Baztango lore politena
Josu Iraeta
Idazlea
Duela sei hilabete euskarari buruz argitara emandako beste artikulu batean, hitzez hitz esaten nuen: «Gaur egun bihotzak eskatzen duena neurtuz eta dakiguna zuzen eta jator agertuz, nire ustez, euskarak etorkizun beltza du», eta artikulu bukaera hau: «Administrazioetatik mezu alai eta baikorra zabaldu arren, nik ez nuke esango, gaur euskaraz gozatzeko garaiak direnik».
Diotenez, eta zoritxarrez ez naiz bakarra, hemendik urrun dauden lurraldeetan ere, antzeko zerbait ikusten dute gure hizkuntzaren etorkizunean.
Gai honetan baikor izatekotan gehien ezagutzen dudan lurraldera begira jarri beharrean nago, Baztan eta bere inguruetara alegia.
Nire mahai gainean dudan ikerketek diotenez, azken belaunaldietan Baztanen euskara nabarmen indartzen ari da, eta horrek poztu egiten nau. Hainbat datu eta zenbaki ikusten ditut, eta nahiz inkesta zalea ez izan, badirudi Baztan Nafarroako Mendialde gehienean gertatu denaren adibide bat besterik ez dela.
Nire ustez, arrazoi nagusia euskara hezkuntza tresna erabiltzean datza. Horrek ekarri du hizkuntza galera joera geldiarazi eta hiztun berriak bereganatzea.
Baina ikerketak eta inkestek ez dute agertzen nork eta nola aldarazi duten azken hogeita bost urteetan euskararen egoera Baztanen. Nik hori agertu nahi dut.
Garai haietan Baztango Harana eta bere ingurua populazio eta ekonomia aldetik jazotzen ari zen beherakada uka ezina da. Herri txikiak poliki-poliki husten ziren, Elizondo izan ezik, eta honen gorakada beste herriari esker egin zen.
Herri txikiek euskara oso ongi kontserbatzen zuten eta normaltasunez erabili ere bai. Elizondo, Irurita eta Mugairiko herrigunean euskara gutxi sumatzen zen kalean. Gehienek, euskara ezagutu arren, ez zuten erabiltzen. Euskarak kaleko giroa galdu zuen, eta ostatu, denda eta zerbitzu publikoetan, giroa erabat erdalduna zen.
Garbi dagoena hau da; euskararen desagerpenerako prozesua burutzen ari zela.
Lehenik: euskaldun guztiek gaztelera ezagutzen zuten.
Ondoren: euskara alde batera utziz zihoan.
Azkenik: erdaldun perfektua, euskara ikasteko beharrik sentitzen ez zuena ematen zen.
Egoera larri honetako arrazoi nagusiak?
Garai haietan aldaketa sozio-ekonomikoari (baserritar - hiritar) garrantzi handia ematen genion, baina nire ustez, alderdi sozio-politikoek indar gehiago izan zuten.
Administrazio publikoetatik dena zen aurka, berdin PSOE - UPN edo CDN egon Gobernuan. Urralburu eta bere Ley del Vascuence hasiera batean, Miguelico eta Juan Cruz ondotik. Eta biak indarrean daude oraindik, ingelesa indartu nahian, zuzen euskararen aurka. A zer parea...
Baina bertan ere bazituen euskarak nahikoa etsai. Baztango Udalak euskaraz idatzitako mozioei ez zien kasurik egiten. Sarrera eman bai, baina erantzunik ez.
Udaletxeko dokumentu ofizial guztiak erdara hutsean idazten ziren. Baztango Harana gehienbat euskalduna izanik, bere idazkaria erdalduna zen. Udaletxeko bilkurak erdaraz soilik egiten ziren, partaide gehienak euskaldunak izan arren...
Udaletxeko iragarki tauletan jartzen ahal zen; «eguzki energiari buruz Sevillan antolatutako ikastaroa» -gaztelania ederrean, noski-, baina Baztandarren Biltzarreko kartelek denbora gutxi irauten zuten bertan.
Hezkuntzan ere gauzak oso okerrak ziren:
Eskola publikoan: herrietako eskoletan, elebidunak, haur kopuru txikiak eta desagertzeko arriskuan.
Kontzentrazioan: irakasleria gehienbat erdaldun.
Udal ikastolak: haur kopurua urtetik urtera gehituz, egoera oso larrian ibili ziren, denbora luzez oso luzez, lokalak guztiz desegokiak eta udaletxearekin harreman larri eta estuak.
Zer esan erabat desegokia zen Elbeteko etxe zahar hura. Ia-ia itota aurkitu ziren. Baita negu gorrian, pilota lekuan klaseak ematen, haurrak hotzez hormaturik. Ze lotsagarrikeria, ze gorrotoa gure hizkuntzarekiko.
Hainbat traba alde guztietatik. Hainbat lan eta borroka.
Gaur egun kaleratzen diren inkesten baikortasun ederrak duela hogeita bost urte luze hainbat eta hainbat euskaltzale, guraso eta irakaslek landutako borroka latzaren emaitzak dira. Beraiek egindako lanak mantendu eta indartu du euskara Baztanen. Hori nahi nuen argitara eman, ongi asko merezitakoa baita.
Egia da ongi ezagutu nuela bertako lore bat, aski polita, baina euskara da Baztango lore politena.
Baztanen, euskararen alde, hainbeste lan eta borroka egin duzuenen aurrean, denen aurrean; zutik, nire txapela bilduta eskuan, gerria eta burua makurtuz, nire aitortza.
Bejondeizuela denoi.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
