Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:01

IRITZIA;2009-01-30;Iruņa Oka argitu dezagun

Iruña Oka argitu dezagun

Arantxa Zabala. Patxi Alaña

Iruña Oka argitzeko Koordinakundeko kideak

Arabako Foru Aldundiak Iruña Okako indusketez arduratzen zen Lurmen enpresari lana egiteko baimena kendu dio, Eliseo Gil eta bere taldea publikoki gezurtitzat hartu ditu eta mediatikoki sekula konpondu ezingo den irudia sorrarazi du. Eta hori guztia egiteko, gaur egun, ez dakigu funtsezko arrazoirik egon den ala ez, zalantza izugarriak daudelako:

Datazioak ez dira berriz egin: Orain arte, laboratorioen datazioen arabera ostrakak orain 1.700 urte inguru egindakoak dira: Geochron (Cambridge-Massachussets), Gröningen Unibertsitatea (Holanda), CEA-CNRS (Frantzia) eta Adirondack (Euskal Herria). Gaur egun zientziak zeramika batean egindako idazkun bat oraintsu edo orain ehunka urte batzuk egin den jakiteko aukera ematen du. Zergatik ez dira datazioak berriz egin nahi?

Indusketak ez dira bisitatu: Aldundiko Batzordeko kideak ez dira Iruña Okara joan gauzak ondo aztertzera: ostrakak zein leku zehatzetan aurkitu diren, kokapenak, estratoak... Normala al da egindako indusketak ikustera ez joatea, lan hori sakonki aztertu nahi baldin bada?

Harremanik ez da egon batzordekide eta arkeologoen artean: Batzordeko kideak ez dira 10 arkeologoekin egon, gauzak ondo aztertzeko: egindako lan arkeologikoa, jarraitutako prozedurak... Txostena irakurrita eman dute irizpidea. Ez al zen ezinbestekoa langile horiei guztiei galdetzea haien lanari buruzko emaitza bat eman baino lehen?

Alegazioak egiteko epea epaiaren ostean jarri dute: Prozesu serio batean, indusketak bisitatzeaz gain, arkeologoak elkarrizketatzeaz gain eta datazioak berriro egiteaz edo berresteaz gain, azken txostenak denon esku jarriko ziren berriro, azken erabakia hartu baino lehen, Eliseo Gilek erantzuteko aukera izateko. Kasu honetan ez da horrela egin, eta epaia eman ondoren (kaleratzea eta langabeziara) alegazioak emateko epea jarri dute. Eliseok aurkeztuko dituen alegazioek, lintxamendu mediatiko horren ostean, zerbaiterako balioko al dute orain?

Filtrazio asko egon da, eta isilpekotasuna hautsi dute: Jendeari informazio guztia bi urtez ukatu zaion bitartean, azken aste hauetan lau filtrazio baino gehiago egon dira gai horren inguruan, iritzi publikoa moldatzen laguntzeko. Horrez gain, batzordekide batek bere hitza ez du bete, isilpekotasuna hautsiz. Horrelako portaera onargarria al da?

Txostenei buruz esandakoa eta argitaratutakoa: Txosten batzuk Interneten eskegitzen hasi dira. Horietako bat kimikaria den batzordekidearena. Aldundiko agerpen publikoan ostraketan kola aztarnak agertzea faltsuak direla esateko erabili zuen. Txostena irakurri berri dugu, eta ez dago kolari buruzko aipamenik.

Faltsifikazioak egiazkotzat hartzeko egiten dira normalean: Arkeologian, artean edo bestelako jardueretan, faltsifikazioak egiazkotzat har daitezen egiten dira. Beraz, zentzurik ba al dauka iruzur egile batentzat ostraketan hainbeste hitz idazteak, horietako asko gazteleraz eta banaka batzuk italieraz eta irlanderaz?

Zalantza horien guztien aurrean, honako eskaera hau egiten diogu Arabako Foru Aldundiari:

1. Idazkunen datazioak berriz egitea beste laboratorio batzuetan eta gai honetan gaitasun handiena duten adituek eginda.

2. Lurmen enpresarekin duen hitzarmena jarraitzea. Ostrakak gezurrezkoak izateko aukera handiak badaudela onartuta ere, egiazkoak ere izateko arrazoiak ez dira falta: laboratorioen datazioak, topatu diren lekua (estratoak), gazteleraren sorrerari buruzko bestelako teoriak... Beraz, Aldundiak beste zuzendaritza bat sar dezake Iruña Okan baina Lurmenekin batera lan egiteko.

3. Informazio eta eztabaida epe luze bat irekitzea. Bi urteko epean eta material guztia Internet bidez denon esku jarri ondoren, aurkitutako hitz eta ostrakak egiazkotasunaz nazioarte mailako eztabaida publiko eta irekia sustatzea. Lehendabizi, maila arkeologikoan atera beharko lirateke ondorioak eta, bigarren maila batean, gai honi dagozkion gainerako jakintza arloetan.

4. Ostraka guztiak behar bezala babestuta egotea, etorkizunean egin daitezkeen datazioak berriz egin ahal izateko, gure ondarearen pieza garrantzitsuak izateko aukera oraindik badutelako.

Testu hau Iruña Oka argitzeko Adierazpena da. Urtarrilaren 17an, gai honi euskal kulturaren eta zientziaren ikuspuntutik irteera egokia emateko Koordinakunde bat sortu dugu Gasteizen. Orain arte informazioa ezkutatu da, eta eztabaida zabal, ireki eta kontrastatua egin beharrean, lintxamendua baino ez dugu ikusi.

Horregatik, Koordinakundeko kideok euskaraz eta euskal kulturaz kezkatzen diren herritar guztiei Adierazpen hau izenpetzeko gonbita egiten diegu (Internetez egin daiteke: Iruñaoka.net), zientziak eta arkeologiak merezi dutelako.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia