Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 13:57

AGENDA;2008-09-28;KOMUNIKAZIOA. Euskarazko azpidatziak erabiltzeko aldarria egin dute webgune berri batean. Euskarazko azpidatziak trukatu eta horiek nola sortu dokumentatzeko gunea sortu du Luistxo Fernandezek

Euskarazko azpidatziak erabiltzeko aldarria egin dute webgune berri batean

Euskarazko azpidatziak trukatu eta horiek nola sortu dokumentatzeko gunea sortu du Luistxo Fernandezek

Ainitze Agirrezabala

Donostia

Ikus-entzunezko materiala jatorrizko bertsioan baina euskarazko azpidatziekin ikusteko, www.manterola.org/azpitituluak gunea jarri du abian Luistxo Fernandez zibernautak, euskarazko azpidatziak trukatzeko. «Euskarazko azpitituluen inguruko webgunea izan nahi du honek». Informazioa eta, batez ere, azpidatzien fitxategiak sortzeko prozesuaz erabiltzaileak dokumentatzeko eta sortutako azpidatziak trukatzeko elkarlanerako pentsatuta dago. «Ikus-entzunezkoak euskaraz azpititulatuta egon daitezen aldarria egiten dut».

Oraingoz, webgunean euskarazko azpidatziekin itzulitako lau film daude, guztiak Fernandezek itzuliak: Hayao Miyazakiren Mononoke Hime (1997) eta Ponyo (2008) eta Andrew Stantonen Wall-e (2008) marrazki bizidunak, eta, horrez gain, Steal This Film 2 trukeari buruzko dokumentala. «Lan pertsonal hau legaltasunaren muga-mugan edo legaltasunetik haratago dago, baina nik ekarpenak egiten jarraituko dut. Gero, denborarekin ikusiko dugu inork honetan kolaboratzen duen eta proiektuak arrakastarik duen».

Etxetik egitea posible da

Fernandezek dio telebistak eta zinema aretoak ikus-entzunezko materiala jatorrizko bertsioan euskarazko azpidatziekin ematen saiatu beharko liratekeela bikoizketan diru asko gastatu beharrean. «Kontuan izan bikoizketa askoz ere prozesu garestiagoa dela. ETB1en ez da halako saiorik sekula egin. Aldiz, Europa iparraldean edo ekialdean, telebistako telesailak eta aretoetako filmak herrialde bakoitzean bere hizkuntzan azpidatzita ematen dituzte». Nahitaez ETBren, merkatuaren edo Frantziako eta Espainiako ohituren menpe egon beharrik izan gabe, egungo teknologiarekin etxeko ordenagailuan gauza hauek egitea erraza dela dio. «Zinemaldian ere euskarazko azpidatziak dituzten filmen zerrenda luzea eskaintzen dute, baina, behin zinemaldia bukatuta, non dago euskarazko kultur material hori?». Euskal Herrian Espainiako eta Frantziako ohituretara ohitu garela dio. «Eskandinavian, esaterako, begietan ez dute dioptria arazo handiagoa azpidatziak irakurtzeagatik. Baldin badute, neguan argi gutxiago dutelako izango da. Suediar guztiek ingelesa ere gure aldean hobeto dakite, eta ez ile horiak direlako. Argi esan nahi dut nire hamar urteko semea ingelesezko film bat euskaraz azpidatzita jarraitzeko gai bada guztiok garela horretarako kapaz».

Fitxategi txikiak trukatzea proposatzen du webgunean. «Ikus-entzunezko fitxategi handientzat ez da lekua gune hau». Horietarako beste sistema batzuk daude: Euscal Encodings foroa da, esaterako, ikus-entzunezko euskarazko materiala sareratzen gehiena aurreratu duena. «ETBn inoiz emandako euskaraz bikoiztutako film eta telesailen bilduma ari dira egiten».

Ikus-entzunezko hainbat material euskaraz entzun edo irakurtzeko aukerarik ez dagoenez gaur egungo teknologiarekin film bat jatorrizko bertsioan hartu eta norberak etxeko ordenagailuarekin euskarazko azpidatziekin itzul ditzakeela dio. Azken finean, azpidatziak testu fitxategiak dira. «Baina detaileak bihurriak dira. Horregatik, wikian dokumentazioa aurki daiteke eta euskaratutako azpidatziak biltegi komun batean gorde eta eskuragarri jarri. Ahalegin horrek elkarri buruko minak aurrezteko balio dezake».

«Honen inguruko kezka ez dut nik bakarrik izan; iraganean ere beste hainbat saiatu izan da kontu hau mugitu eta euskarazko azpidatzien aldarrikapena egiten. Hala, gune hau sortzean horien aipamena egin nahi izan dut».

 


Bikoizketa askoz ere garestiagoa da; euskaraz azpidatziak erabiltzen saiatu beharko lirateke»

«ETBren eta Frantzia eta Espainiaren ohituren menpe egon gabe sor ditzakegu azpidatziak»

Luistxo Fernandez

Zibernauta



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia