2012-07-28
Bira
Erlaxatzen
Idurre Eskisabel
Atzokoa leituta errieta egin dit lagun batek: feminismoak gehiegikerietara eramaten omen nau, adibidez, kirola, beti, emakumeen bazterketarekin lotzera, ez dauden lekuan mamuak ikustera. Begiak zabaltzeko esan dit: ohartzeko zenbat emakumezko dabiltzan kiroldegietan, zenbat neskato aritzen diren eskola kirolean, zenbat andre ikusten ditugun lasterka, nola ugaritu diren andrazkoak kirolera bultzatzeko programak. Iraganeko kontuekin ari naizela oraindik, egun emakumeei ezerk ez diela debekatzen kirolean gizonen pare aritzea , berdintasunaren zelaian jokatzen dugula jada. Erlaxatzeko aholkatu dit.
Kezkatuta, pentsatu dut, agian, baietz, iraganean ainguratzen hasi naizela. Adi jarri naiz ingurura begira: Twitter bidez jakin dut futbol udaleku batean, Lesakan, «vamos maricones» esaten diela begiraleak 12-15 urteko mutikoei, lasai asko. Etxe ondoko parkean ikusi dut nola 7-8 urteko mutikoek neskato bat beren futbol partidatik kanpo utzi duten, eta nola gurasoei graziosoa iruditu zaien. Bizilagunak igogailuan kontatu dit triste daukala 14 urteko alaba, neskentzako talderik ezean zaletasun handienari, esku pilotari, uko egin behar izan diolako. Baina kiroltasunez jokatuko dut, eta lagunak arrazoi: debekatu, lege eta kartzelaz, ezerk ez digu debekatzen.






