Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 24 - 18:08

2012-04-24

Larrepetit

Putak

Josebe Iturrioz

Bartzelonako putak eta feministak haserre daude, Udalak ordenantza baten bitartez putak kalean egotea debekatu nahi duelako. Norbaitek, agian, pentsa dezake: «Bartzelonako Udalari putak inporta zaizkio, eta, horregatik, kaleetatik atera nahi ditu». Ba, ez da horrela.

Sexu langileek nahiago dute kalean egon, espazio pribatuetan sartzen dituztenean beraien autonomia galtzen dutelako. Askok 24 orduko zerbitzua ematera behartuak daude pisu horietan. Gehienetan lan egiten duten tokian bizi dira, logelak partekatzen dituzte, eta oso ordu gutxi egiten dituzte lo. Ordenantza horien helburua espazio publikoaren eredu estetiko konkretu bat bermatzea da, familia eredua. Urdangak kaleetatik atera nahi dituzte han ez direlako ondo gelditzen. Horri buruz pentsatzen ari nintzela, Irunez eta Hondarribiaz gogoratu naiz. Alarde sexistez, eta kantinerez.

Alarde sexistek ez dute onartzen emakumeok gudetan izandako eginkizuna, eta historiaren irakurketa matxista bat eginez, egungo kantineraren irudia sortu dute. Benetako kantinerak urdangak ziren asko, ez ziren, behintzat, egungo alarde sexistek irudikatu nahi duten emakume hori. Emakume horiek indartsuagoak ziren, alkohola edaten zuten, hitz gordinak botatzen zituzten, promiskuoak ziren, eta gauza guztien gainetik egungo kantinerak baino askoz ere jabetuagoak zeuden. Kasu honetan ere estetikak agintzen du, kantinera sortu dute, objektu huts bat, gizonei barre eta muxuak botatzen dizkion panpina bat. Urdanga, etxekoandre eta emazte fidela bilakatu dute. Egia ezkutatu nahi digute: askotan, emakume putenak autonomoenak eta jabetuenak izan garela. Kantinera eredu horiek gure historia ukatzen digute.

Egungo putak ezkutatu nahi dituzten bezala, ezkutatu nahi dute urdangek historian izan duten garrantzia. Izan ere, historiak badu ironia puntu bat, egun sakralizatzen den kantinera beato hori, segur aski, errealitatean feminista eta urdanga bat zen.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia