Berria.info

Ostirala, 2014ko apirilak 18 - 18:50

2012-04-29

Larrepetit

Komunikazioa

Arantxa Iturbe

Honela funtzionatzen du: zuk X antolatzen duzu Y helburuarekin. Eta garrantzitsua da Y lortzeko X-ek ahalik eta jende gehien erakartzea. Hor hasten da komunikazioa. Esaten dizute Y lortzeko ezinbestekoa dela komunikabideetan azaltzea eta arduratuko direla eurak. Hartzen dute komunikabideen zerrenda eta bidaltzen dute mezu elektroniko bat X-en berri emanez (batzuk oso era zainduan; beste batzuk edozein eratan). Komunikabideetako kazetariek begiratzen dituzte iritsitako mezuak, eta interesaren, komenientziaren edo beharren arabera aukeratuko dute zure X. Edo ez.

Aukeratzen badute eta tarte bat eskaini, komunikazio enpresa jarriko da komunikabidearekin hartu-emanetan eta eskatuko du bidaltzeko X-i buruz argitaratutako informazioa. Eta informazio hori bidaliko dizute zuri, esanez non, noiz eta beharbada nola aipatu duten zure X egunkari honetan, irrati hartan, sareko agerkari horretan eta, zorte handiko bazara, baita telebistaren batean ere!

Pozaren pozez kontatuko diozu entzun nahi dizunari ze arrakasta izan duen zure X-ek. Izugarria! Azaldu da, zara, zarete, lau egunkaritan (bitan, argazki eta guzti), sei irratitan (lautan, elkarrizketa eta guzti), hiru agerkari digitaletan, eta aipatu hiru herri-telebistatan.

Gero, X eguna iristen denean eta espero, behar edo desio zenuen erantzunik jaso ezean eta ondorioz Y helburuak helburu izaten jarraitzen duela konturatutakoan, arrazoi bila hasiko zara beharbada. Eta botako diozu jende eskasiaren arrazoia eguraldi txarrari, pasibitateari, egun desegokia aukeratu izanari edo beste edozein faktore misteriotsuri. Baina medioetan azaldu izanaren poza, arrakastaren lehendabiziko urratsa gainditu izanarena, ez dizu inork kenduko.

«Harrituta gaude ekimenak izan duen arrakastarekin. Medio pila batean azaldu gara!». Lehengoan entzuna. Komunikazioaren magia zer den.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia