Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:57

2011-02-15

Zaborren kudeaketa. Zubietako errauste planta

Gipuzkoan ez dituzte aurreikusitako beste bi konpostatze plantak egingo

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hartutako konpromisoaren arabera, ezingo ditu egungo estatutuak aldatu

Zubietako errauste plantak 318.500 tona zabor erretzeko gaitasuna izango du urtean

Ainara Arratibel Donostia

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak lotuta dauka Zubietako errauste planta eraikitzeko finantzaketa. Baina horren truke hainbat konpromiso hartu ditu proiektua finantzatuko duten erakundeekin eta bankuekin. Horien artean bi dira esanguratsuenak: ez dituela erakundearen estatutuak aldatuko eta, errauste planta errentagarria ez bada, neurriak hartuko dituela; besteren artean, tarifak igotzea. Greenpeaceko iturriek BERRIAri adierazi diote onartezinak direla konpromiso horiek. Gainera, salatu dute aurreikusita zeuden hainbat azpiegitura ez direla eraikiko, adibidez, bi konpostatze plantak. Egingo duten bakarra da Lapatxekoa (Azpeitia, Gipuzkoa) handitzea eta egokitzea. Errauste plantak, gainera, aurreikusi baino gaitasun handiagoa izango du: urtean 318.500 tona erretzeko ahalmena izango du. Hasiera batean 260.000 tona erretzeko modua izango zuela zioten.BERRIA

1. Finantzaketa

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak EIB Europako Inbertsio Bankuarekin sinatutako akordioaren arabera, proiektu osoak ia 500 milioi euroko kostua izango du: 477.926.377 euro, hain zuzen. Kopuru horretan ez da BEZ zerga sartzen. Herrialde bakoitzean desberdina denez, EIBrekin sinatutako akordioetan ez da zehazten kopuru hori. EIBk egindako aurreikuspenaren arabera, obren kostua 394.500.000 eurokoa da. Hala, Greenpeaceko iturriek salatu dute proiektua kontrolatu eta ikuskatzen duten enpresei ordaintzeko izango dela gainontzeko dirua. Proiektuaren berezko kostua, gainera, hasieran aurreikusi baino dezente handiagoa da. Eusko Jaurlaritzak proiektuari ingurumen baimen bateratua eman zionean jakitera eman zenez kostua 320 milioi eurokoa zen. Horietatik 260 milioi errauste planta eraikitzeko ziren.

Orain dela egun batzuk jakinarazi zuten Europako Inbertsio Bankuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Caixak eta Banestok finantzatuko dutela proiektua. Europako Inbertsio Bankuak 195 milioi euro mailegatuko ditu; Caixak eta Banestok, 68 miloi euro; eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 125 milioi euro jarriko ditu. Zorra 21 urtean kitatu beharko da. Finantzaketa horren truke, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hainbat konpromiso eta betebehar hartu ditu mailegu emaileen aurrean.

Baldintza horietako bat da partzuergoaren estatutuak ez aldatzea, baldin eta proiektuaren finantzatzaileek aldez aurretik baimentzen edo eskatzen ez badute. Gipuzkoako hainbat udalek maiz salatu dute egungo estatutuekin udalen autonomia erabat mugatzen dela, eta horrekin errauste plantaren finantzaketa blindatu nahi dutela. Izan ere, estatutu horien arabera, 30 urtez udalek ezingo dute partzuergotik irten.

Horrekin batera, zaborren tarifei lotuta dago beste konpromiso esanguratsu bat. Errauste plantak ez badu zorra— kapitala eta interesak— ordaintzeko adinako errentagarritasunik, edo ez badu zerbitzuaren kostua betetzen, neurriak hartu beharko ditu partzuergoak. Neurri horien artean dago tarifak igotzea. Errauste plantaren errentagarritasuna udalek hara eramaten duten zaborraren araberakoa izango da, baita plantatik lortzen duten energiaren arabera ere.

Bestalde, partzuergoak konpromisoa hartzen du mankomunitateek bete egingo dituztela akordioan jasotzen diren betebeharrak, eta mankomunitateek horretara behartuko dituztela udalak; besteren artean, behartuta egongo dira zaborra azpiegitura horietara eramatera.

2. Zabor kopurua

Hasierako proiektuan, Zubietan jarriko duten plantak bi errauste linea izango zituela jasotzen zen. Orain ere hala da, baina beste bat ere jartzeko aukera jasotzen da.

Kontuan izan behar da, adibidez, Gipuzkoan 426.269 tona hondakin sortu zirela 2009an. Partzuergoaren helburua hondakinen %55 birziklatzea dela aintzat hartuta, %45 erre beharko litzateke gehienez, hau da, 192.821 tona. Zubietako plantak, haatik, askoz gaitasun handiagoa izango du, 315.800 tona zabor erretzeko modua izango baitu.

3. Azpiegiturak

Hasierakoarekin alderatuta proiektuak aldaketa handiak dituela salatu dute Greenpeaceko iturriek. Izan ere, hasiera batean, errauste plantarekin batera, tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat, zepak tratatzeko planta bat, hiru konpostatze planta, biometanizazo planta bat eta ingurumenaren interpretaziorako zentro bat eraikitzea zegoen aurreikusita.

Baina Greenpeaceko iturriek adierazi dute konpostatze plantak ez direla eraikiko, ezta interpretazio zentroa ere. Gainera, biometanizazio plantari dagokionez, eraikitzeko aukera baino ez da jasotzen. Talde ekologistako iturriek jakitera eman dutenez, egingo duten bakarra Lapatx handitzea da. Baina gogorarazi dute Lapatxekoa proba gisa funtzionatzen ari dela. Gainera, zepak tratatzeko planta lekuz aldatu dute, ezarri asmo zuten lekuan akats geologiko bat baitzegoen.



 

Alkateek bilera bat egitea Markel Olanori

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Zubietako errauste planta eraikitzeko finantzaketa adostu duela eta, bilera bat egitea eskatu diote lurraldeko hainbat alkatek Markel Olano ahaldun nagusiari. «Gurekin inolako harremanik izan gabe hartutako erabakia izan da. Gu gara kaltetuenetakoak, 21 urtez bankuen morrontzapean jartzen baikaituzte. Gainera, aldundiak erraustea lehenesten du zaborra kudeatzeko modu gisa, eta gogoratu behar da hondakinen inguruko Europako zuzentarauak azken aukera gisa jasotzen duela», azaldu zuen Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok.

Gainera, hauteskundeak gertu izanda, ez dela halako erabaki «potolorik» hartzeko unea uste dute. «EAJk behin eta berriz esan dute ezker abertzalea legeztatzen badute, ordezkaritza mapa aldatu egingo dela. Horri eutsiz, Olano jaunari eskatzen diogu itxaron dezala mapa hori ikusi arte erabakiak hartzeko, gaia oso garrantzitsua baita».

Usurbilgo, Adunako, Villabonako, Urnietako, Eskoriatzako, Ikaztegietako, Itsasondoko eta Antzuolako alkateek eskatu dute bilera egitea.



 

2014

Errauste planta, martxan.

Hondakinen Partzuergoaren planak betetzen badira, Zubietako errauste planta martxan hasiko da 2014an. 2012an eraikitze lanak hasiko dituzte, eta 2014ko ekainean amaituko. Sei hilabeteko proba eginda, abenduan jarriko dute martxan.



 

Europako Bankuarekin bilduko da Greenpeace gaur

Greenpeaceko ordezkariak Europako Bankuarekin bilduko dir gaur. Besteak beste, erakunde horrek Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarekin sinatutako mailegua aztertuko dute bileran. Ondoren, Julio Barea Greenpeaceko kideak hitzaldia emango du Hernaniko gaztetxean.



 

426.269

Sortutako hondakin tonak, 2009an.

Gipuzkoan 426.269 tona hondakin sortu ziren 2009an, 2008an baino 22.772 tona gutxiago. Hain zuzen ere, 2006tik urtero murrizten ari da Gipuzkoan sortzen den zabor kopurua, administrazioaren iragarpenen aurka.



 

ESANA. CARLOS ORMAZABAL. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakaria

«Hondakinen kudeaketan, birziklatzea da Gipuzkoaren lehentasunezko apustua»



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia