Berria.info

Astelehena, 2013ko maiatzak 20 - 07:05

2012-06-10

Bira

Herensugearena

Idurre Eskisabel

Bazen behin herensuge baten menpe bizi zen herri bat. Berak agindutakoa egin ezean guztia suntsituko zuela egin zien mehatxu: erreko zituela etxe eta lanabesak, idortuko pentze eta alorrak, akabatuko abere eta jendeak. Birrinduko zuela guztia, mortu bihurtuko herri oparoa. Beldurtuta, baietz esan zioten herritarrek, obedituko ziotela. Neska gazte bat emateko agindu zien herensugeak. Zotz egin zuten, eta patu beltzak jotako neskatoa otzan eraman zioten. Neskatoak eta haren hurbilekoek izan ezik, lasai hartu zuten arnasa besteek. Laster eskatu zuen, ordea, beste neskato bat. Are lasterrago beste bat. Bi izan ziren hurrena. Eta neskatoak ez ezik, mutikoak eskatzen hasi zen gero. Andreak ere bai, gizonak... Hirunaka eta launaka. Gero eta asegaitzago zen herensugea. Egun batean, kanpotar bat iritsi zen. Zur eta lur geratu zen etengabeko zozketa zoro harekin, eta plazaren erdian jarrita oihu egin zuen: «Ez al duzue ikusten herensugea zuek elikatzen duzuela? Zuek biziarazten?». Isilune larri baten ostean, harri-makilak eskuan hartu zituzten herritarrek eta aise akabatu zuten leize atarian sabel puztuz zetzan herensugea.

Noiz iritsiko da guregana merkatuak esaten diegun herensuge asegaitza guk biziarazten dugula oihukatuko digun kanpotarra?



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia