2012-02-22
ETAren jardun armatuaren amaiera. Eztabaida Espainiako Kongresuan
PP, PSOE, EAJ eta CiUk bat egin dute ETAri desegin dadila eskatzeko
Amaiur eta Bildu legez kanpo uzteko eskatzeko UPDk aurkeztutako mozioaren aurka egin dute talde guztiek Kongresuan
Amaiurrek salatu du adostutako testu alternatiboak ez duela balio bakea lortzeko
Edurne Begiristain
ETAren amaierari buruz ados jarri dira PP, PSOE, EAJ eta CiU Espainiako Kongresuan, eta testu bat hitzartu dute erakunde armatuari desegiteko eskatzeko. ETAk joan den urriaren 20an bere jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik alderdi horiek indarkeriaren amaieraz adostu duten lehen akordioa izan da. Bildu eta Amaiur legez kanporatzeko eskatzeko UPDk aurkeztutako mozio baten alternatiba gisa aurkeztu zuten testua atzo, eta CC, UPN, Foro Asturias eta IU-ICV-EUiA-CHA taldeen babesa ere izan zuen. Amaiurrek, berriz, ez zuen bat egin testuarekin, «baztertzailea» dela eta gatazka politikoa konpontzeko balio ez duela iritzita.
Zuzenketa ez zuten bozkatu atzoko saioan, UPDk hala erabakita —jatorrizko mozioa aurkezten duenaren esku dago erabaki hori hartzea—. Nolanahi ere, taldeok adostutako zuzenketak badu garrantzia adierazpen politikoaren ikuspuntutik. Izan ere, PP, PSOE, EAJ eta CiUren testuaren lehen puntuak nabarmentzen du ETAren jarduera armatuaren amaiera «demokraziaren» garaipenaren ondorio izan dela. Bigarren puntuan alderdiok dei egiten diote Espainiako Gobernuari Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta «indar demokratikoekin» hitz egiteko ETAri «behin betiko eta baldintzarik gabe desegiteko» eskatzeko. Halaber, testuak dio elkarrizketa horren helburuak «terrorismoaren biktimen» aldeko konpromisoa indartzea eta «elkarbizitza sozialaren aldeko ahaleginak sustatzea» izan behar duela. Azkenik, elkarbizitza baketsua lortzeko legea «zorrotz» betetzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
UPD, bakarrik
Kongresuko eztabaidan, UPD bakarrik geratu zen legez kanporatzearen alde egindako defentsan, eta haren bost diputatuen aldeko botoa baino ez zuen izan mozioak. Rosa Diez diputatuaren iritziz, badaude «zantzuak» Bilduk eta Amaiurrek «lege iruzurra» egin dutela erakusteko. Zehazki, «25 zantzu» jaso ditu Diezen taldeak bere proposamenean. Horiek «nahikoak» lirateke Espainiako Gobernuak justiziari legez kanporatzea abia dezala eskatzeko, UPDkoaren aburuz. Haren ustez, ETAren amaiera ez da lortuko indarkeriaren historia justifikatzen dutenak erakundeetan badaude.
Ostera, ETAren amaieraren inguruan lortutako adostasun zabala nabarmendu zuten akordioaren sinatzaileek, eta gogor jo zuten UPDren ekimenaren kontra. Alderdien artean «zatiketa» sortzeko ahaleginean «bakarrik» geratzea leporatu zioten Diez diputatuaren taldeari, baita Bildu eta Amaiurri protagonismoa ematea ere.
UPDren mozioaren azken helburua PPren gobernuaren jarduna «zalantzan» jartzea dela erantzun zuen Leopoldo Barreda PPko diputatuak. «Arduragabekeria» eta «koldarkeria» egotzi zizkion PPkoak Diezi, mozioaren edukia Auzitegi Konstituzionalaren doktrinaren aurkakoa dela jakinda ere aurkeztu egin duelako: «Gauza bat da uste moral eta politiko osoa izatea, eta beste gauza bat da hori zuzenbidearekin frogatzea». Amaiurri hauspoa ematea egotzi zion, halaber: «Amaiurrekoak pozarren egotea besterik ez duzu lortu». Bestalde, Kongresuan lortutako «batasunaren» garrantzia nabarmendu zuen.
Ildo beretik aritu zen Ramon Jauregi sozialista. Haren ustetan, batasuna garrantzi handikoa da «etorkizuna ETArik gabe eraikitzeko» eta «bakeak atzera bueltarik izan ez dezan lortzeko» Kongresuak irudikatutako «batasuna». Era berean, UPDren mozioa «oportunista, demagogikoa, anakronikoa eta zentzugabea» dela kritikatu zuen Jauregik, legez kanporatzeak eskatzeko «oinarri juridiko» bat bera ere ez dagoela nabarmenduta. Haratago jo zuen PSOEko diputatuak, ETAk indarkeria utzita legez kanporatzeek tokirik ote duten galdetu zuenean: «Legez kanporatzeak ba al du tokirik biolentzia desagertu bada? Horixe galdetu beharko diogu geure buruari».
Aitor Esteban jeltzalearen lehen mezua UPDren eta Amaiurren aurkakoa izan zen, mozioari esker koalizioak egunkarietan «tituluak» izango dituela iritzita: «UPDk eta Amaiurrek elkar elikatzen dute». Estebanentzat, legez kanporatzeko eskatzea «zentzugabea» da, aro berria hasi delako ETAk indarkeria utzi ostean eta ezinbestekoa delako «denen artean» elkarbizitza sustatzea. EAJkoak azpimarratu zuen ez zutela «hitzez hitz» testu osoarekin bat egiten baina etorkizuna eraikitzeko baliagarria dela.
CiUko Jordi Jane i Guaschek ohartarazi zuen legez kanporatzeak «liskarra eragin» eta baketik urrunduko lukeela. Hain justu, egungo legealdia bakearena izango dela ziurtatu zuen, eta adostasuna eskatu zuen hori lortzeko.
Legez kanporatzea «iraganeko» kontua dela esan zuen Ricardo Sixto IUko diputatuak: «Amaiurren 330.00 boto legez kanporatzearen aurka gaude». Bakea lortzeko, elkarrizketa aldarrikatu zuen.
«Akordio baztertzailea da»
Amaiurrek, ostera, kritika zorrotzak egin zizkion taldeek adostutako testuari. «Gatazka politikoaren konponbidearen ibilbide orri bat izan behar zuenetik urrun dago, eta ekarpenik ez dio egiten bake iraunkor bati», Xabier Mikel Errekondok azpimarratu zuenez.
Amaiurri «kezkagarria» iruditu zitzaion jeltzaleen jarrera, «bakerako ekarpenik ez duen testu bat» babestu eta «akordio baztertzaileak bultzatzen dutenekin» bat egiteagatik. «PPren estrategiari men egin dio EAJk», salatu zuen Errekondok. Ohartarazi zuenez, akordio baztertzaileek «porrot» egingo dute, eta denen arteko elkarrizketaren bidetik baino ez da aurrera egingo. Haren ustez, «alde denak irabazle» sentituko diren akordioa beharrezkoa da gatazka konpontzeko eta bake iraunkorra eta adiskidetzea lortzeko: «Ibilbide orria Aieteko Adierazpenak zehazten du».
Amaiurreko diputatuaren iritziz, Kongresuan adostutako testuak, ordea, ez dio egungo egoera politikoari erantzuten, eta haren helburu bakarra da PP «estualditik» ateratzea.
Adostutako testua
PP, PSOE, CiU, EAJ, UPN, CC, FA eta IU-ICV alderdien testua:
«Diputatuen Kongresuak:
1. Egiaztatu du ETAk joan den urriaren 20an bere jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragarri izana honako hauek ekarria dela: gizartea terrorismoaren kontra eta askatasunen alde mobilizatzea; indar politikoek bat egitea; terrorismoaren biktimen lana eredugarri izatea: zuzenbide estatuak irmoki ezartzea legea; Poliziaren eta Segurtasun Indarren jarduna eta nazioarteko lankidetza. Horrek guztiak ezin hobeto erakusten du demokrazia gailendu zaiola ETA erakunde terroristari.
2. Gobernua hertsatu du hitz egitera Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta indar armatuekin, eta, hala, ahalik eta batasunik handienaz jardutera:
a. ETAri exijitzeko desegin dadila, behin eta betiko eta inolako baldintzarik gabe.
b. Sendotzeko terrorismoaren biktimekiko konpromisoa, memoria gordeta eta egia jasota, duintasuna aldeztuta eta indarkeria terorristaren biktima izan direnei justizia eginda.
c. Ahalegina egiteko gizartean elkarbizitza sustatzearren, zuzenbide estatu bateko printzipioetan eta balioetan oinarrituta.
3. Gobernua hertsatu du legea zorrotz betearaztera eta, halakorik egokituz gero, ordenamendu juridikoaren kontrako edozein jokaerari jazartzera; eta arreta berezia jartzera printzipio demokratikoak, oinarrizko eskubideak eta askatasunak, eta herritarren elkarbizitza baketsua aldezten».
Legez kanporatzeko agindu zuela ohartarazi dio AVTk PPri
AVT biktimen elkartea mindu egin du alderdiek Kongresuan egindako akordioak. PPk ETAren amaierari buruz PSOErekin eta EAJrekin akordioa egiteak «beldur handia» ematen diola aitortu du Angeles Pedraza AVTko presidenteak, eta jarreraz aldatzeko eskatu dio PPri. «Ez da soilik Kongresuan adostutako testuak Amaiur legez kanporatzeko eskaera jaso behar duela uste dudala, baizik eta Alderdi Popularrak hauteskunde kanpainan hitz eman zigula legez kanporatzeko eskatuko zuela. Hori beteko dela espero dut», adierazi du Pedrazak. Legez kanporatzearen alde «irmotasuna» eskatu dio PPri, eta abisua eman dio: «Ezinezkoa da Jainkoarekin eta deabruarekin ondo geratzea».
Fiskaltzaren hitzetan ez dago legez kanporatzeko arrazoirik
Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren esanetan, ez dago Bildu eta Amaiur legez kanporatzeko eskatzeko «ez arrazoirik ez zantzurik». Ser irrati kateak zabaldutako informazioaren arabera, bi koalizioen aurkako froga gabezian oinarrituta ondorioztatu du hori Fiskaltzak. Irratiak azaldu duenez, Rosa Diez UPDko buruak Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroari Amaiur legez kanporatzeko asmorik ez izatea aurpegiratu eta «koldarra» izatea egotzi ondoren, gaiari buruz galdetu zuen ministroak Fiskaltzan. Estatuko Fiskaltza Nagusiaren bidez bideratu zuen galdera Fernandez Diazek Goreneko Fislkaltzara, eta horrek erantzun dio ez dagoela legez kanporatzeko frogarik.
ESANA. XABIER MIKEL REKONDO. Amaiurreko diputatua
«Alde denak irabazle sentituko diren akordioa behar da bake iraunkorra eta adiskidetzea lortzeko»
Analisia
Madrilen neurrira
Pello Urzelai
Egoera errotik aldatu da denbora gutxian. Baina PP ez dago eroso, eta, oro har, estatuko aparatuak ere ez. Raxoiren gobernua pausorik ez emateko estrategian murgilduta dago, eta, horretarako, ETA desegiteko eskaera erabiltzen ari da ezkutu gisa. Jarrera horren atzean, arrazoi taktikoak badaude, baina ideologikoak ere bai. PP ez dago eroso, ikusten duelako egoera berrian euskal independentismoa indartzen ari dela. Era berean, mugi dadin presioa nabaritzen hasi da PP, eta era defentsiboan jokatzen ari da. Horregatik, Amaiur eta Bildu legez kanpo uzteko eskatzeko UPDk aurkeztutako mozioak areagotu egin du PPren deserosotasuna. Erantzuna defentsiboa izan da. Behartuta bilatu du testu alternatibo bat.
Baina PSOEren laguntza izan du. Azkenean, emaitza Madrilen neurriko testu bat izan da. Batetik, «demokraziaren garaipena» nabarmendu nahi izan dute PPk eta PSOEk. Bestetik, indar politikoen arteko elkarrizketaren helburuak mugatu eta debaluatu dituzte: ETA desegiteko eskatzea, «terrorismoaren biktimekiko» konpromisoa indartzea eta «Zuzenbide Estatuaren balio eta printzipioetan oinarritutako elkarbizitza soziala» sustatzea. Normalizazio politikoa edo espetxe politika malgua kanpoan gelditu dira. PPk eta PSOEk hitzartu duten testua urruti gelditu da oso 1998an eta 2005ean Kongresuak onartu zituen ebazpenetatik. Patxi Lopezek eta Ińigo Urkulluk Mariano Raxoiri berriki egin dizkioten planteamenduetatik ere oso urruti gelditu da. Hala ere, PPk eta PSOEk hitzartutako testuak erraz eta merke lortu du EAJren sostengua. Ramon Jauregik, esate baterako, estatuaren bide orritzat jo du testua, baina Aieteko Adierazpena babestu eta defendatu duen EAJrentzat zaila izan behar du tesi hori bere egitea.
Adostutako testua, azkenean, balio parlamentariorik gabe gelditu da, UPDk ez duelako utzi bozkatzen. Ikusteko dagoena da ea PPk baliatuko duen pausorik eman gabe jarraitzeko, desegiteko eskaera aitzakia gisa hartuta.
Garai berri baten aitorpentzat aurkeztu nahi izan dute sozialistek adostutako testua, baina Guardia Zibilak argi utzi du egun berean garai berria ez duela gogoko eta nahiago duela burua lehengo lepotik eduki. Andoainen eta Tolosan egindako operazioa konponbidearen agenda atzeratu nahi dutenen estrategiaren isla besterik ez da.
ESANA. RAMON JAUREGI. PSOEko diputatua
«Kongresuko batasuna garrantzitsua da bakeak atzera bueltarik izan ez dezan lortzeko»
Jaurlaritzak lana eskatu die alderdiei, ETA desagertzeko
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, ETA betiko desager dadila eskatzeko lana egin behar dute alderdi politiko guztiek, eta lan horretan ari dira. Hala ere, gaiaren inguruan Espainiako Kongresuan «Euskadin baino adostasun gehiago dagoen inpresioa» duela esan du Mendiak, eta Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak Patxi Lopez lehendakariari buruz esandakoak gaitzetsi ditu. Ezker abertzalearen proposamen batzuen aurrean amore ematea egotzi zion Basagoitik Lopezi, eta Jaurlaritzaren bozeramaileak erantzun egin dio PPko buruari: «Gauden egoerara lehendakariaren lidergoari esker iritsi gara. Hura gabe ezinezkoa izango litzateke».






