2012-06-08
Hizpideak
Egiazko oroimena
Pello Urzelai
pellour@berria.info
Oroimenaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko bidean beste urrats bat egin dute Eusko Legebiltzarrean. Sustatzaileek legegintzaldi honetan jarri nahi dute martxan, nahiz eta legegintzaldia azkenetan egon, baita ikuspuntu politikotik ere
. Eztabaidan nabaria izan da hauteskundeen itzala gainean zutela alderdi gehienek. Memoria duen bakea eraikitzea da institutuaren helburuetako bat. Oroimena bizirik atxiki, iragana errepika ez dadin eta elkarbizitza sustatzeko. Oroimena funtsezkoa da bestelako etorkizun bat eraikitzeko, eta biktimek zor zaien aitortza eta erreparazioa izan dezaten. Baina oroimena ez da nahikoa. Argia ere behar da, oroitu ahal izateko gertatutakoaren gainean argitasuna behar delako. Egia osoa azaleratu eta erantzukizunak argitu behar dira. Estatuaren babespean gordeta dauden giza eskubideen urraketa guztiak barne. Oroimenaren Institutua eraginkorra izan dadin, beharrezkoa izango da estatuak eta estatuko aparatuek beren erantzukizun zatia aitortzea. Bestela, ez da izango egiazko oroimenik.






