Trena dela esaten duten hori...
Dani Maeztu. Joseba Garai.
Aralarko eta Abertzaleen Batasuneko kideak
Milaka lagun bildu ziren Urbinan orain dela urtebete. Milaka lagun, hurrengo aldarrikapena era baketsuan hedatzeko: gizarte honek garapen eredu ezberdina behar du, Euskal Herria zeharkatuko duen abiadura handiko trenak lekurik ez duen garapen eredu bat, alegia. Protesta horri bortizkeriaz erantzun zion poliziak, inposizioz, orain arte gai honen inguruan egin den politikaren eredugarri.
Proiektu horren beharra ezbaian jartzen zituzten iritziak isilarazten saiatu dira; eztabaidarako beharra aldarrikatzen zutenei hitza kentzeko asmoa izan dute; debatea gizarteratzeko beharrik ez dagoela zabaltzen saiatu dira.
Botereak tresnak izan ditu herritar askok oraindik sinesten ez ditugun gezurrak helarazteko. Eta, aldiz, ez dute kalterik izango duela aipatu. Ez omen da beste zerbaitetarako behar den dirua alferrik xahutuko; ez omen du ingurumen arloan kalterik ekarriko; ez omen dira hiriburuetan bizi ez diren herritarrak ahaztuko. Hirigune handiak lotuko direla diote, baina barneko eskualdeko herri txikiek ez dute onurarik izango. Finean, elkarrengandik hurbil dauden herriak urrundu egingo ditu.
Esan ziguten Europak babesten zuen tren eredua zela abiadura handikoa; esan ziguten tren horrek bidaiariak eta merkantziak garraiatuko zituela; esan ziguten Euskal Herria bertebratzeko balioko zuela...
Hasi ziren obren esleipenak, desjabetzeak, aurrekontuetako diru partidak; eta orain obrak egiten ari dira, gure lurraren itxura betirako aldatuz, gure ondarea zulatuz.
Baina horrek guztiak sistemaren inposizioaren sinadura izango du, etorkizunean ere garapen eredu honek ahalbidetzen duen inposizioaren sinadura, hain zuzen ere.
Kapitalismo globalizatuaren itzalean jardun da egitasmoa garatzen, eztabaida tekniko eta sozialik gabe, propagandak eskaintzen duen legitimitatearen babesean. Sasi-informazioak irabazi duela uste dute, baina inposizioaren etiketak hortxe jarraituko du betirako.
Badirudi horrek ez dituela larregi kezkatzen; bestela, abiadura handiko trenaren egitasmoak sortu dituen aurkako iritziak entzuteko borondatea erakutsi besterik ez zuten. Hautetsiak, unibertsitateko irakasleak, garraio teknikariak, ingeniariak, ekologistak, eragile sozialak... Euskal Herriak eskuartean darabilen obrarik handienaren eztabaidan ez dugu parte hartzerik izan. Parte-hartzeari eta demokrazia errealari beldurra ote diote ba?
Eta zer uste dute, inposizioa izan dena horrela irentsi behar dugula? Ez al da hobea egitasmoak dituen miseriak agerian uzten jarraitzea?
Merkantziak ez dituela garraiatuko agerian uzten jarraituko dugu, hala esaten dutelako adituek. Bilboko Portuko agintari nagusiak, esaterako, zera esan zuen, tren horrek erabilgarritasun gutxi izango zuela merkantziak garraiatzeko, merkantziek egiten duten bidea abiadura handiko trenak egingo duen bidea ez beste bat ei delako. Bestalde, Euskal Herriko bazter batetik gertu dagoen Mirandan merkantziak kamiotik jaitsi, tren horretako bagoietara igoarazi eta Hendaiako geltokian berriro ere kamioietara merkantziak aldatzea ez da batere bideragarria, eta ezta jasangarria ere.
Zera uste dugu, trena dela esaten duten hori ez dela guk nahi dugun trena. Aitzitik, garapen eredu eta lurralde antolaketa eredu zehatz bat inposatu nahi dute: hiriguneak saritu, hirigune horiek kapitalismoaren sareetan are eta gehiago murgildu, eta gure kultura eta ekonomiaren eredu izan diren barruko eskualdeak alde batera utzi.
Baina salatzen jarraituko dugu hau guztia beharrezkoa eta zilegizkoa den eztabaidarik gabe egiten ari dela.
Norabide zehatz batean eraman nahi gaituzte, herriari kontsultatzeak, herriaren iritzia entzuteak lekurik ez duen politika jakin baterantz. Baina, gure iritziz, ez dago Euskal Herria diseinatzerik herriaren iritzia kontsultatu gabe.
Horregatik izango gara berriro ere bihar Hendaian. Aukera paregabea daukagulako herri moduan gure mezua hedatzeko, bestelako garapen eredu baten gerizpean, goazen Euskal Herria eraikitzera.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
