Berria.info

Igandea, 2014ko apirilak 20 - 01:25

2012-05-09

PSE-PP akordioaren haustura

Lopezek ez du legealdia bukatutzat jo, baina ez du argitu beteko duen

Lehendakariak PPri leporatu dio akordioa hautsi izana, eta esan du gizarteak ez duela behar bozen aurrerapenaz hitz egitea

Nahi izanez gero zentsura mozioa aurkez dezala erantzun dio Lopezek EAJri

Edurne Begiristain Gasteiz

Ikusmin handia piztu zuen Patxi Lopez lehendakariak atzo Lehendakaritzan egindako agerraldiak. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

EAEko hauteskundeak aurreratzeko asmorik ez du, gaur-gaurkoz, Patxi Lopez lehendakariak. Orain «Euskadik» ez du halako erabakirik behar, haren ustez: «Euskadik ez du hauteskundeen inguruko eztabaidarik behar. Euskadik bere interesen aldeko politiken defentsa behar du». PPk gobernu ituna hautsitzat eman eta bozak aurreratzeko egindako eskaerari modu horretan erantzun dio lehendakariak. Hortaz, Lopezek legealdia ez du amaitutzat jo, baina ez du argitu osorik beteko duen.

Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak lagunduta egin zuen atzoko agerraldia lehendakariak, Lehendakaritzako egoitzan. Eusko Jaurlaritzaren hiru urteko balantzea egiteko prentsaurrekoa izan behar zuena PSE-EEren eta PPren arteko elkarlanaren hausturaz hitz egiteko agerraldia bilakatu zen. Ikusmin handia piztu zuen prentsaurrekoak, eta kazetariek lepo bete zuten Lehendakaritzako areto nagusia.

Oinarrizko akordioaren hausturaren erantzukizun guztia PPri leporatu dio lehendakariak: «Zoritxarrez, PPk alde batera utzi ditu gurekin adostutako helburuak, Raxoiren murrizketei babesa emateko. Nahiago izan du bere alderdiko politika Madrilen defenditu, hemen Euskadiko herritarren interesen eta guztion autogobernuaren alde egin beharrean». EAEko PPk Madrilgo interesen alde egitea deitoratu du Lopezek, kontuan izanik Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasunean eta hezkuntzan murrizketak egiten dituela eta erkidegoaren eskumenak «urratzen» dituela: «Akordioan ez zen jasotzen autogobernuari erasotzen ziotenean beste aldera begiratu behar genuenik, ezta zerbitzu publikoak murrizten zirenean ezer gabe geratu behar genuenik ere», adierazi du.

Lehendakariaren arabera, Eusko Jaurlaritzak bete egin ditu PPrekin sinatutako akordioaren hiru puntuak, hots, ETAren kontra aritzea, autogobernuaren alde egitea eta euskal ekonomia bultzatzea, eta azpimarratu du hemendik aurrera ere eutsi egingo diela «euskal gizartearekin hartutako konpromiso» horiei. «Gaur inoiz baino beharrezkoago jotzen ditut hor jarritako helburuak». Hala, gobernuaren proiektuak aurrera ateratzeko lanean jarraituko duela azpimarratu du.

Ez du argitu, ordea, egitasmoak aurrera eramateko legealdi osoa beharko duen. Kazetariek behin eta berriz galdetu diote legegintzaldia osorik betetzeko asmoa ote duen, baina lehendakariak ez du erantzun nahi izan: «Nire asmoa da legealdiaren hasieran ezarritako helburuak lortzeko lanean jarraitzea», esan du. Horretarako zenbat hilabete behar dituen galdetu diotenean, iheskor mintzatu da berriro: «Denbora behar da».

Bozak aurreratzeko aukeraz galdetuta ere, modu berean erantzun du: «Ez naiz sartuko joko alderdikoi horietan, euskal gizartearentzat okerra delako. Zer behar du euskal gizarteak? Hauteskundeetara noiz deituko den jakitea ala bere printzipioen alde egitea?». Hori bai, hauteskundeetara deitzeko eginkizuna lehendakariarena baino ez dela gogoratu du, eta halako erabaki bat herriaren interesen arabera baino ez duela hartuko argitu du: «Inork ez nau itzalpetik behartuko hauteskundeak aurreratzera».

PPren babesa galduta, gutxiengoan gobernatu beharko du PSEk hemendik aurrera, Legebiltzarrean 25 eserleku baino ez dituelako. Zail izango du, beraz, edozein egitasmo onartzea; tartean, aurrekontuak. Hori dela eta, lehendakariak akordiorako eskua luzatu die legebiltzarreko talde guztiei, eta «tresnak» bilatuko ditu egitasmoak aurrera eramateko. Gutxiengoan agintzeak, ordea, ez duela kezkatzen gaineratu du: «Ez da lehen aldia izango Jaurlaritza gutxiengoan dagoela eta politikak aurrera ateratzeko gai dela». Eta ziur agertu da egitasmoak onartzeko babes nahikoa lortuko duela, Jaurlaritzaren egitasmoak «herri proiektuak» direlako.

Herenegun Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak konfiantza galdea egiteko eskatu zion lehendakariari, baina honek ez du uste Eusko Legebiltzarreko konfiantza galdua duenik. Hala ere, nahi izanez gero zentsura mozioa aurkezteko esan dio EAJri: «Gobernu alternatiba bat eta lehendakarigai bat aurkez ditzala. Haren esku dago hori egitea».

Kazetarien galderei erantzunez lehendakariak aitortu egin du ez zaiola gustatu Basagoitik ituna hausteko erabakia komunikabideen bitartez jakinarazi izana. «Formak» ez zaizkiola egoki iruditu esan du, eta argitu du ez dela PPko buruarekin batzartuko bozen aurrerapenari buruz hitz egiteko bada.

«Amaiera ordenatua»

PPk akordioa hautsiko zuenik ez zuen espero lehendakariak, ezta Jose Antonio Pastor PSEko eledunak ere. Pastorrek esan du «harrituta» daudela, eta esateko modua ez zela «oso dotorea» izan iritzi dio. Hala ere, PSEko bozeramaileak uste du PP aitzakia bat bilatzen saiatu dela «aurreratutako haustura bat» eragiteko, eta «oso zaila» izango duela jarrera zergatik aldatu duen koherentziaz azaltzea.

EAEko PPko presidenteak, ordea, bereari eutsi dio, eta bozak aurreratzea galdegin du, berriro ere. Komunikabideak erabili ditu atzera horretarako. Basagoitik berretsi du gobernu ituna «erabat bukatu» zela Lopez Espainiako Gobernuari «etengabeko kritika» egiten hasi zitzaionean. Hala, bozak aurreratzea ezinbestekotzat jo du PPkoak, uste duelako herriarentzat ez litzatekeela «onuragarria» izango sozialistak legealdiaren amaiera arte «besaulkiari helduta» geratzea. Nolanahi ere, prest agertu da PSErekin legealdiaren amaiera «ordenatu» bat hitzartzeko eta bozetara deitu bitartean egutegi berria adosteko proiektu garrantzitsuenak aurrera ateratzeko.



 

PSEk eskatuta, zerga sistemari buruz bilkura bat egingo dute

Zerga sistemari buruzko osoko bilkura monografiko bat egingo du Eusko Legebiltzarrak hilaren 28an. PSE-EEk proposatuta egingo da osoko bilkura hori, eta sozialistek legebiltzarreko taldeei eskatu diete akordioak egiteko borondatea izateko. PPrekin zuen akordioa hautsi eta gero egingo den lehen bilkura garrantzitsua izango da hori, eta sozialistek akordioak egin beharko dituzte euren proposamenak aurrera ateratzeko. PSEren arabera, autogobernua babesteko modua ere bada zerga sistema berria izatea. Oinarrizko zerbitzuei eta gizarte babesari eusteko eta jarduera ekonomikoa sustatzeko baliagarria izan beharko luke zerga eredu berriak, PSEk ohar batean esan duenez.



 

Ekarpenak hilaren 31rako jaso nahi ditu lantaldeak

Bakerako eta elkarbizitzarako lantaldeak bigarren bilera egin zuen atzo, eta bertan alderdi, koalizio, erakunde eta elkarteei ekarpenak egiteko eskaera nola egin adostu zuten. Proposamenak hilaren 31 baino lehen bidaltzeko eskatuko diete eragileei. Hartarako, lanerako jarraibide proposamen bat bidaliko diete, ekarpenak egiteko gidoi moduan. Besteak beste, bake justu baterako printzipioak zehaztea, memoriarako politikei heltzeko proposamenak egitea eta espetxe politika berrirako neurriak proposatzea eskatuko diete. Horrez gain, lantaldeak datorren astean aztertuko ditu agerraldi proposamenak. Jesus Loza Jaurlaritzako memoriarako agintariaren agerraldia tramiterako onartu dute.



 

Hauteskundeak aurreratu ditzala eskatu diote oposizioko alderdiek Patxi Lopezi

EAJk zentsura mozioa aurkeztea baztertu du, eta ezker abertzaleak dio Lopezek ez diela erronkei aurre egin

Joxerra Senar

Behin Antonio Basagoitik akordioa hautsitzat emanda, oposizioko alderdiek eskaera bera egin diote Patxi Lopez EAEko lehendakariari: hauteskundeak lehenbailehen aurreratu ditzala. EAJk baztertu egin du zentsura mozioa aurkezteko aukera. Ezker abertzaleak, berriz, «argi ikusten du» legebiltzarra desegin eta bozak aurreratu behar direla. Aralarrek eta EAk ere hauteskundeak berehala aurreratzeko exijitu diote, eta, Ezker Anitzaren arabera, hauteskundeei begira Basagoitik egindako «kalkulu argi eta garbi» bati erantzuten dio itunaren hausturak.

Jose Antonio Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiaren ustez, Lopez Eusko Jaurlaritzako buruzagi gisa politikoki «hilda» dago. «Zorionez, ematen du herrialde honek galdutako hiru urteok amaitu direla», esan du, eta gaineratu du gobernua «agortuta» dagoela. «Prentsaurrekoen, argazkien eta itxurakerien gobernua amaituta dago. Gobernu hau jada hilda dago». Josu Erkoreka EAJren Espainiako Kongresuko eledunaren irudiko, Lopezek du bozak aurreratzeko giltza, egungo osaerarekin ez baitu bideragarritzat jotzen EAJk zentsura mozioa aurkeztea. Erkorekak aurreratu duenez, EAJ Lopezen gobernuaren gaineko konfiantza galdegiteko prest dago.

Bere analisia egitean, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkariak lehenik eta behin gogora ekarri du «bazterketa politikoan» oinarrituta osatu zela legealdi honetako legebiltzarra. «EAEko errealitatearen ispilu desitxuratua da legebiltzarra». Ugartebururen ustez, «Lopezen gobernua ez da gai izan Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbide prozesuak eskatzen duen tamainako parte hartzea izateko». Era berean, krisi ekonomikoak eskatzen duen eraldaketari benetan ekiteko «borondaterik gabe» ikusten du gobernua.

Ildo beretik, Juanjo Agirrezabalaren ustez, zilegitasun faltan oinarritutako Eusko Jaurlaritza jada amaitutzat eman liteke. «Hasierako bekatu horrek egunetik egunera Lopezen kudeaketa higatu du. Komenientziazko ezkontza honetan, PPk artifizialki eutsi dio gobernuari. Behin babesik gabe geratu ostean, argi dago herrialdeko hirugarren indar politikoak ezin duela eta ez duela gobernatu behar».

EAko legebiltzarkidearen ustez, «ez dago arrazoi bat bera ere» Lopezek legealdia luzatzeko. «Euskal gizarteari kalte egiteko baino ez luke balioko, Lopezek erakutsi egin duelako berriro ez duela proiekturik eta ez dakiela nola aurre egin ziklo politiko berriari». Agirrezabalaren arabera, «Lopezek badaki bere denbora bukatu egin dela. Basagoitik berak oso argi utzi dio». Hala, uste du hauteskundeak aurreratzea beste irtenbiderik ez duela.

Aralar: «Zilegitasun gabe»

Aralarrek, berriz, «larritzat» jotzen du Lopezek bozak aurreratu ez izana. «Lehendakariak bizkarra eman dio gizarteari, eta agerian uzten du bere helburu bakarra legebiltzarra interes alderdikoien alde erabiltzea dela». Aralarren ustez, PPrekin zuen ituna hautsi eta «bere babesle nagusia galdu ostean, ez dauka gobernuan jarraitzeko eta legeak egiten jarraitzeko zilegitasunik».­

Mikel Arana Ezker Anitzako eledunaren arabera, Basagotiren kalkulu bati erantzuten dio erabakiak: «Basagoitik uste badu jada ez zaiola errentagarri ateratzen Lopezi babesa ematea, hark ikusiko du, baina inork ez dezala esan ezkerrera bira egin duela», adierazi du.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia