Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:02

IRITZIA;2009-04-18;Larrepetit. Donald

Larrepetit

Garazi Goia

Donald

Unai, Alai, Ilaski, Donald, Gorka, Jon, Aketza. Sekuentzia horretako logika bilatzen hasiz gero, Donald geldituko litzateke soberan, izen euskalduna ez izateagatik. Edo, baita ere, soberan legoke, zerrendako pertsonaia konkretuak kontuan hartuz, Donald delako euskal arbasorik ez daukan bakarra, ez delako inoiz Euskal Herrian bizi izan, eta ez daukalako lotura sendorik gure herriarekin.

Baina, egun hartan, Londresen Korrika ospatu genuenean, Donald ez zegoen soberan euskaldunon, euskal izendunon eta euskal arbasodunon artean. Donald ere Korrika ekitaldia ospatzera joan zen, bazkalosteko kantu saioan Benito Lertxundiren doinuak abestu zituen, eta euskal giroan arratsalde atsegina pasatu zuen. Donald ingelesa da, urteak daramatza erretiratuta, Londresen bizi da, eta euskara ikasten ari da hango unibertsitate batean. Gure hizkuntzarekiko aparteko interesa dauka, eta, egunero, euskal egunkarietako izenburuak irakurtzen ditu hiztegiaren laguntzarekin.

Goiko sekuentziako erregelak aldatzen dituen pieza da Donald. Xake partida batean, peoia erregina bihurtzen denean bezala. Oztopoak gainditu behar ditu, denboraren presioa presente dauka, egin beharreko bidea ez da erraza; baina, azkenean, helburua lortzen du. Peoiak erregearekin akabatzen du. Donaldek ere lortu du bere partida irabaztea, eta barren-barrenean helburutzat jartzen den hori erdiestea posible dela egiaztatu du. Bera bezalako gehiago behar genituzke guk ere gure xake partida partikularra irabazteko. Pieza indartsuak, ilusiodunak, eredugarriak. Zorionak, Donald. Miresgarria da egiten ari zarena.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia