Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:58

2011-09-24

Gernikako Akordioa. Urteurrena

Gernikako itunarekin bat egin du EPPK-k, prozesua bultzatzeko

Akordioaren edukien arabera, «prozesu demokratikoan aurrera bultzatzeko konpromiso irmoa» hartu du kolektiboak

Gatazkari «konponbide integrala» emateko erreferentzia da ituna, EPPKren irudiko

Oihana Elduaien

Joan zen larunbatean, euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatu zuten milaka lagunek. / J.C. RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gernikako Akordioarekin bat egitea erabaki du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, eta hango edukiak bere egiten dituela jakinarazi du, BERRIAra igorritako ohar batean. Kolektiboak akordioa osorik ez zuela bere egingo iradokiz azken egunetan zabaldu diren espekulazioak isiltzeko moduan mintzatu da, gainera, EPPK, garbi: «Eszenatoki demokratiko hori gauzatze bidean erreferentzia da Gernikako Akordioa EPPKrentzat, eta hein horretan Akordioarekin bat egiten dugula adierazi nahi diogu euskal jendarteari. Gatibu gauzkaten estatuek inposatzen dizkiguten muga eta traba guztien gainetik, EPPK-k, Gernikako Akordioaren baitan eta Gernikako Akordioaren edukiaren arabera, prozesu demokratikoan aurrera bultzatzeko konpromiso irmoa azaltzen du».

Bihar beteko da urtea hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek Bakebidean aterabide demokratikoen akordioa agiria sinatu zutenetik. Ekitaldi bat egingo dute Gernikan bertan eguerdian, eta han gauzatuko da EPPK-k akordioari azaldutako atxikimendua.

Gernikako Akordioa erreferentziatzat dauka EPPK-k «horrenbeste sufrimendu eragin duen gatazkari behin betiko konponbide integralera» bidean, «Euskal Herriaren aitortza, bere etorkizunaz duen erabakitzeko eskubidearen onarpena eta erabaki horren errespetua bermatuko dituen eszenatokira bidea egiteko».

Presoen eskubideez hitz egiten du Gernikako Akordioak, besteak beste. «Espetxe politika eteteko» eskatzen du, eta amnistiara bidean, sakabanaketa amaitzeko, gaixo dauden presoak etxeratzeko, preso prebentiboak aske uzteko, legeak agintzen duena betea dutenak baldintzapean askatzeko, espetxe onurak ezartzeko eta zigorraren muga 40 urtean ezartzen duen legea indargabetzeko.

Horrez gain, EPPKren iritzian, Gernikako Akordioaren sinatzaileek «zutoin garrantzitsu» bat jarri dute EPPKren estatus politikoaren gauzatze praktikoan: «EPPKren eragiletzaren aitortza eta hain beharrezkoa den prozesuan parte hartzearen egikaritzean urrats ikaragarria eman du».

Izan ere, EPPK-k akordioarekin bat egitea ez da ezerezetik sortu. Sinatzaileek eta presoek harremanak izan dituzte aurretik, nahiz eta Espainiako Espetxe Erakundeek horretarako zailtasunak jarri. Sinatzaileak EPPK-ko bozeramaileekin bilera egiten saiatu dira, eta Madrilen ere izan ziren, Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako zuzendariarekin bilera egiteko asmoz. Ofizialki bilera egiteko baimenik ez dute lortu, baina, EPPK-k agirian dioenez, harremanak egon dira, «inportantea» izan den «argipen prozesua» betez. «EPPK-k bere baitan hartutako ildoaren norabidean, dagozkigun eskubideak inolako kontrapartidarik gabe eta berehala aplikatu beharra argi geratu da», dio agiriak.

Bide horretan itunaren sinatzaileek izandako jarrerarekin eskertuta dago EPPK: «Mintzatu, iritziak elkar trukatu eta, finean, EPPK akordioaren parte izan eta era normalizatuan bere garapenean eta jardunean parte hartu ahal izan dezan esfortzua eskatu genien eragileei. Eredugarria eta txalotzekoa da gure gonbiteak jaso duen harrera eta Gernikako Akordioak emandako erantzuna».



 

Gernikako Akordioaren zati batzuk

«Euskal Herria gatazka politikoa eta indarkeria bake bidera eta aterabide demokratikoetara eramateko aukera baten aurrean aurkitzen da.

Zentzu horretan, bermatutako indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako hastapena izan beharko da, ondoko edukietan oinarrituta:

—ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea [...].

—Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartuz [...]. Alderdi Politikoen Legea indargabetzea [...].

—Mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea[...].

—Preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea [...]. Era berean, neurriak hartzea, amnistiara bidean[...].

- Dispertsioa amaitzea.

- Gaixo larriak dituzten presoak aske uztea.

- Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna.

- Legeak ezarritakoak beteak dituzten guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea.

- Espetxe onurak aplikatzea, murrizketarik gabe.

- Zigorra betetzeko muga berrogei urtean ezartzen duen legedia indargabetzea.

—Jarduera politikoagatik epaituak izan diren pertsona eta erakundeen aurkako prozesu judizialak berraztertzea.

—Jurisdikzio eta epaitegi berezien eta salbuespeneko lege oro indargabetzea, eta inkomunikazioa bertan behera uztea.

—[...] Independentistei politikan aritzeko ezarritako neurri murriztaileak bertan behera.

—Nazioarteko eragileen parte hartzea sustatzea, giza eskubideen urraketarik gertatzen ez dela egiaztatzeko.

[...]ETAri zein Espainiako Gobernuari galdegiten diegu erabakiak eta ekimenak hartzea.

[...] Ezinbestekoa izango da elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko.

[...] Ondoko printzipio eta baldintzetan oinarritu behar da:

Mitchell Printzipioak deitutakoetan azaldutako konpromisoek zuzenduko dituzte elkarrizketa eta arlo guztiei buruzko negoziazioak [...].

— Akordio politikoak lortzeko negoziazio prozesua eragile politiko, sindikal eta sozialen egitekoa baino ez da izango.

— Elkarrizketa politikoaren edukiek Euskal Herriko kultura politiko guztiak barne hartuko dituen akordioa izango dute xede: errealitate nazionalaren eta erabakitze ahalmenaren onarpenari buruz; barne eredu juridiko-instituzionalari eta, estatuekiko lotura motari dagokionez, independentzia barne; eta herriak duen borondate demokratikoa errespetatzeari buruz.

— Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazkak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori [...]».



 

EPPKtik kanpoko preso batzuek akordioa betetzeko eskatu dute

Gernikako Akordioaren urteurrenaren karietara, beren iritzia azaldu dute EPPKtik kanporatutako hainbat kidek ere. Beren burua Atzera bueltarik ez duen bake prozesu atzeraezinarekin konpromisoa duen preso taldea gisara definitzen dute euskal preso horiek, eta akordioarekin bat egiten dutela berretsi dute, eta «bertan jasotzen den guztia berehala betetzen hasi beharra» dagoela aldarrikatu dute. Honako hau diote presoei buruz: «Tabu zaharrekin hautsi eta preso bakoitzaren hausnarketan aurrera egin beharra dagoela uste dugu, akordioan esaten denarekin bete ahal izateko». Bestetik, «luzamenduetan aritu gabe», biktimen puntuari ere heldu behar zaiola uste dute.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia