Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:50

AZKENA;2004-01-29;MARATILA Kritikoak (II)

JUANJO OLASAGARRE

Kritikoak (II)



A

urreko asteko hari beretik segitu nahi nuke (hobeto espero dut, hartan artxiboz okertu bainitzen eta barkamena eskatu nahi dut). Kritika, besteak beste, bataren eta bestearen artean bereiztea bada, egunkarietako kritiko gehienek kritikarik ez dutela egiten esan nahi nuen. Arrazoia dutela gehitu beharko dut, nik ere berdin eginen nuke Euskal idazleen ostia txarra ezaguturik, gauza baitira kritikoa jo eta bertan akabatzeko. Segurtasun pertsonala oso gauza serioa da.

Gure artean dabilen beste kritiko mota bat unibertsitateko irakasle kritikoa da. Idazleak kokatzeko kutxak sortu eta aditzondoak eranstea dute zeregin nagusi eta, jakina, dauzkaten botere eremutxoak kudeatzea. Euskal idazleak haien onespena beharrezkoa du munduratuko

bada. Asmatuko zenuten bezala, haien artean ez dira ongi konpontzen, eta ez da jakiten zein gustu estetikoren arabera aukeratzen duten munduratutako idazle hori. Aukeratu bazaituzte, euskal idazle ostia txardun, ez ibili txorradetan; erabaki ezazu ona, are gehiago oso ona, zarelako munduratu zaituztela, eta bake santua. Eta gero kritiko kritikoa dago, Berlin edo Audenen moduko kritikoa, liburuaren balio ezkutuetan arakatuz eta irakurketa berriak proposatuz beste literatur lan bat sortzen duena, askotan jatorrizkoa baino hobea. Baina horrelakorik, oraindik behintzat, ez daukagu euskal literaturan.Bai badakit, ni ere ez naiz Tolstoi!





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia