Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:04

2012-02-22

Jira

Forma

Xabier Gantzarain

Pausalekua eskaini nahi diet hitzei eta zalapartaka hartzen ditut, ez diet ematen atsedenik, arnasestuka dabilzkit, ez diet uzten jalkitzen. Herio batean esnatzen ditut, altxa, munduari forma ematera joan behar duzue, dena izendatu berriro ere, izena jarri nire ezinegonari, berriro ere: zerua ez da urdina, ezta zerua ere, ni zuria naiz, ni gizona naiz, hitzak ez dira berez etortzen, hitzak ez datoz munduaren sorreratik, mundua sortzen dute uneoro, herria, dorrea, orria, hitzek ez naute aukeratzen, zer naiz ba ni, nik aukeratzen ditut, inork agindu gabeko eginkizun bati emana bizi naiz: osatu nauten diskurtsoak osatzen segitzen dut, doktrina zabaltzen ari naizen beldurrak hartzen nau, hitzik arruntenen giltzarrapoan gatibatzen dudala jendea.

Askatasuna eskaini nahi diet hitzei eta kartzelan sartzen ditut, doktrinara ekartzen ditut nahi gabe, gatibu dauzkat, uste ez ditudan doktrinak daramatzat arrastaka: esaten dudana baino ezin dut esan, ikusten ez diren kateak dira hausten zailenak, osatu nauten diskurtsoak osatzen segitzen dut, osatu nauten doktrinak osatzen segitzen dut, ni gizona naiz, zuria naiz, europarra naiz, euskalduna. Zein dira osatu nauten diskurtsoak? Eta doktrinak?



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia