Berria.info

Larunbata, 2014ko apirilak 19 - 01:16

2012-04-24

Guztien parte hartzea bermatuko ez duen bakerako lantaldea eratu dute

EAJ, PSE-EE, PP, Aralar eta Ezker Anitzako ordezkari banak osatu dute Legebiltzarreko lantaldea; EA eta UPD ez dira joan

Aste honetan edo hurrengoan zehaztuko dituzte egutegia eta gonbidatuen zerrenda

Edurne Begiristain Gasteiz

Bake eta elkarbizitzarako ponentziaren lantaldea osatu duten legebiltzar taldeetako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Bakea eta elkarbizitza lortzeko bidean aurrerapausoak emateko «elkarrizketaren hasiera» da Eusko Legebiltzarrean eratu den lantaldea, hura sustatu duten legebiltzar taldeen arabera. EAJ, PSE-EE, PP, eta Aralarreko hiru legebiltzarkideren babesari esker osatu dute bakerako lantaldea, eta legebiltzar talde horietako ordezkari banak esku hartuko du bertan: EAJtik Joseba Egibarrek, PSE-EEtik Jose Antonio Pastorrek, PPtik Anton Damboreneak, Aralarretik Aintzane Ezenarrok eta Ezker Anitzatik Mikel Aranak. UPD eta EA ez dira lantaldean egongo, haren osaketarekin eta helburuekin ados ez daudelako.

Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearen gidaritzapean osatu dute formalki lantaldea, ordu erdi iraun duen saio laburrean. Iragarrita zegoen moduan, batzordeak ez du presidenterik izango, eta «kide anitzeko» sistema batekin egingo du lan. Izan ere, legebiltzar taldeentzat horixe da funtzionatzeko «sistemarik onena», Pastorrek azaldu duenez. Egutegia, lan sistema eta lantaldearen helburuak zehaztu gabe dituzte oraindik, eta horiek finkatzeko lehenbailehen egin nahi dute aurreneko bilera: ostiral honetan edo maiatzaren 2an, beranduenez. Ordurako, gonbidatuko dituztenen zerrenda ere eraman beharko dute taldeek.

Hain justu ere, ezker abertzalearen ordezkariei gonbidatu gisa parte hartzen utziko dieten ala ez adostu beharko dute; gaur-gaurkoz, ordea, iritzi kontrajarriak dituzte batzuek eta besteek. EAJk esan du ez duela «betorik» onartuko, baina PPk ohartarazi du indarkeria gaitzesten ez duen bitartean ezker abertzaleak ezingo duela parte hartu. «Terrorismoa gaitzesten ez duen bitartean, ezker abertzaleak gutxi du emateko bakegintzan», adierazi du PPko Anton Danboreneak. EAJko Joseba Egibarren aburuz, ostera, «irekia» behar du izan lantaldeak, eta edozein erakunde edota alderdi politikoren ordezkarien parte hartzea bermatu beharko du. Hala ere, agerraldi motak definitu beharko dituztela esan du Egibarrek.

Bakean urratsa egiteko

Lantaldea «Euskadin bakean eta askatasunean» bizitzeko urratsa izateko esperantza agertu du Legebiltzarreko presidenteak, eta ideia bera azpimarratu dute gainerako taldeek ere. «Jarrerak hurbiltzeko» eta «elkar ulertzea sustatzeko» ez ezik bakea behin betiko finkatzeko ere lagundu dezakeela iritzi diote.

Aralarreko Aintzane Ezenarroren iritziz, batzordearekin «bazterketarik gabeko elkarrizketarako» aukera ireki da, bai eta bakea finkatzeko urratsa egin ere. Haren ustez, egungo egoera «historikoan» Legebiltzarrak «bake eta bizikidetza normalizatuari» ekarpena egiteko modua da lantaldea eratu izana.

Joseba Egibarrek, berriz, adierazi du nahiko lukeela elkarren artean «konfiantza» irabazteko tresna izatea, eta ziur da jarrerak gerturatzeko eta besteen iritziak ulertzen lagunduko duela.

PSE-EEk espero du bakea «sendotu» eta «Euskadin bizikidetza berreskuratzen» ahalbidetuko duela. «Baditugu nahikoa zume euskal gizartearentzat onuragarriak izango diren adostasunak lortzeko», azpimarratu du Jose Antonio Pastorrek.

PPko Anton Danborenearen irudiko, berriz, lantaldeak «eraginkorra» izan nahi badu, taldeek ongi zehaztu behar dituzte helburuak. PPkoaren ustez, «biolentziaren kulturari» amaiera emateko gunea behar du izan lantaldeak, ezer baino gehiago. Danboreneak dioenez, «lorpen handia» izango litzateke legebiltzar taldeek indarkeria desagerrarazteko formulak adostuko balituzte bertan.

Ezker Anitzako Mikel Aranak espero du lantaldea «emankorra» izatea bakean eta elkarbizitzan aurrerapausoak emateko. Legealdi honetan askorik egiteko astirik emango ez badu ere, hurrengorako lan egiteko oinarriak jartzeko tresna beharko luke, Aranaren arabera.



 

«Aralarrek ez du lantaldean parte hartuko»

Aralarreko zuzendaritzak esan du lantaldean parte hartzen duenak «bere izenean» egiten duela

E. Begiristain Gasteiz

«Aralarrek ez du Legebiltzarreko lantaldean parte hartuko». Bakerako lantaldearekiko jarrera berriro ere argi utzi nahi izan du alderdiko zuzendaritzak, ohar baten bidez. Lantaldea eratu eta gero kaleratu du oharra, eta bertan ohartarazi du Eusko Legebiltzarreko lantaldean parte hartzen duenak «bere izenean» egingo duela eta ez duela Aralar ordezkatuko.

Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideei mezua bidali die Aralarrek, berriro. Izan ere, alderdiko aginduari muzin egin eta bazterketarik eza bermatzen ez duen lantaldearen alde egin zuten hirurek Legebiltzarreko osoko bilkuran, baita ondorengo agerraldietan ere. Dani Maeztu legebiltzarkideak baino ez zituen jarraitu alderdiko irizpideak, lantaldearen eraketaren aurka bozkatuta.

Aralarrek eutsi egin dio hasierako jarrerari, eta Ezenarro, Basabe eta Erostarberi esan die «alderdi politikoaren gehiengoaren iritzia ordezkatu gabe» parte hartuko dutela Legebiltzarreko lantaldean. «Talde parlamentarioko kideren batek parte hartzen badu, alderditik kanpo kokatuko du bere burua berriro».

Irmo mintzatu da alderdiko zuzendaritza, martxoan lantalde hori sortzeko asmoa ezagutu zenean agertutako ezezko jarrera berretsita. Lantaldeak «pentsaera eta indar politiko guztiek aukera berdintasunean parte hartzeko aukera» baztertzen duela esan du. Ildo horretan, gaineratu du Euskal Herriko gatazkaren «ikuspegi partziala eta interesatua» inposatzeko bakarrik balio duela. Era berean, gogoratu du egun horretan Aralarren Zuzendaritzaren erabakiari men egin ez zioten legebiltzarkideei prozedura bat ireki zaiela alderdi barruan, eta egun, Berme Batzordearen esku dagoela auzia.

Zuzendaritzaren oharra ezagutu aurretik mintzatu da Ezenarro, eta mezua bidali die lantaldearen aurka agertu direnei: «Orain PPrekin bide bat irekitzeko eskatzen duten horiei lantaldeari aukera bat emateko eskatzen diet».



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia