Berria.info

Ostirala, 2014ko apirilak 25 - 07:18

2012-05-17

Larrepetit

Irakasle

Arantza San Sebastian

Hezkuntza arloan gabiltzanok lanean egiten ditugun urrats guztiak ikasleek ikastera daude bideratuak. Eskolak prestatzen ditugu, saioetako jarduerak diseinatzen ditugu, programazio luzeak eta programazio laburrak egiten ditugu. Ikasleek lortu behar dituzten gaitasunak lortzeko Hezkuntza Sistemak definitzen dituen helburuak eta dagozkien edukiak kontuan izanik egiten ditugu programazioak. Proiektuen bidez zein ikaslibururekin lan egin, modu batez edo besteaz marrazten dugu ondorengo eskola saioetan egingo duguna. Gehienok irakasle izaten jarraitzen dugu eskolaz kanpo gaudenean ere; bizitzan gurutzatzen zaigun edozeri aplikazio didaktikoa bilatzeko joera handia daukagu.

Badakigu, jakina, ez garela hezitzaile bakarrak, hortxe daude familiak, hortxe gizartearen beste estamentuak, hortxe hedabideak, hortxe Internet eta liburuak eta kalea eta mundua... Baina irakasleak gara heziketa xedearekin lanera joaten garenak goizero.

Ikasgelako eguneroko jardunaren eskaerak horretarako zirrikitu gutxi utzi arren, noizean behin ikaste prozesuaz egiten dugu gogoeta, bai uneko egoerak horrela eskatu digulako, bai sakontzeko abagunea izan dugulako. Edo, bestetan, hezkuntzako espezialistaren batek ekarria. «Zer irakatsi» eta «nola irakatsi» galderak daude gogoetaren oinarrian, batak bestean eragin eta bigarrenak lehena baldintzatzen duelako. Eta hausnarketa horien ondorioz, egokitu, hobetu edo, batzuetan, aldatzen dugu irakasteko era. Baina horretan ere, ardura handia sentitzen dugu, nahi gabe imajinatzen dugulako geuk irakasten ez badiegu haurrek ez dutela ikasiko.

Lehengoan, horretan nenbilela, esaldi honekin egin nuen topo: «Ez genuke ezer ezagutuko, dagoeneko barru-barruan dena ezagutuko ez bagenu». Eta pentsatu nuen, akaso, ezagutza hori gerta dadin baldintzak sortzea besterik ez dela gure lana.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia