Berria.info

Asteazkena, 2014ko apirilak 16 - 18:31

2012-05-03

Bira

Adierazpena

Onintza Enbeita

Prentsa askatasunaren eguna da gaur. Irakurri dudanez, 1994an izendatu zuten hala Nazio Batuek. Guk badakigu zer den goiz batean esnatu, eta egunero irakurtzen izan dugun egunkariaren egoitza poliziak itxi duela jakitea. Demokrazia eta askatasuna nork bere interesen arabera erabil ditzakeen seinale, bi aldiz gertatu zaigu. Eta horren berri ere ez dute kazetari guztiek berdin eman: batzuek justifikatu egin dute euren ofizioaren kontra halakoak egitea. Objektibotasunik ez dago: batzuek heriotza ikusten duten lekuan besteek hilketa ikusten dute, eta batzuek adierazpen askatasunaren kontrako ekintzak ikusten dituzten lekuan, besteek terrorismoaren kontrako operazioa. Bakoitzak sentitzen duena adierazten baitu. Goyak marraztu egin zituen 1808ko maiatzaren hiruan Madrilen izandako fusilatzeak. Hainbat hildakoren ondoan, momentuan hiltzera doazen erreboltaria ikusten da eskuak jasota, alkandora zuria paparrean zabalik duela. Indefentsio osoa erakusten du frantziar gizon armatuen aurrean. Gauez, farol txiki batean argitan, herritik urrun samar; fusilatze errazak izan zirela esaten digu Goyak. Herri zapalduaren kontra egindakoak. Eskuek idazten, marrazten, jotzen zein laztantzen dutenean, guk egoera baten aurrean sentitzen duguna baino ez dute adierazten.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia