Berria.info

Larunbata, 2013ko maiatzak 25 - 12:30

2012-07-27

Jira

Egiak

Xabier Gantzarain

Gerokoek ez dute oroituko behar dutena besterik: geuk ere halaxe egin genuen. Eta bakoitzean hasieratik hasi beharra irudituko zaizu mingarriena, zure belaunaldiaren testigantza ematen hastea, nola kontatu iragana, artean ez zegoen sakelako telefonorik, artean gazte eta berde ginela zahartu gintuen aitzinamenduak, eta ez duzu jakingo nola kontatu zuen bizimodua ondorengoei, nola kontatu egia, nola kontatu egia zeure buruari hasteko, nola onartu nondik zatozen, nola onartu zer ez duzun onartzen, nola ahaztu zeure burua, nola egin koherentzia eta zentzu pixka bat duen kontakizuna egia bazterrean uzten ari zarela aitortu gabe, fikzio bat eraikitzen ari zarela onartzeke, nola kontatu egia, nola egin nork bereak dituen sentimenduak alde batera utzi eta kontakizuna moralaren eremura eramateko, nola egin mundua zure iragazitik ez pasatzeko, nola ezkutatu ETAk ez dizula sekula beldurrik eman, nola kontatu egia, nola esan txikitako oroitzapenetan lehendabizikoetakoa guardia zibilek, metrailetak eskuan, orduko posta bulegoaren inguruak hartu zituztenekoa daukazula, anaiaren txapak eta karpetak, nola kontatu egia, nola eman zure garaiaren testigantza, egia izatetik urrun dagoela onartu gabe.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia