2012-02-22
Polizia operazioa. Atxiloketak Gipuzkoan
Guardia Zibilak Inaxio Otaño atxilotu du Andoainen, eta Iñaki Igerategi Tolosan
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi du «ETA desegiten ez den artean» estatuak bere bidetik jarraituko duela
Bi atxilotuen etxeak miatu dituzte, eta herritarren aurka oldartu da Guardia Zibila
Joxerra Senar
Atxiloketak salatzeko Andoainen atzo eginiko manifestazioa. / G. GARAIALDE / ARP
Auzitegi Nazionaleko seigarren instrukzio epaitegiak agindutako operazioan, Guardia Zibilak atzo goizaldean Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño Ttintto atxilotu zituen. Inaxio Otaño BERRIA Taldeko Bidera banaketa enpresako langilea da, eta 51 urte ditu; Andoaingo etxean atxilotu zuten, 02:00 aldera. Iñaki Igerategik 42 urte ditu; hura ere Andoaingoa da, baina Tolosako suhiltzaile parkean atzeman zuten, han lan egiten baitu. Guardia Zibilak ETAko kide izatea egozten die biei, eta inkomunikazio aldia ezarri die. Atzo goizean bertan, bien etxeak miatu ostean, Madrilera igorri zituzten.
Haien lankide bat atxilotu dutela eta, BERRIA Taldeko langileek ohar batean ezinegona adierazi dute, «inkomunikazioaren moduko erregimen anker batean giza eskubideek leku gutxi dutelako». Era berean, nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeen gomendioekin bat egin, eta inkomunikazioa kentzeko eta atxilotuen eskubideak zapalduko ez direla bermatuko duten mekanismoak ezartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Hain justu ere, duela bi egun bederatzi urte bete ziren Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela.
Polizia operazioa atzo goizaldean hasi zen. Otaño goizaldean atzeman zuen Guardia Zibilak, etxean. Berehala, inkomunikazioa ezarri zioten, eta bikotekidearengandik zein haurrengandik bereizi zuten, eta ezin izan zuten elkar ikusi. Miaketak zazpi ordu inguru iraun zuen, eta haurrek beste senide baten etxean pasa zuten gaua.
Igerategi Tolosako suhiltzaile parkean atxilotu aurretik, Andoaingo etxetik pasatu ziren guardia zibilak, eta bikotekideari esan zioten hobe zutela haurrak beste etxe batera eraman. Tolosan atzeman zuten Igerategi, eta handik Andoaingo etxera eraman. Une horretan, haurrak etxetik ateratzen ari ziren, eta aita atxilotuta ikusi zuten. Lekuko batzuek BERRIAri azaldutakoaren arabera, komunikabide batzuek lehen unetik jarraitu zuten atxiloketa, eta El Mundo Espainiako egunkariaren webgunean, polizia iturrietan oinarritutako informazioa jarri zuten.
Etxearen miaketa goizeko 08:30ean amaitu zen, eta handik gertu den Aingurasetegi kaleko garaje batera eraman zuten Igerategi guardia zibilek. Garajea etxetik gertu izan arren, kotxe batean sartu zuten. Lekukoen arabera, burua makurtua zuen. Atxilotua ikustean inguruetan bildutako herritarrek elkartasun mezuak helarazi zizkioten. Garajearen miaketa 09:30ean amaitu zen, eta orduan sortu ziren tentsio uneak. Inguruetan zeuden herritarren aurka oldartu ziren guardia zibilak, eta horietako batzuk kolpatu egin zituzten borrekin.
Guardia Zibilaren iturriek albiste agentziei emandako bertsioaren arabera, bi atxilotuek Javier Lopez Peña ETAko ustezko buruzagiarekin harremana izan zuten, Peña 2008. urtean Bordelen atxilotuz zuten arte. El Mundo egunkariaren edizio digitalak hasiera batean jarritakoaren arabera, Guardia Zibilak «hainbat hilabetetan» ikertu du. Hala ere, Efe albiste agentziaren arabera, operazioa duela gutxi Frantziako Laurence Le Vert epaileak Espainiara bidalitako informazioan oinarritu dute. Eferen arabera, Frantziako Justiziak eskatu du atxiloketak egiteko, Lopez Peñari 2008an atzemandako dokumentuak aztertu ostean. Uneotan, atxilotuak inkomunikazio aldian daude, eta Barne Ministerioak dio atxilotuek izan zitzaketen funtzio zehatzak aztertu nahi dituztela orain.
Otañok eta Igerategik jasan ditzazketen tratu txarren eta babesgabetasun egoeraren aurrean, Andoaingo ezker abertzaleak elkartasuna adierazi die senide eta lagunei. Era berean, atzo 19:30ean Andoainen manifestazio jendetsu bat egin zen. Gaur, berriz, 18:45ean agerraldi publiko bat egingo dute atxilotuen senide, lagun eta lankideek. Etzi, berriz, Andoaingo udalbatzan senideei elkartasuna azaltzeko mozioa aurkezten ahaleginduko dira.
Atxiloketen harira, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketan azpimarratu du ETAk duen aukera bakarra armak uztea dela: «Talde terrorista desegiten ez den artean, Zuzenbide Estatuak bere horretan jarraituko du, eta ETAren agiria kaleratuz geroztik egin diren azken atxiloketak dira horren froga», argudiatu du.
Jaurlaritzaren irakurketa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak azpimarratu du ETA «legez kanpokoa» dela eta, horregatik, «egiten dituen ekintza guztiak delitu» direla. Haren irudiko, «estatuko segurtasun indarrak ez dira gelditu bere zereginean» eta Otaño zein Igerategi «epaituak izan daitezen» atxilotu dituzte.
Antonio Basagoiti EAEko PPko burazagiak, berriz, nabarmendu du «oso albiste ona» dela. «Horrelako berriek gerturatu egiten gaituzte ETAren behin betiko eta erabateko desagerpenera», azaldu du. «ETAk esan du ez duela gehiago tiro egingo eta bonbak jarriko, baina hor jarraitzen du. Zer egiten du, zergatik bizi nahi du? Aurrerantzean bizi ez dadin, atxiloketak oso ondo daude», gaineratu du Basagoitik.






