Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:51

IRITZIA;2009-01-25;Artikulu galdua

Artikulu galdua

Pablo Sastre

Idazlea

Abenduaren 15ean artikulu bat bidali nuen egunkari honetara. Sarean galdu zen, ordea... Gaur atzeman dut.

Hauxe da artikulua:

AHT eta herri-bakea

Etxe Zurietako nagusiek bat bakarra izatea nahiko lukete baina, munduan ez dago bake bakarrik. Herri bakoitzak badu bere bake-modua, bere legeak eta bere mintzaerak dituen bezalaxe.

Aldiz, herrialde guztietan, zentro aldetik begiratu edo bazterretatik begiratu, oso diferente ikusten da bakea.

Zentro aldean, botereguneetan, «bakea mantendu beharraz» hitz egiten den bitartean, bazterretan jendeek «bakean utz ditzaten» nahi izaten dute. Bakea emanda bizi ahal izatea, bera da jendearen nahierazko bakea, bake popularra, azken hamarkadetako garapenak arrunt galarazi duena.

Garapenaren izenean, estatuak eta industriak gerra totala deklaratu diote herri-bakeari. Esate baterako, bide komunalak eta oinezko bideak zaintzen eta babesten zituen herri-bakea hautsi eta errautsi egiten du garapenak, autobia eta bariante berriak eta abiadura handiko trenak eraikiz.

Orai-egunean, herri-bakearen etsairik handiena da garapena.

Herri bakoitzak bere bake-modua duen, edo izan nahi duen bezalaxe, herri bakoitzak bere biolentzia-modua ere badu, edo izan nahi du, eta «terrorismo» eta «datorren aldetik datorrela» hitzak azaldu ziren artean behinik behin inork dudan jartzen ez zuen egia bat zen hori.

Herri-biolentziak dibertsoak eta agerikoak izaten diren bezala, botere-biolentzia, berriz, absolutoa bezain aipatzen gaitza da; alta, ikusi nahi duenak ikus, diruaren hotsean eta garapenaren banderapean ari dira burutzen krimenik handienak.

Enpresario bat hil duela-eta ETAri niet esan dio AHTren aurkako Asanbladak. Eta badu zertan. Egia da, ezker abertzaleko lagun asko gogor sinetsita daudela, ETAren laguntzarik gabe, ez dela geldiaraziko trena. Guztiarekin, baldin gure helburua, hain xuxen ere AHT geldiaraztea bada, badugu ETArekin argi ibiltzea zeren, ETAk helburu hori bera ote daukan ere ez baitakigu.

Zoritxarrez itxita «demokrazia bideak» (jende printzipalak halaxe deituak), askoren ustez, aurrerantzean (atzerantzean bezalaxe) «ez obedientziazkoa» eta «erresistentziazkoa» izan behar luke kontra-bide bakarra.

... Ikusi dugu borroka honetan dagoeneko berrehun aldiz lagunak kateatuta, tankeak lakoxe kamioien aurrean... Halako ekintzez ari, lehengoan lagun batek esaten zidan: «Bake-bakean obretara joan eta makina bati lotu? Aurrena ostiatu egingo gaituzte, gero gainetik atxilotu, prozesatu...»

Zer egin, hortaz, krimen handiaren aurrean?

Momentuz, zain gaude, ustez AHT saboteatu zuten eta preso dauden Tarnac-eko bakezaleei zein zigor jarriko dien Frantziako legeak.»

Horraino, artikulu hura. Harrezkero, gai honi dagokiola, lehengo asteko (Urbina aldeko) manifestazioa izan da berria. Milaka jende, giro ederra, poz handia...

Halako batean, ehunka lagun, esku hutsik eta lasai, lokatza eta harri-mokorrak besterik ez zeuden obra zati baterantz abiatu ziren. Ertzainak biolentzia handiz oldartu ziren, hainbat zauritu eraginez.

Bakezaleak eta biolentoak...

Nork sala biolentzia?...

... Terrorea bizi izan genuen.

Itzuleran, lagun bati aditu nion esaten: «Gaur metrailetekin egingo dut amets».

Mala vía.

Asteazkeneko ETAren komunikatuak berretsi du bide horretan sartuta gaudela. Egia da, ETArik eta poliziarik gabe askoz hobeto geundekeela, bitartean Jaurlaritzak ezin du bere erantzukizuna ezkutatu, lanen gelditzea eta (inoiz izan ez den) hausnarraldia eskatzen dituzten milaka ahotsen aurrean ez-entzuna eginez eta bortizki erantzun baitu berriz eta berriz.

Atxilotu gehiagorik ez. AHT gelditu. Tolosan, kaldererotan, manifestazioa.



 




Herri bakoitzak bere bake-modua duen, edo izan nahi duen bezalaxe, herri bakoitzak bere biolentzia-modua ere badu, edo izan nahi du, eta «terrorismo» eta «datorren aldetik datorrela» hitzak azaldu ziren artean behinik behin inork dudan jartzen ez zuen egia bat zen hori





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia