Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 24 - 10:44

2012-05-05

Frantziako presidentetzarako hauteskundeak

Hollanderekiko aldea estututa amaitu du kanpaina Sarkozyk

Hollandek irabaziko ditu bozak, inkesten arabera, baina oraindik botoa erabaki ez dutenek ezustekoa eman dezakete

Hollande «kezkatuta» dago inkestengatik, eta Sarkozy, «haserre, interesatuak direlako»

Amagoia Mujika

Egunetik egunera François Hollandek kezkatzeko arrazoi gehiago dauzka, baina azkenean amaitu dute kanpaina, eta, beraz, inkesten burrunba isiltzeko ordua da, botoa nori eman gogoeta egitekoa. Orain, bihar arte itxarotea besterik ez dago emaitzak jakiteko, baina atzo bertan argitaratutako inkesten iragarpenak kezkatzeko modukoak dira: Nicolas Sarkozy François Hollanderengandik inoiz baino gertuago dago, nahiz eta oraindik ere Hollande jotzen duten guztiek garailetzat. Denborak presidentearen alde egin du.

Hauteskundeak izan baino 48 ordu lehenago argitaratutako inkestetan, sozialistak bost edo sei puntuko aldea du soilik, eta Ifop-ek egindakoak, berriz, denboran azkenak —atzo 18:00etan—, lau puntuko aldea ematen du: Hollandek botoen %52 eskuratuko ditu, eta %48 Sarkozyk. Horregatik, Frantziako presidentea ez dago azken-azkenera arte amore emateko prest.

Haserre, inkesten egiatasuna zalantzan jarri du, irakurketa interesatuak direlako, pertzepzioari eragiten diotelako. Haren ustez, «hutsagatik» erabakiko dira bozak, eta ez dago jakiterik nork irabaziko dituen. Lehen itzulian gertatu zena hor dago: inkestek iragartzen zuten baino emaitza hobeak eskuratu zituela gogorarazi du.

Azken unera arte zer egingo duten ez dakitenengan dago orain interesa, boto-emaileen %15ek ez baitaukate oraindik erabakia hartuta. Lehen itzulian François Bayrou zentristaren eta Marine Le Pen eskuin muturreko ordezkariaren alde egin zutenen artean daude horiek —Jean-Luc Melenchonen ia denak Hollanderen aldera joango dira—. Adituek ezustekoaren elementua ez dute baztertua. Sarkozyk ez du dena galdua, horien ustez.

Herenegun eta atzo ateratako inkestek, dena den, ez dute joera aldaketarik iragarri. Garaipena, presidentetzarako bozen historian egon den alderik txikienarekin eginda ere, sozialistena da, baina inkestak inkestak dira. Dena den, azken orduan François Bayrouk Hollanderen alde egingo duela esan izanak zaildu egin dio presidenteari goranzko bidea. Gauza bat da, hala ere, Bayrouk zer egingo duen, eta beste bat hari botoa eman diotenek zer jarrera izango duten. Hautu pertsonala da Bayrourena, eta haren boto- emaileen joera Sarkozyren aldekoa da, edo abstentzioarena.

Inkestak inkestak baino ez direla gogorarazten igaro du kanpaina osoa Sarkozyk, are gehiago azken egunak; «sistema politiko-mediatiko bati lotutako pentsaera bakarrak» sustatuak direlako. Haserre dago presidentea, galtzaile izan baino lehen galtzailetzat jotzea ezin jasan. Biktimarenean ere jarri du bere burua. «Frantziako herria ez da inoiz egunotan bezala sentitu, irainduta, manipulatuta». Errespetu falta nabaritu du presidenteak.

Eta horri aurre egiteko «gehiengo isilari» dei egin dio, botoa bere alde eman dezan. Gehiengo isilaren elementua kanpainako azken txanpan behin eta berriz atera du Sarkozyk. Talde horretan sartzen ditu botoa Marine Le Peni eman zioten 6,5 milioi herritarrak. «Sufritzen ari diren 6,5 milioi hautesle» dira Sarkozyren ustez, eta haren beharrak entzungo dituela agindu du, emaitzetan aldaketa boto horietatik etorriko zaiolako. Haien botoa bereganatzeko mezua argia izan da: Schengengo Ituna aldatu beharraz aritu da, Europako herrien arteko mugak, «gure arteko mugak» irekita mantendu nahi ditu, baina ez «Europaren eta munduaren artekoak». Eta horrez gain, Zapateroren Espainia aipatu du berriz ere botoa sozialistei emateak izan ditzakeen arriskuak gogorarazteko: zazpi urteko gobernu sozialistaren ondorioz espainiarrek langabeziarekin eta pentsioen murrizketekin ordaindu behar izan dutela nabarmendu du.

Bayrouren erabakia

Immigrazioarekin Sarkozyk eskuin muturreko botoa bereganatu nahi horrek eraman du François Bayrou Hollanderen alde egitera, uste duelako presidenteak etorkinen eta mugen inguruan agertu duen joerak frantziarrak elkarren aurka jartzeko arriskua sor dezakeela. 2007an jakinarazi zuen botoa ez ziola Sarkozyri emango, baina ez zuen Segolene Royal orduko hautagai sozialistaren alde egingo zuela esan.

Sarkozyrentzat, Bayrouren erabakia «koherentzia falta» besterik ez da, boto-emaile asko galdu duenaren «sumindura» ere bai, baina 2007an ere bere kontra egin zuenak ez zuen presidenteak irabaztea saihestu. Horretan jarri du indarra berak, eta haren ingurukoek ere ez dute haserrea ezkutatu. Albistea jakin bezain laster «moralgabe» deitu diote gobernu kontserbadoretan ministro izandakoari.

Sarkozyrentzat ez bezala, Hollanderentzat berri ezin hobea izan da Bayrouren erabakia; izan ere, inkestekin «erabat kezkatuta» baitago. Espero du botoa Bayrouri eman ziotenek ere Sarkozyren jarrera aztertzea erabakia hartu aurretik, eta etxean ez geratzea.

Hollandek abstentzioaren aldeegitea pentsatzen ari direnak izan ditu gogoan, eta eskuinaren mezu erasokorren kontra egin dezatela eskatu die. «Gehiengo handia» nahi du «banaketaren aurka», beste modu batera pentsatzen dutenak batzea. Inkestek jaso duten murrizketaren aurrean mobilizaziora deitu du. «Gustatuko litzaidake frantziarrak masiboki joatea aukeratzera, eta ez etxean geratzea nire hautagaitza ziurtzat jotzen dutelako. Haiengatik bestea ateratzeko arriskua saihestea eskatzen diet».

Bi hautagaien taldeak asteleheneko bilera prestatzen ari dira jadanik; irabazi edo galdu, zer esan eta nola ekin prestatzen. Bihar 20:00etan emango dituzte emaitzak.



 

Euskal herritarren hautua

Ipar Euskal Herriko botoen joera aztertu du 'Berria.info'-k, Jojo Bidartekin eta Eguzki Urteagarekin

Ainhoa Arano Donostia

Frantziako presidentetzarako hauteskundeen harira, Ipar Euskal Herriko boto joera aztertu nahi izan du Berria.info-k Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakaslearekin eta Jojo Bidart Irulegi irratiko kazetariarekin. Gonbidatuek ezkerreko alderdien eta eskuin muturrekoen igoera nabarmendu dituzte.

Historikoki, zentrismoak izan du indarra Ipar Euskal Herrian, barnealdean bereziki. Etxarrin (Zuberoa), ordea, Fronte Nazionalak irabazi zuen lehen itzulian. Hain zuzen, etorkinik gabeko herri txikietara zabaltzea lortu du Marine Le Penek. Urteagaren ustez, eskuin muturrak askotariko hautesle berriak lortu ditu Le Penekin. Baina bereziki erlijioak utzitako hutsunea dago igoeraren atzean, irakaslearen arabera. Kristau-demokraziak eragina izan duen eremuetan, eskuinak bere egin du Elizak utzitako espazioa.

Ezkerraren aldeko botoek ere gora egin dute azkeneko urteetan. Boto abertzaleak, gutxika baina erregularki, gora egin du, eta bere mezua gizartean hedatzea lortu du. Bigarren itzulian badirudi François Hollandek bereganatuko dituela ezkerreko botoak, eta tartean abertzaleak dira. EH Bai koalizioak boz eskaerarik egin ez arren, hautetsi abertzale batzuk, modu pertsonalean, Hollanderen alde bozkatuko dutela esan dute. Besteak beste, ABko kide Alain Iriart, Jean-Mixel Galant eta Mixel Poueitsek adierazi dute hori Enbata aldizkarian. Nicolas Sarkozy «kanporatu» behar dela diote. François Bayrouren erabakiaren ondorioz edo indar metaketaren aurrean, ezkerreko hautesle batzuek atzera egiteko arriskua hor dagoela aipatu dute gonbidatuek. Hala ere, ezkerreko botoak batzeko joera beti izan dela nabarmendu dute. Hizlarien arabera, hautesleen zati batek ez du hautagai sozialista hurbiltasunagatik babestuko, Sarkozy boteretik botatzeagatik baizik. Horretan Hollandek fin jokatu duela uste dute.

Espainiaren keinuaren zain

Frantziako bozak irabazten dituen presidenteak Euskal Herriko gatazkaren konponbideari begira hartuko duen jarrera ere aztertu nahi izan du Berria.info-k. Estatu estrategia den heinean, orain bitartean koherentzia bat egon da; bai ezkerraren eta eskuinaren artean, eta baita Espainiaren eta Frantziaren artean ere. Frantziako gobernuaren jarrera Espainiako gobernuak zer egin zain egotea izan da egundaino, eta Hollandek ez du besterik egingo, gonbidatuen iritziz. Urteagaren esanetan, irabazten duenak irabazi mugimendu mantsoak eta neurtutako pausoak emango dituzte aurrerantzean ere. «Erabakiak Parisen hartzen dira, eta han ez dute interesik hemengo aterabide demokratikoan, ezta konfrontazioan ere», dio Urteagak. Hala, estrategia malguagoa erabiliko duela uste du: «Europatik eta Espainiatik keinuak egiten bazaizkio, Hollandek orduan helduko dio konponbideari».



 

ESANA. JEAN-LUC MELENCHON. Ezkerreko Alderdiko burua

«Nicolas Sarkozy garaitzea erabaki dugu Hollanderi botoa emanez, eta ez gaude lotsaturik hori egiteaz»



 

Legebiltzarrerako hauteskundeei begira

Presidentetzarako bozen ondoren, beste hauteskunde garrantzitsu batzuk dituzte ekainean: Legebiltzarrerakoak. Sarkozyk bihar galtzen badu, UMP haren alderdiaren barruko desadostasunak baliatu nahi ditu Marine Le Penek, eskuinaren ahotsa bilakatzeko. Eskuinaren krisiaz hitz egiten hasi dira jadanik.



 

Lehen itzuliko botoen mugimendua

Fronte Nazionala. Sarkozyk, irabazi nahi badu, Marine Le Penek eskuratu zituen botoen zati handi bat jaso beharko du. Jadanik eskuin muturreko botoen %46 inguru eskura ditu, inkestak gorabehera; %39k abstentzioaren alde egingo dute, eta %15ek Hollande aukeratuko dute.

MoDem. François Bayrouri botoa eman ziotenen artean %38k egingo dute Sarkozyren alde, %30ek Hollanderi emango diote botoa, eta %32k abstentzioaren aldeko joera azaldu dute.

Ezkerreko Alderdia. Jean-Luc Melenchonen aldeko %85ek Hollanderi emango diote botoa; %9k abstentzioaren alde egingo dute, eta %6k Sarkozyren alde.



s



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia