Berria.info

Igandea, 2013ko maiatzak 19 - 21:22

2012-06-22

Larrepetit

Futbola

Hur Gorostiaga

Espainia eta Frantzia buruz buru ariko dira bihar Eurokopan. Aitor dezadan azken urteetan Bartzelonako futbol taldeak egiten duen joko ikusgarriari esker berriz lotu naizela zangobaloiari. Blaugranen partida bakoitza futbol festa bat izaten da. Baina Del Bosquek Guardiolaren kopia txarra egiten du. Frantsesek, aldiz, originala kopiatu ordez, Espainiaren jokoa imitatzen dute, kopia txarraren kopia okerragoa. Eta ez dira bakarrak. Hainbeste imitazio txarrekin, partidak aspergarri bilakatzen ari dira. Futbola baino gehiago, eskubaloi partiden itxura hartzen baitute partidek azkenaldian, zonakako jokoarekin. Garai batean ziren aitzinlari borrokatzaile horien falta sumatzen dugu batzuetan...

Semearen ikaskide batek Frantziako maillota soinean ekarri du ikastolara. Ez da lehen aldia, eta ez da bakarra. Beste ikaskide bat, berriz, Espainiako elastikoa jantzirik agertu da.

Garai batez pentsaezina izanen zen halakorik. Begietan min egiten badu ere, nolazbait ikastolak normalizatu diren seinale izanen da, garai batez abertzaleen seme-alabak joaten baitziren soilik ikastoletara, eta gaur egun jatorri eta ikusmolde orotariko jendea heldu baita.

Kirola eta politika ez dira nahasi behar; horregatik, gure herriak beste herriek duten eskubide bera ukan beharko luke Eurokopa horretan aritzeko. Hizkuntza eta politika nahasi behar ez diren bezala, gure hizkuntzaren ofizialtasuna eta irautea debekatzen duten politikak desegin behar lirateke.

Semeak galdegin dit biharko partidan noren alde izanen naizen, Frantzia ala Espainiaren alde. Ez bata, ez bestea, Euskal Herriaren alde baizik. Bihar Anoetara joanen gara, Euskal Herriko selekzioa sustengatzerat, euskararen alde eta eskubideen berdintasunaren alde. Aupa neskak!



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia