2012-07-12
'Parot doktrina'. Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena
Eskubideen bideari lotzeko eskatu dio Herrira-k Espainiako Gobernuari
Mugimenduaren ustez, «eskubideak errespetatuz bakera hurbiltzeko aukera itzela» eman dio Estrasburgok Madrili
Presoen eta senideen bizitzarekin «jolasean aritzeko aroa» bukatu dela dio Etxerat-ek
Aitziber Laskibar-Jon Rejado Bilbo-Gasteiz
Esnal eta Ugartemendia Herrira-ko kideak, Igarataundi preso ohia alboan dutela. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
«Garrantzi handikoa» da, Herrira mugimenduaren ustez, Estrasburgoko Auzitegiak 197/2006 doktrinaren inguruan emandako epaia. Ines del Rio preso edukitzea legearen kontrakoa dela esateaz gain, doktrina bera ez dela legezkoa ebatzi duela ulertu du Herrira-k. «Estatu demokratiko batek» orain egin behar lukeen «urrats logiko bakarra», beraz, Del Rio askatzeaz gain doktrina bertan behera uztea litzatekeela deritzo. «Espainiako Gobernuak, doktrina ezarri zaien 80 presoren baino gehiagoren egoera konpondu behar luke, eta doktrina aplikatzeari utzi; zigorra bete duten preso guztiak aske utzi», adierazi dute Amaia Esnalek eta Manu Ugartemendiak Herrira-ren izenean. Ez hori bakarrik. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Gobernuari konponbiderako bidea hartzeko aukera «itzela» eman diola ere uste dute, eta hori baliatzeko eskatu diote.
«Gobernuak ez luke aukera hau pasatzen utzi behar, eskubide guztiak errespetatuz bakera hurbildu eta soluzioetarako bide demokratikoekin konprometitzeko», adierazi dute. Bide horretan, «bizi guztiko zigorra» bertan behera uztearekin batera, sakabanaketa politika eta bakartzea ere amaitu behar lituzkeela uste dute, eta gaixo dauden presoak zein zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak askatu behar lituzkeela, besteak beste. «Gatazka konpontzeko bidean alde guztiak eskubideen printzipioei lotzea funtsezkoa dela uste dugu», adierazi dute Herrira-ko kideek. Hori Espainiako Gobernuak «egiteke duen urratsa» dela diote, eta Estrasburgoko epaiak «horretarako deia egiten» duela.
Beste 30 kasu aztertzeke
Herrira-k jakinarazi duenez, 80 bat euskal presori eragin die doktrinak, eta horietako batzuk espetxealdi luzamendua ere beteta kalean dira. 67 dira doktrina ezarrita egun kartzelan daudenak. Estrasburgoko Auzitegiak, doktrina ezarri zaien beste 30 bat euskal presoren egoerak aztertuko ditu aurrerantzean.
Hainbat preso ohirekin eta euskal gizarteko pertsonarekin egin du agerraldia Herrira-k. Horien artean izan da Paco Letamendia EHUko irakaslea. Azken urteetan demokraziak izan duen gainbeheraren ondoren, «giza eskubideetan sakondu eta demokrazia bere onera ekartzeko unea» dela aldarrikatu du.
«Aitzakiarik gabe»
Etxerat-ek ere Parot doktrina aplikatuta duten preso guztiak «berehala» askatzeko«exijitu» dio Espainiako Gobernuari. «Euren bizitzarekin eta gurearekin jolasean aritzeko garaia amaitu da», nabarmendu du Mattin Troitińo euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteko kideak Gasteizen emandako prentsaurrekoan. «Jada bete dugun zigorra luzatzen jarraitzeko aitzakiarik gabe gelditu dira».
Ebazpena Ines del Rioren kasura mugatzen dela gogorarazi du Troitińok, baina, aldi berean, 197/2006 doktrina bera «guztiz» baztertzen duela nabarmendu du. «Senide eta lagunok hainbestetan salatu dugun bizi osorako espetxe zigorraren aurka egiten du». Etxerat-ek «mendeku gosea» bukatzeko eskatu du, eta doktrina horren ondorioz espetxeratuta jarraitzen duten presoen giza eskubideak urratzen ari direla gogora ekarri du.
Era berean, Troitińok gaineratu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena «euskal herritarrok lortutako garaipen bat» izan dela. «Guztiok urteetan egindako lanaren erakusle eta horren guztiaren ondorio zuzena da». Horrenbestez, «euskal gizarteari» eskerrak eman dizkie presoei eta horien senide eta lagunei emandako babesagatik.
Ordea, Parot Doktrina Espainiako Gobernuaren «espetxe politika ankerraren baliabide nagusia» dela azpimarratu arren, beste «salbuespeneko» neurriak ere amaitu beharra dagoela gaineratu du. Hori dela eta, Etxerat-ek berretsi du gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoek etxean egon behar dutela, eta sakabanaketa politika amaitu behar dela. Alde horretatik, Herrira mugimenduak biharko gauean antolatu duen kandela gaueko ekimenetan parte hartuko duela jakinarazi du.
Halaber, «salbuespenezko» neurri horien ondorioz euskal presoek jasan dituzten erasoak gogorarazi ditu Etxerat-ek: Aitor Liguerzana euskal presoak Foncalenteko espetxean (Alacant, Herrialde Katalanak), eta Ibon Goieaskoetxea, Ruben Ribero eta Julen Mujikak Villefranche-sur-Saonen (Frantzia) jasotakoak.
«Osagai bat, bertan behera»
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak «sekulako garrantzia» aitortu dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiari. «ETAko presoen aurkako mendeku politikaren funtsezko osagai bat bertan behera utzi du». Horrenbestez, Parot Doktrina indargabetu, eta bakeari lagunduko dion espetxe politika egiteko eskatu du. Espainiako Barne ministroak epaia jakin ondoren izandako jarrerari «kutsu totalitarioa» antzeman diola azaldu du Agirrezabalak. EAk auzi horren inguruko proposamen bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean.
Juan Mari Igarataundi. Preso ohia; Auzitegi Gorenak doktrina ezarri, eta Konstituzionalak kendu egin zion
«Aurrez denok genekiena esan du Estrasburgok: doktrina ilegala dela»
Aitziber Laskibar Lizarribar Bilbo
Urtetan bizi izan duena eta gero, ez da Espainiako Gobernuaz fio. 22 urte preso egin ondoren kaleratze data iritsi bezperan, doktrina ezarri ziotela jakinarazi zioten bere abokatuari: beste zortzi urte egin beharko zituela espetxean. Hiru urte geroago kaleratu zuten duela hiru hilabete, Auzitegi Konstituzionalak bere helegiteari arrazoi emanda. Baikor dago, hala ere. Europak Espainia jarreraz aldatzera behartuko duen esperantza du.
Nola hartzen du 22 urte preso egin eta kalera doala uste duen preso batek ez dutela askatuko jakitea?
Nire kasuan, doktrina aurrez beste batzuei ezartzen ari zirenez, banekien gerta zitekeela. Lehendabizi egokitu zitzaienei egingo zitzaien oso oso gogorra. Niri ere gogorra egin zitzaidan, baina urte batzuk lehenago zer gertatuko zaizun jakiteak, mentalizatzeko aukera ematen dizu, nolabait.
Nola bizi izan dituzu hiru urte horiek kartzelan?
Urte gogorrenak edo gogorrenetarikoak izan dira. Zuk badaukazu irteera data bat urte asko lehenagotik eta burua prestatua duzu egun horretan kalera ateratzeko. Momentua iristen denean espetxean beste zortzi urte egin behar dituzula esaten dizutenean... Gainera, ordurako 22 urte neraman kartzelan, eta gogorra da. Baina badiotsut, aurretik sumatzen baduzu, burua pixka bat prestatu dezakezu. Ez zaitu sorpresaz harrapatzen lehenengoak harrapatuko zituen bezala.
Konstituzionalak, zure kasuan, onartu zuen luzamendua ez zela zilegi. Kalte-ordainik eman dizute?
Ez.
Zer sentitzen duzu?
Inpotentzia; handia, gainera. Eta orain, Estrasburgoko epaiak dioena ikusitakoan, inpotentzia areagotu egin zait. Aurrez denok genekiena esan du: doktrina ez dela legezkoa. Hala ere, orain, argia ikusteko aukera bat behintzat ematen du, nahiz eta Barne ministroaren adierazpenak ez izan oso itxaropentsuak. Baina pentsatzen dut iritzia aldatu beharko dutela; Europatik behartuko dituztela aldatzera.
Zer uste duzu etorriko dela?
Nik pentsatzen dut bertan behera geratuko dela doktrina. Beste 30 preso joango dira Europara helegiteekin, eta erabakiak ildo beretik etorriko direla pentsatzen dut. Eta espero dut errespetatuko dutela, behartuko dituztela errespetatzera. Baina ez dakigu. Legez kanpoko hainbeste neurri ikusi ondoren, ez dakigu zer etor daitekeen. Baina baietz espero dut.
Gero salbuespen neurri guztiak bertan behera geratuko direla ere bai?
Baietz uste dut. Itxaropena, behintzat, horretan daukagu.






