2012-06-22
Hitz beste
Zulo beltzean
Anjel Lertxundi
Elena Asins-en KMko erakusketako Zulo Beltza instalazioan sartu naiz, eta neure baitako zulo beltzak esaten dit: bere lan artistikoan gero eta xehetasun gehiago ikasten ari dena beti doa ilunpean, aurretik zekiena atzean utzi beharra baitauka ezer berririk lortu nahi baldin badu. Arriskatu beharra dauka. Hautsi. Eten. Aurrez ikasitakoaren eskutik askatu, umea amaren eskutik askatzen den bezala oinez ikasiko badu. Umeak beldurra sentitzen du, eroriko dela uste du, mina hartzeko arriskuan dago, baina hara non amaren eskua utzi eta pauso bat eman duen, gero beste bat. Kontu segurua da eroriko dela. Baina jaikiko da, berriro beste pauso bat emateko.
Artistak ere halaxe: aurretik zekiena atzean uzten ez badu, aurrekoari lotuta segituko du, dakienaren esklabo. Eta antzu, itsu, etorkizunik gabe. Artista nahi duenak ez badu arteak eskatzen dion arriskua hartzen, ez da artista izango. Ez, behintzat, benetako artista.






