoak egiteko eskatu dio Garitanok Madrili

Isabel Zelaa lehendakariordeak uste du «mesedegarria» litzatekeela onartzea eragindako mina

H. I. Azpeitia

Josu Uribetxeberria aske uzteko eskatu zuen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Azpeitian, eta nabarmendu zuen, legea betez, Uribetxeberriak aske egon beharko lukeela bere herrian, eta ez erietxean, preso. Azpeitiko udaletxearen inguruan egin zituen adierazpenok ahaldun nagusiak. Beste agintari batzuk ez bezala, Garitano ez zen Loiolako Basilikako mezan izan. Kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan, Espainiako Gobernuari urrats sendo eta zintzoak egiteko eskatu zion, urriaren 17an Aieteko Konferentzian eskatutakoak oroituz. Adierazpen hari urtebete betetzeko bi hilabete falta zaizkion honetan, Espainiako Gobernuaren «immobilismoa» salatu zuen: «Ikusten dugu une honetan ETAk eman dituela aurrerapauso horiek, eta borroka armatuarekin amaitu duela. Baina, zoritxarrez, Espainiako Gobernua immobilismoan iltzatuta dago, ez du urratsik egin».

Isabel Zelaak, berriz, bizikidetzarako bidean iraganean eragindako mina aitortu eta onartzea nahitaezkoa dela adierazi zuen, Loiolako Basilikan, Jose Ignacio Munillak zuzendutako meza nagusiaren ondoren. Josu Uribetxeberria Euskal Herrira hurbildu dutela eta, esan zuen Etxerat-ek «eskaera horixe» egin diola eta «errespetuz» jaso duela. Segidan, Loiolan bertan ETAk hil zuen Inaxio Uria gogora ekarriz, hilketa horri buruz ere hitzen bat entzutea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen. Barkamenaren ideia aipatuz, kategoria politiko bat ez den arren, etikoki beharrezkoa dela esan zuen: «Pauso handiak emango genituzke eragindako mina aitortu eta onartuko balitz. Pauso handiak, bizikidetzarantz».



 

Presoen aldeko ekintzak Gasteizko jaietan

Herrira-k ekimen dinamika zabala prestatu du Gasteizko jaiei begira. Ostiralean Txupinazo urdina egingo dute Andra Mari Zurian, 20:00etan. Zeledonen jaitsierara presoen zapiak eramateko eskatu dute, eta igandean Herrira Eguna egingo dute Landatxon. Herrira-k, halaber, txosna bat izango du txosnetan.



 

UPN eta PSN Estrasburgoren epaiaren aurka, Tafallan

Ines del Rioren askatasuna eskatuz, herrira mugimenduak Tafallako Udalean aurkeztutako m0ozioa atzera bota dute UPNk eta PSNk, aurkako botoa emanda (UPNk 7 zinegotzi ditu eta PSNk 2). Mozioaren alde bozkatu dute Bilduk (6 zinegotzi) eta Iniciativa por Tafallak (zinegotzi bat). Herrira mugimenduaren mozioak Espainiako Gobernuari eskatzen zion Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailaren 10ean kaleratu zuen epaia onartzeko, eta euskal presoa ahalik eta azkarren libre uzteko, Estrasburgoko epaiak dioen moduan. Ines del Rio Tafallakoa da. 2008an bete zuen Espainiako Justiziak ezarritako zigorra, baina preso jarraitzen du 197/2006 doktrinaren ondorioz.



 

Manifestaziora deitu dute larunbaterako Arrasaten

Josu Uribetxeberriaren eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten gainontzeko hamahiru euskal presoen askatasuna eskatzeko manifestazio nazionala deitu dute larunbaterako, Arrasaten. Protesta 15:30ean abiatuko da herriko plazatik, Iosu askatu, hamalauak Herrira lelopean.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia