Berria.info

Igandea, 2013ko maiatzak 19 - 20:58

2012-05-30

Zuzendariari

Farmazian atzerako aldaketarik ez

Amparo Mendia.

Gipuzkoako farmaziako langile bat naiz. Azken boladan nire lanaren inguruko hainbat gai plazaratu da, esaterako, botiken kopagoa, errezeta elektronikoa eta abar. Hori dela eta, gure egoeraren berri eman nahi dut.

Aldaketak datoz; batzuk, gaixoarekiko zerbitzua eta botiken gehiegizko kontsumoaren kontrola hobetu nahian; beste batzuk, ostera, ez dakigu zertara datozen. Hala ere, farmaziako langileok ere eragina jasango dugu, jendarteko beste sektore askok bezala. Gure egoera ez da maitagarrien ipuinetakoa bezalakoa, botikan artatzen zaituztegunean irribarrea beti aurpegian izan arren.

Urtebete eta erdi daramagu hitzarmena sinatu ezinik; gu horren alde gaude, baina zerbait eskaintzen badigute, atzerapausoak emateko eskatzen digute. Soldata igotzea eskaintzen badigute, urtean lanordu gehiago sartzearen eta IT osagarria (laneko bajak eta gaixotasunak arautzen dituena) kentzearen truke eskaintzen digute. Langileok lanordu kopuru bera egiteko, KPIa igotzeko eta IT osagarriari orain dagoen bezala eusteko prest gaude. Hainbeste al da eskatzen duguna? Berrogei urteko borroka atzera jotzeko!

Gu ere patronalaren injustiziak eragiten gaituela jakinarazi nahi diegu herritarrei, bi hilabete baitaramatzagu gure azken proposamenari erantzuteko zain. Horrela gaude, eta zuek jakinaren gainean egotea nahi dugu. Baina, ez izan zalantzarik, gure arazoez gain, zuek geure irribarrerik onenaz artatzen jarraituko dugula.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia