2012-06-01
Murrizketak. Protestak alor publikoan
Bat egitearen indarra
Arrakasta lortu dute sindikatuek Nafarroako hezkuntzan eta alor publikoan elkar hartuta deitutako greban; jendetzak egin du protesta
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurrekoetan baino babes txikiagoa lortu du, zatiketagatik
Garikoitz Goikoetxea
Jendetza handia bildu zen atzo eguerdian Iruñean, alor publikoan egingo dituzten murrizketak salatzeko. / IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Batasunaren indarra eta zatiketaren ahulezia agerian utzi zituzten atzo Hego Euskal Herriko kaleek: Nafarroan jendetza handia biltzea lortu zuten beste behin ere sindikatuek, bat eginda hezkuntzan eta alor publikoan deitutako grebaren bidez; aurrekoetan baino erantzun epelagoa izan zuten protestek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, dei bateraturik ez eta.
Hezkuntzan Espainiako Gobernuak agindu eta Nafarroako Gobernuak bere egindako mozketen aurkako grebek azken eguna zuten atzo; aurreko bi aldietan agertutako indarrari eustea lortu zuten sindikatuek, eta areagotu ere egin zuten, alor publikora zabaldu baitzuten deialdia. Haien arabera, langileen erdiek egin zuten protesta. Iparraldean, erabatekotzat jo zuten greba; Iruñerrian %53koa, eta Erriberan, %30ekoa.
Greba gutxietsiz erantzun du Iruñeko gobernuak, aurreko egunetan legez; haren arabera, 3.500 beharginek utzi zuten lanpostua, gutxieneko zerbitzuetan ez zeudenen %17,6k. Hezkuntzan izan zuen babes zabalena: sindikatuen arabera, hamarretik zazpik egin zuten greba; gobernuaren arabera, hamarretik hiruk. Eskolek zabalik behar zuten egon, eta, azterketa garaia denez, probak egin eta zuzentzeko agindua zuten maisu-maistrek. Hezkuntza Departamentuan piketeek oztopoak izan zituztela salatu dute.
Osasunbidean izan zuen eragin gutxien grebak; gutxieneko zerbitzuak martxoaren 29koak baino ugariagoak zirela salatu dute sindikatuek, eta lanera derrigor jo behar izan zutenei ez zietela utzi atxikimendua sinatzen.
Kalean, langileekin bat egin zuten ikasleek eta gurasoek. Gobernuaren neurri irmoek harrarazi diete elkar: hezkuntzan, irakasleei eskola ordu gehiago jarriko dizkie, ordezkapenak atzeratuko dituzte, eta ikasleak gehiago pilatuko; behargin publikoek lanordu gehiago izango dituzte. Sindikatuen esanetan, 2.000 langile kanporatuko ditu gobernuak aurten. Neurri horiekin langabezia areagotu eta zerbitzu publikoak kaskartu egingo direla salatu dute.
EAEn, adostasunik gabe
Jaurlaritzak ez du hartu Iruñeko gobernuaren jarrera bera. Madrilen murrizketak ez dituela egingo nabarmendu du etenik gabe. Sinesgarritasunik ez diote eman sindikatuek; baina, hala ere, aski izan da haien batasuna hausteko.
Espainiako Gobernuak murrizketen berri eman ostean, elkar hartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alor publikoan gehiengoa duten lau sindikatuek —LABek, ELAk, EILASek eta ESK-k—, eta grebara deitu zuten. Orain bi aste, ordea, atzera egin zuten ELAk eta EILASek, eta, lanuztearen ordez, manifestazioak antolatu zituzten. Eguna moldatzea erabaki zuten orduan beste bi sindikatuek: bi ordura mugatu zuten alor publikoko geldialdia.
Deialdia kolokan egon izanak eragin zuzena izan zuen atzoko erantzunean. LABek berak aitortu zuen Nafarroan baino «mugatuagoa» izan zela parte hartzea. Daturik ez zuen zabaldu; Jaurlaritzak, bai: haren arabera, greba egitera deitutakoen %1ek utzi zuten lana bi orduz. ELAri eta EILASi kontuak eskatu dizkie LABek: «Deialdiarekin aurrera egin izan balute, Nafarroan lortu den besteko erantzuna lortuko genuen». Jaurlaritzaren jarrera ere salatu du sindikatuak, legez kanpokotzat jo zuelako lanuztea; beharginei «mehatxu» egitea egotzi dio.
Eguerdian egin zituzten LABek eta ESK-k antolatutako manifestazioak; 4.000 lagun batu ziren guztira, LABen esanetan. Donostiako elkarretaratzean Gipuzkoako Diputazioko ordezkaritza zabala izan zen, Martin Garitano ahaldun nagusia buru zela. Izandako babesarekin «pozik» da sindikatua, eta «eskualde guztietara» heldu dela nabarmendu du.
Arratsaldean egin zituzten manifestazioak ELAk eta EILASek, nahiz eta goizean ere erakundeen, ikastetxeetan eta osasun etxeen aurrean egin zituzten elkarretaratzeak. Ehunka eta ehunka lagun batu zituzten arratsaldean Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Zerbitzu publikoetarako ELAko ordezkari Igor Eizagirrek hitz egin zuen Bilbon: protesta egitearen garrantzia nabarmendu zuen.
Desadostasunak gorabehera, mezu bertsua zabaldu zuten sindikatuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: joan deneko hiru urtean murrizketak egiten ari dela Jaurlaritza, eta ez diotela sinesten murrizketarik ez duela egingo dioenean. Mozketak eginez gero kalean jarraituko dutela adierazi dute aho batez. Baina banatuta.
ESANA. PATXI LOPEZ. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Hezkuntzan eta ikerkuntzan murrizketak egiten dituen herrialde batek etorkizuna ukatzen dio bere buruari»
Iribas kontseilariak argi erran du ez dela deus aldatuko
«Ez da deus aldatuko», erran du Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek hezkuntzako hirugarren greba egunaren harira. «Bertze greba egun bat bertzerik ez da izan, eta aurretik ere elkarrizketarako prest ginen», adierazi du. Aitortu du bi ordu gehiago lan eginda irakasleek aurrerantzean esfortzu handiagoa egin beharko dutela, baina azken egunotako diskurtsoari eutsi dio Iribasek: nabarmendu du Madrilek ezarritako hainbat neurri «derrigorrean» bete egin behar dituela Nafarroako Gobernuak, nahiz eta gero auzitara jo. Espainiako Gobernuaren dekretuari ezin zaiola intsumisiorik egin adierazi du, nahiz eta Nafarroako Gobernuari eskumena aitortu dion auzitara jotzeko.
Ehunka erizain «matxinatu» dira Gurutzetan, oporrengatik
Gurutzetako zuzendaritzak erizainei jai egunak kentzea erabaki zuen atzo, oporrak zituztenentzako ordezkapenik ez egitea erabaki baitzuen. Erabakiaren berri izan orduko, SATSE sindikatuaren esanetan, ehunka erizain «matxinatu» ziren zuzendaritzaren bulegoko ate aurrean, eta zuzendaritza estutu zuten. Azkenean, atzera egin, eta erizainen ordezkapenak egitea onartu zuen zuzendaritzak. SATSE, ESK eta LAB sindikatuek erizainak zoriondu dituzte, eta Osakidetzaren «murrizketa eta pribatizazio» politikak salatu dituzte.
ELA sindikatuak, bestalde, ohartarazi du Errontegiko osasun etxe berrian ez dela pediatriarik egongo, eta La Felicidadera bideratuko dituztela haurrak.






