Berria.info

Larunbata, 2013ko maiatzak 18 - 11:10

2012-06-02

Hezkuntza. Itunpeko sarea

Nafarroako itunpeko irakaskuntzan arriskuan daude 150 irakasle postu

Ikastetxeek proposatu dute jasotzen duten diru laguntza eta irakasleen soldatak %2 jaistea, zentroetan inor ez kaleratzeko

Sindikatuei eskatu diete proposamen horren alde egiteko, lanpostuei eusteko

Edurne Elizondo Iruñea

Hitzartutako irakaskuntzako ordezkariak, atzo, Nafarroako Ikastolen Elkartean egindako agerraldian. / IÑIGO URIZ / ARP

Itunpeko irakaskuntzaren esparruan ere badute eraginik hezkuntzako murrizketek. Horixe nabarmendu dute arlo horretako Nafarroako ikastetxe guztiak ordezkatzen dituzten elkarteek: Nafarroako Ikastolen Elkarteak, Irakaskuntza Zentroen Nafarroako Elkarteak, eskola katolikoek eta UECOE Nafarroa-Cuatro Vientos Institutuak. «Murrizketen ondorioz, 150 lanpostu daude kolokan gure sarean», erran du Iñaki Iraizozek, denen izenean. Egoeraren berri emateko, agerraldia egin zuten atzo, Iruñean.

Kaleratzeak bazter uzteko, jasotzen duten diru laguntza eta irakasleen soldata %2 jaistea proposatu dute. «Murrizketen aurka gaude, baina txarra eta hagitz txarra denaren artean aukeratu beharra dago», azaldu du Iraizozek. Proposamen horrekin bat egiteko eskatu diete sindikatuei.

Irakasleen jardunaldia luzatzeko neurriak jartzen ditu arriskuan itunpeko irakaskuntzako lanpostuak, Iraizozek ohartarazi duenez. Haur eta Lehen hezkuntzei eragiten die neurri horrek. Orain, 23 eskola ordukoa da jardunaldia, eta 25era igo nahi du Hezkuntza Departamentuak, Espainiako Gobernuak apirilean onartu dekretuaren harira. «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gauzak ez dira aldatuko itunpeko zentroetan, jada 23 eskola orduko jardunaldia baitute irakasleek. Gela bakoitzeko ikasle kopurua igotzeko neurriak ere ez digu eraginen, ez baitugu talderik galduko».

Itunpeko irakaskuntzan 35.000 ikasle inguru ari dira Nafarroan, guztien %37. Zentro horietan 2.400 irakasle inguru ari dira lanean. Lan jardunaldia luzatuz gero 105 lanpostu galduko liratekeela uste dute ikastetxe horietako arduradunek. «Gobernuak ordaintzen dituen irakasleez gain, zentroek ere kontratatzen dituzte hainbat, eta haietako 45 lanik gabe geldituko lirateke, murrizketen ondorioz». Denera, 150. Hau da, irakasle guztien %8 inguru.

3,9 milioi euro aurrezteko

Maiatzaren 25ean bilera egin zuten itunpeko zentroetako ordezkariek Hezkuntza Departamentuko arduradunekin eta sindikatuekin. Itunpeko irakaskuntzan Sepna sindikatuak du gehiengoa, eta ordezkariak badituzte UGTk, ELAk eta LABek. Bilera horretan, murrizketen helburua 3,9 milioi euro aurreztea dela azaldu zien Nafarroako Gobernuak ikastetxeei. «Argi utzi ziguten, halaber, neurriak derrigorrez bete beharrekoak direla».

150 lanpostu kolokan ikusita, asteon egin dute bigarren bilera, eta bertze proposamen bat jarri dute mahai gainean zentroek. «Nafarroako Gobernutik jasotzen dugun diru laguntza %2 jaistea, eta %2 jaistea, halaber, irakasleen soldatak. Horrekin batera, proposamena da lan jardunaldia luzatzeko neurria tutoretza orduetan, bilerak egiteko orduetan eta gisakoetan ezartzea, gelako eskola orduetan ezarri beharrean», azaldu du Iraizozek.

Gobernuak ezin du, bere kabuz, itunpeko irakaskuntzako irakasleen soldata jaitsi. Ondorioz, sindikatuen oniritzia behar du ikastetxeen proposamenak, aurrera egiteko. Oraingoz, ordea, ez du lortu. «Murrizketak bertan behera utzi behar direla diote; eta Nafarroak dituen eskumenen kontra egiten dutela. Gu ere murrizketen kontra gara, baina arduraz jokatu behar dugu orain. Gobernuak bi asteko epea zehaztu du erabaki bat hartzeko. Murrizketak martxan jarriko dituzte, eta, irailaren 1etik aurrera, 150 lanpostu galduko dira».

Lanpostu horiei eustea da lehentasuna itunpeko ikastetxeentzat. Horixe nabarmendu dute, nahiz eta jakin diru laguntza jaisteak ondorioak izanen dituela. «Gure eskolen gisako kooperatibetan, adibidez, akordioa lortuz gero, familiek ordaindu beharreko kopuruan izanen luke eragina diru laguntzen jaitsierak. Neurri mingarria da», esan du Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Pello Mariñelarenak.

Murrizketak ez dira itunpeko ikastetxeen arazo bakarra. Izan ere, aurten gastu arrunterako jaso beharreko sail guztia ez dietela emanen jakin dute zentroek. «Bi hilabetean behin hiru milioi euro inguru jasotzen ditugu; urteko azken ordainketa ez digute eginen aurten», azaldu du Irakaskuntza Zentroen Nafarroako Elkarteko Francisco Jose Floresek. Ordainketa 2013ra atzeratu diete. «Baina 2013ko azken ordainketa ere atzeratuko dela erran digute jada».



 

Batuta segitzeko eskatu dute hezkuntzako sindikatuek

Hiru eguneko grebak izandako erantzun «ikaragarriarekin» harro, batuta jarraitzera dei egin dute Nafarroako hezkuntzako sindikatu guztiek. Lanuztearen balorazioa egin dute ohar baten bitartez, eta protestetan izandako parte hartzea nabarmendu dute. Nafarroako Gobernuak bereari eutsi dio hezkuntzako mozketei dagokienez, kaleko protestei entzungor eginez eta murrizketak auzitan jarri dituen parlamentuaren txostenari ezikusia eginez. Aurrerantzean zer egin erabakitzeko, bilerak antolatu dituzte sindikatuek; asteazkenean izango da nagusia. CCOOk, berriz, Nafarroako Parlamentuari egin dio deia: hezkuntzako murrizketak behin-behinean eteteko eskari bat aurkez dezala auzitegian.



 

PSOEk DBHrako prestaturiko ibilbideak, bertan behera

Eskola uztearen aurka PSOEk DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eginiko aldaketak bertan behera utzi ditu PPk; irailean ziren indarrean jartzekoak. Lan hastapeneko programetara lehenago sartzea eta titulua ez dutenei ezagutzen egiaztagiri bat ematea proposatu zuen PSOEk. PPk dio ez dela «eraginkorra».



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia