Santi eta Josu, gure izarrak
Tasio Erkizia
Ezker Abertzaleko militantea
Askotan aipatu izan dugu Santi eta Josu militante eredugarriak izan zirela. Gizon handi horiek pertsonalki ezagutzeko aukera izan genuenok harrotasunez adierazten dugu beraiekin bizi izan genituen hainbat une interesgarri. Une latzak eta gogorrak maiz, momentu goxoak ere bai, baina batez ere asko erakutsi ziguten tarte ugari elkarrekin bizi izan genituen. Eta bi pertsona horien gizatasunak eta duintasunak izugarri aberastu gintuen.
Baina bistan da ez zituztela erail gizon onak, langileak eta baliotsuak izan zirelako, ez behintzat batez ere horregatik. Erail zituzten Herri Batasunaren ordezkari gisara elkarrizketa eta negoziazio bideak zabaldu nahi zituztelako eta Estatuak bide hori ez zuelako ireki nahi. Konfrontazio eta blokeo egoera maiteago zuten, errentagarriago zitzaien beraien interesetarako. Aspaldi esana zuen Cesid-eko burua zen Casinello jaunak: «Antes la guerra que la alternativa KAS». Eta bide horretatik Estatuarentzat oso deserosoa zen elkarrizketaren mahaia, errazagoa zen errepresioa eta bortizkeriarena.
Eta alde horretatik, oso esanguratsu deritzot Santiren erailketaren testuinguruari. Estatuak, Ramon Rubial PSOEko buruzagiaren eraginez besteak beste, GAL erakunde terrorista sortua zuen euskal militanteak kikildu eta hori lortzen ez zuenean desagerrarazteko. Eta, bestetik, zenbait hilabete lehenago Herri Batasunaren izenean Jokin Gorostidirekin batera Madrilen, garai hartan Frantziako enbaxadorea zen Guidoni jaunarekin, bilera luzea izana zuen. Bilera hartan Frantziako zein Espainiako estatuen proposamen ustelari gogor eta sendo erantzun zion gure Santik, ezker abertzalearen erabakia Euskal Herria jokaleku demokratiko batera eramatea zela adieraziz eta, beraz, sasibideak ez ginderamatzala inora tinkotasunez aldarrikatuz. Errepresio bideek soilik menpekotasuna luzatu eta, ondorioz, sufrimendua gehitu besterik ez zutela lortuko garbi utzi zieten gure ordezkariek. Eta larrutik ordaindu zuten beraien duintasuna.
Gogoratu behar dugu Josu Muguruza ere zein testuingurutan erail zuten. Aljeriako negoziazio prozesuan lan isila bezain garrantzitsua bete ondoren, elkarrizketa bideari eusteko lanean txosten interesgarri eta argia egin zuen Herri Batasunaren baitan eztabaidatu eta sakontzeko helburuz. Eta hausnarketa horren ondorioz, Madrileko Parlamentuan jarrera aktiboagoa izateko erabakia hartu zuen herritar batasunak, horretarako pertsona oso egokia zelakoan Josu Muguruza aukeratu genuelarik. Aurreko legealditan ez bezala, 1989. urteko hauteskunde ondoren diputatu eta senatari txartelak hartzea erabaki zen, hain zuzen ere, elkarrizketa bideak berriro irekitzeko ahalegina egitea lehenesten genuelako. Kredentziala hartu zuen egunean bertan, tiroz erail zuten. Nork pentsa dezake kasualitatea izan zenik? Nola ukatu Estatuak elkarrizketa eta eztabaida politikoari dion beldurra?
Urte asko igaro dira -Santiren kasuan 25 eta Josurenean 20- baina historia ez da bere funtsean asko aldatu. Estatu Espainolak, beti legez Frantziakoaren laguntzaz, bere betiko bide errepresiboan segitzen du. Inposizioa eta menpekotasuna da bere «normalizazioa». Euskaldunak espainiar bihurtzea da helburua eta horretarako denak balio du: atxiloketak, ilegalizazioak, eskoletako haurren manipulazioa, euskara zokoratzea, EITB irrati zein telebisten erabilera lotsagarria.
Euskal Herrian, aldiz, herritar gehiengoaren baitan burujabetzaren nahia eta beharrizana inoiz baino ozenkiago entzun daitekeen aldarria da. Gainera, amesten dugun aldaketa politikoa posible dela zinez sinesteko arrazoi ugari daude; besteak beste, bi une zein baino zein esanguratsuagoak, urriaren 17an Donostian egin genuen manifestazio erraldoia eta urriaren 25ean Autonomi Estatutuaren inguruan ikusi genuen argazkia. Oraindik ere, aldaketa politikoaren aukerek bizirik diraute. Areago, gure herria bidegurutze garrantzitsuan aurkitzen da. Eta galdera zera da: asmatuko al dugu bide eta norabide egokiarekin?
Honelako bidegurutzean maite dugu norabidea markatzen diguten izarrak aurkitzea. Iparra adierazten diguten argi distiratsuak deskubritzea. Eta une honetan nire erreferente edo izarrak, besteak beste noski, Santi eta Josu dira. Beraiengandik ikasi nuen ausardia, estrategia egokiak adosteko azkartasuna eta konpromisoa nahi ditut ezker abertzale osoarentzat. Modu bateratuan eta zabaltasunez, baina aldi berean tinkotasunez eta beldurrik gabe jokatzeko gaitasuna.
Ez da txantxetakoa bizi dugun egoera. Aukeraz gainezka baina aldi berean zailtasunez beterik. Oztopo ugari aurkituko ditugu egin nahi dugun bidean. Estatuaren aldetik etorriko diren manipulazio informatiboa, indarkeria poliziala eta boikot garbia alde batetik, baina bestetik, gure baitan hain errotua dugun erosotasuna eta besteekiko mesfidantzak edo zenbait eragileengan dakusagun epelkeria. Pazientzia handiz jokatu beharko dugu, baina aldi berean irmotasunak eta determinazioak izan beharko dute prozesu demokratiko honen ezaugarri nabarienak.
Gure indarretan sinetsi eta nahi duten guztiekin lidergotza konpartitu. Ezker abertzalerik gabe ez du herri honek demokraziarik ezagutuko,baina ezker abertzaleak bakarrik ezin du prozesu hori bideratu. Beraz, lidergoa konpartitua izan behar da, baina jakina, horretarako konpromisoa eta eguneroko ibilbidea ere elkarrekin egin behar dugu. Burujabetzaren aldeko hautua egin nahi duten guztiak sentitu behar dira eroso eta gustura. Elkarrekiko errespetua landuz, konfiantza berreskuratu eta lan tresna zein ekinbideak adostu. Bide neketsua bezain zaila, baina herritarrek exijitzen diguten esfortzua da. Ezin dugu huts egin.
Indar metaketa da gure baliabide baliotsuena eta, beraz, tentu handiz landu behar dugun esparrua. Eta hori ahalbideratzeko hainbat eragile politiko, sindikal edo sozialen oniritzia eta babesa lortu behar dugu, baina batez ere herritarrak aktibatzea da ezinbestekoa. Abertzale eta ezkertiar sentitzen diren hainbat herritar, murgildurik dauden etsipena edo desanimutik atera eta proiektu erakargarria eskaintzea da gure eginkizun nagusia. Ilusioa eta inplikaziorako grina piztu behar dugu. Santi eta Josu horren eredu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
