2012-05-27
Errusia. Boterearen banaketa
Bide berari eusteko aldaketa
Errusia Batua alderdi ofizialistak presidente izendatu du Dmitri Medvedev, alderdian Vladirmir Putinek lagatako lekua betetzeko
Medvedevek, alderdia «demokratizatu», eta «jende arruntarengana zabaldu» nahi du
Jon Fernandez
Tandemokrazia errusiarra izenez bataiatu izan dute maiz Mendebaldekoek. Xakean erregeak eta dorreak alfilen babesean egiten duten arrokatze mugimenduarekin ere parekatu izan dute sarri. Vladimir Putinek eta Dmitri Medvedevek elkarren artean banatu dute Errusiako boterea azken hamar urteetan, eskuz esku, bereziki 2008az geroztik. Presidentetza eta gobernua trukatu dituzte orain arte, baina gaur, ofizialki, Errusia Batua alderdi ofizialistaren gidaritzan ere jokaldi bera egin dute. Moskun egindako konferenzian, Medvedev hautatu dute alderdiko presidente. Alderdia «berritzea» eta «jende arruntarengana zabaltzea» agindu du Errusiako presidente ohi eta egungo lehen ministroak. Putinek, berriz, Errusia Batua bere aliatu gakoa izango dela nabarmendu du, haren ustez, «herri aberats, sendo eta askea izateko baliabide oro erabiltzeko prest dagoen indarra» delako alderdia.
Presidentetzan hasitako «aldaketa ibilbidea» alderdian jorratu nahi du orain Medvedevek. Errusiako gizartearen zati handi batek burokratek eta karguzaleek boterean gora egiteko plataforma moduan ikusten dute Errusia Batua, eta irudi hori aldatu gura du. «Alderdiko agintarien artean eta jende arruntaren artean ez da arrakalarik egon behar, jende arrunta delako, hain zuzen ere, alderdiaren indar nagusia», azaldu zuen lehen ministroak joan den martitzenean alderdian izena eman zuenean. Izan ere, formalki, Medvedev ez da inongo alderdiri lotuta egon orain arte. Martitzenean eman zuen izena alderdian, eta lau egun geroago izendatu dute alderdiko presidente. Militante txartela duen Errusia Batuko lehen presidentea da.
Alderdiko aginte postuetarako oinarriko militanteak aukeratuko dituela agindu du alderdiburu berriak. Gainera, alderdia demokratizatuko duela agindu du, buruzagi guztiak bozketa bidez aukeratuz: «Beste alderdi politikoetan ikusten ez den barne demokrazia maila lortuko dugu».
Bestalde, oposizioarekin polemikak izateari beldurrik ez izateko eskatu die alderdikideei. «Eztabaidak dira politikaren gatza eta piperra. Eztabaidatzearen artea, aurkari sendo bati aurre egiten jakitea, galderei erantzuten jakitea eta berbazko erasoei eusten jakitea kultura politikoaren parte da».
Presidentetzan eta gobernuan gertatu zaion bezala, Putinek lagatako aulkia betetzera joan da Medvedev alderdi ofizialistara ere. Joan den apirilaren 24an jakinarazi zuen egungo presidenteak alderdiaren gidaritza lagako zuela, lau urteren ostean. Presidentetza eta alderdiaren gidaritza partekatzea kaltegarria litzatekeela argudiatu zuen horretarako. «Uste dut maiatzaren 7an presidente kargua hartu ostean Errusia Batuaren zuzendaritzari uko egitea dela zuzenena. Eta gobernua gidatzeko Medvedev proposatuko dudan bezala, alderdia gidatzeko ere hura proposatzea da aukerarik egokiena».
Behartutako aldaketak
Alderdi ofizialistak gehiengo osoa du Duman —Errusiako Parlamentuan—, baina Putin-Medvedev bikoteak ez du 2008an besteko babes erabatekorik, eta iazko abenduko legebiltzarrerako hauteskundeen osteko protestek isiltasuna hautsi dute kalean —oposizioak iruzurra salatu zuen, eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik gobernuaren kontra izandako protestarik handienak izan ziren Moskun—. 450 eserlekuz osatutako parlamentuan, 392 diputaturen babesarekin izendatu zuten Putin lehen ministro 2008an; duela bi aste, berriz, 299 diputatuk babestu zuten Medvedev gobernuburu moduan.
Botereari luzaroan eusteko, eta kaleko presioak eta iazko abenduko hauteskundeetan izandako beherakadak bultzatuta —lau bototik bat galdu zuen Errusi Batuak— , aldaketa batzuk egitea erabaki zuen Moskuk, eta Medvedev izan da hasieratik aldaketaren irudikapenaz arduratu dena. Bikote politikoaren baitan pisu handiagoa du Putinek, eta estatuburu ukiezinaren eta herritarren arteko bitartekari rola jokatzea egokitu zaio Medvedevi. Abenduko bozen osteko protestak baretu nahian, aldaketa batzuk egin zituen alderdien legean eta gobernadoreen aukeraketa sisteman —bozketa barik hautatzen zituen lehen Kremlinek—. Oposizioak, baina, mesfidantzaz hartu ditu aldaketok, sistemaren benetako zabaltzea baino gehiago boterearen monopolioari eusteko maniobra taktikoa delakoan.
Gobernuan ere aldaketak egingo dituela iragarri du lehen ministroak. Datozen sei hilabeteetarako markatu dituen lehentasunen artean, hauek dira aipagarrienak: legebiltzarrean 2013-2015 urteetarako aurrekontu proiektua aurkeztea, langile publikoen soldatak igotzea, aurreko gobernuak hasitako proiektuak bukatzea eta hainbat enpresa publiko pribatizatzea.
«Honek luze joko du»
Bi pertsonatan oinarritutako botere sistema zurkaiztu nahi du Medvedevek, eta «lasai» egoteko eskatu die alderdikide zein oposiziokoei. «Guztiok erlaxatzeko garaia da; honek luze joko du». Izan ere, hura presidente zela egindako konstituzio aldaketari esker, 2024ra arte egon daiteke Putin Moskuko presidentetzan, eta, orduan, beste hamabi urterako txanda hartu ahal izango du Medvedevek.
«Zaindu ezazu Errusia», eskatu zion Boris Jeltsinek KGB zerbitzu sekretuetako agente ohi Putini 1999an presidente kargua laga zionean, eta eskari hura betetzen jarraitzen du hamahiru urte geroago ere. 2000. urtetik 2008ra arte presidentetzan egon zen, eta Medvedev proposatu zuen orduan presidentetzarako —atzerrian inor gutxik ezagutzen zuen artean—. Hala ere, hasieratik zebilen Medvedev Putinen gerizpean lanean: Putin jarduneko presidente izendatu ostean, Moskura joan zen bizitzera, eta haren kabineteko zuzendariorde izan zen. 2002an, Gazprom Errusiako gas konpainia publikoko presidente izendatu zuten, eta, 2008an, presidentetza lortu zuen. Bi buruko boterea irudikatu arren, bakarra balira bezala aritu dira orain arte.
670
Ordezkariak.
Errusia Batua alderdiko kongresuaren eztabaidan 670 ordezkarik esku hartu dute, eta beste 1.500 bat pertsona joan dira gonbidatu gisa. Atzerriko 50 ordezkaritza ere joan dira. Ikusmina eragin du bilkurak, eta mila bat kazetarik jarraitu dute bertatik bertara.
Putinen bizkartzainak
Dmitri Medvedevek gobernuaren %80 aldatuko zuela agindu zuen, eta hitza bete du, baina ministro garrantzitsuenak Vladimir Putinek babestutakoak dira: Defentsa, Barne, Atzerri eta Ekonomia ministroak.
Amagoia Mujika
Dmitri Medvedevek lehen ministro kargua hartu aurretik agindu zuen, presidente gisara egokitzen zitzaion lekutik, gobernuaren osaera %80 aldatuko zuela, eta esandakoa bete du, baina adituek ziurtatzen dute Kremlinek ez duela erabaki garrantzitsurik hartuko, Errusiako presidente Vladimir Putinek proposatutakoak ez badira. Gobernu berria —astelehenean izendatu zuten— konpromiso politikoaren emaitza baita. Interpretazio hori egin du Ingeniaritza Politikoaren Zentroak. Igor Bunin presidentearen ustez, «oraingo presidentearenganako aurrekoarenganako baino mendekotasun handiagoa izango du»; alegia, Vladimir Putinek kontrolpean izango du.
Gobernuko kargurik sendoenak Putinek babestutakoak dira, besteak beste, Anatoli Serdiukov Defentsa ministroa, Vladimir Kolokoltsev Barne ministroa —Rashid Nurgalieven ordez—, Anton Siluanov Finantzetakoa eta Andrei Belousov Ekonomiaren Garapenerakoa. Buninek argi dauka: «Putinek militarren, segurtasunaren eta ekonomiaren kontrol osoa izango du. Ministro horien bidez, gobernua barrutik kontrolatzeko aukera du».
Anatoli Serdiukov armada berrantolatu duen gizona da. Altzari negozioan aritutakoa Vladimir Putinen gizonetako bat bilakatu arte. 2000. urtean Putinek presidentetza hartu zuenean, bide arrakastatsuari ekin zion. Ordutik, presidentearen konfiantzakoa izan da. Zergen Ministerioan hasi zuen ibilbidea; gero, zuzendu egin zuen, eta ministro zela zergen zerbitzu federala berrantolatu zuen, eta ministerioko funtzionario garrantzitsuetako asko aldatu zituen. 2007an Defentsa ministro izendatu zutenean, gauza bera egin zuen armadan: ustelkeriak jota zeuden buruzagi asko kendu zituen, eta armada eraginkorrago bilakatu zuen. NATOren eta Errusiaren arteko elkarrizketa garrantzitsurik ez da egiten hura gabe.
Vladimir Kolokoltsev Barne ministroa, berriz, Moskuko Polizia Departamentuaren burua izan da orain arte. Polizien beste buruzagi batzuekin batera, Moskun 2010etik 2012ra izan diren protestei aurre egin behar izan die. Neurri zorrotzak hartzen badakiela erakutsi du. 2009an, Moskuko polizia asko kargutik kendu zituen, ustelkeriagatik. Polizien diziplina «bikoiztuko» duela agindu du. «Arazo handiena jendearen konfiantza berreskuratzea izango da». Levada Zentroak ateratako inkestaren arabera, herritarren %63k ez dute poliziengan batere konfiantzarik, eta %83 kezkatuta daude haren jarrerarekin eta ustelkeriarekin. «Herritarrek legea bete dezatela nahi badugu, guk geuk akatsgabeak izan behar dugu».
Kolokoltsev ezarrita, mezu argia eman nahi du presidenteak: Medvedeven «demokrazian sakontzeko» kontzeptua ez dela manifestariek duten bera. Hamabi urtean izandako boterea beste sei urtez luzatzeko asmoaren aurrean kalera haserre irten zirenei aurre egingo diela. Herritarrek aukeratu dutelako —iruzurra leporatu zioten—, kalera manifestatzera ateratzen ez diren horiek, eta ordena mantenduko du. Putin 2000. urtean aukeratu zutenean baino nahastuago dago egoera kalean, baina badaki zer dagoen. Hura hor egon da beti.
Aurreko legealdietan ez zuen arazorik izan herritarrek bere alde egiteko, 1990eko hamarkadako egoera kaskarrari irtenbidea emateko herritarrek buruzagi gaztea eta indartsua nahi zutelako, eta bazirudien hori zela Putin. Txetxeniako gerran erakutsi zuen sendotasun berezia, eta gerra gizon prestuaren irudiari esker lortu zuen bigarren legealdia. Oraingoan ere arerio sendorik gabe aise irabazi ditu hauteskundeak, baina hark eraikitako herriarekin gustura ez daudenen protestak jasan behar izan ditu kalean.
Errusiatik kanpora, berriz, ospe handia duen ministroarekin jarraitzea erabaki du. Atzerri ministroak, Sergei Lavrovek, bere karguan jarraituko du. SESB eta Errusia ordezkatu ditu Nazio Batuen Erakundean, eta 2004tik diplomazia errusiarraren ordezkaria da. Azkenaldian, Sirian egoera konpontzeko bitartekari lanean aritu da.
Anton Siluanov Finantzetako ministroa eta Andrei Belousov Ekonomiaren Garapenerako ministro ere gertu-gertukoak dauzka, eta «krisi globalari» aurre egiteko «iaioak» dira, presidentearen ustez. Besteak beste, pribatizazio izugarria egin nahi du Putinek.
ESANA. ALEKSEI KUDRIN. Errusiako Finantza ministro ohia, kargutik kendua iaz
«Putin dagoen lekuan dago boterea. Ez zaio gustatzen uhalak askatzea. Egoera honetan, are gutxiago»
Alemania, Frantzia, Israel eta Txina, Putinen bidaia agendan
Bidaia agenda estua du Vladimir Putin Errusiako presidenteak datozen asteetarako: maiatzaren 31n, Bielorrusiara joango da; hurrengo egunean, Angela Merkelekin elkartuko da Alemanian, eta François Hollanderekin Frantzian. Israelera eta Txinara ere joatekoa da ekainean.
Protestarientzako isunak 200 aldiz garestiagoak izango dira
Errusiako Parlamentuak manifestarien aurkako zigorrak gogortzea erabaki du. Mitin, elkarretaratze, ekitaldi publiko edo manifestazioetako arauak betetzen ez dituzten pertsonek milioi bat errubloko (25.000 euroko) isuna jaso ahal izango dute —orain arte 125 eurokoa zen isuna, 200 aldiz txikiagoa—. Ekitaldi eta protesta antolatzaileei, berriz, 1,5 milioi errubloko (37.400 euroko) isuna jarri ahal izango diete —orain arte 1.250 eurokoa izan zitekeen, 30 aldiz txikiagoa—. Falta administratiboak dituzten herritarrei mobilizazioetara deitzeko debekua ere jarriko die Errusiako Parlamentuak, baita manifestariek aurpegia estaltzeko gailuak erabiltzea ere. Ekainaren 12rako iragarri du oposizioak hurrengo manifestazioa.






