Berria.info

Ostirala, 2013ko maiatzak 24 - 14:11

2012-06-13

Komunikazioa

Kazetaritzaren geroa gaizki banatuta dago

Zazpi aditu bildu dira hedabideen eta profesionalen etorkizunaz hausnartzeko eta joko arauen aldaketaz, kazetariak birziklatu beharraz eta negozio ereduaz mintzatzeko.

Edu Lartzanguren

Etorkizuna hemen dago, baina ez dago ongi banatuta». Ziberespazio hitzaren asmatzaile William Gibsonen aipua da, eta gure bizimodu modernoaren alor guztiekin erabil daiteke, klixe bihurtu arte. Baina ezin hobeto deskribatzen du kazetaritzak gaur pairatzen duen nora eza. Teknologia berriek beste mundu bat ekarri dute, komunikatzeko beste modu batzuk, eta hedabideen zein kazetarien eredu klasikoa hankaz gora jarri dute, etorkizuneko eredua zein izango den oraindik argi marraztu gabe.

Gaiaren inguruan, hainbat aditu hausnartzen jarri ditu Evoca komunikazio taldeak, eta Kazetaritzaren etorkizuna txostenean bildu ditu ondorioak.

Ekaitz perfektuan

Kazetaritza tradizionala hondamendia pairatzen ari da. Milaka lanpostu galdu dira azken urteotan, dozenaka egunkari eta aldizkari itxi dituzte, eta, gainera, ez zaio barealdirik sumatzen Ramon Salaberria kazetaritza irakasleak txostenean «infernuko ekaitz perfektua» deituriko egoerari. Izan ere, bi krisi elkartu zaizkio kazetaritzari: ekonomiak duen krisi orokorra eta iraultza teknologikoak eragindako «benetako birmoldatze industriala».

Hedabideak ez dira egoeraren biktima hutsak, ordea, El País egunkariko zuzendaritzako Gumersindo Lafuenteren arabera. Azken hamarkadetan borroka ideologikoetan murgildu direla salatzen du, eta, hurrengo paragrafoan, Pedro J. Ramirezen aurka jotzen du, eta 2004ko martxoaren 11n Madrilen gertaturiko atentatuei emaniko tratamenduak kazetaritzaren sinesgarritasuna kolokan jarri izana egozten dio. «Orain dela gutxi, boterea zelatatzen zuen kazetariak. Orain, berriz, jendeak kontrolatzen du kazetaria», dio Lafuentek.

Salaberriak dio kontrol lan horretan sare sozialek «etengabeko azterketa bat» jartzen diotela kazetariari, eta huts txikienarengatik erantzukizuna eskatzen diote. «Entzuleek hitza eta boterea hartu dituzte», Lafuenteren arabera. Eta horrek komunikazioa askoz horizontalagoa izatea eragin du, Salaberriak dioenez. Horrek guztiak beren eginkizuna zein den berriz hausnartzera behartu ditu profesionalak.

Kazetariak birziklatzen

«Ezin dira XXI. mendeko hedabideak kudeatu XX. mendeko lan ohiturekin», dio Salaberriak. Aditu guztiek uste dute kazetariek lan handia egin beharko dutela modu berrietara moldatzeko. Edonork ditu gaur komunikatzeko gailuak, baina profesionalak teknologia hori kazetaritzaren zerbitzuan jartzeko ahalmen berezia izan behar du.

«Espezialista berriek antzinakoek baino espezializazio gutxiago izango dute», dio Chiqui Esteban infografiako adituak. Batez ere Interneten bidezko kazetaritzara begira egon behar dira.

Silvia Cobo kazetariak uste du profesional berriak Interneten bere marka propioa eraiki behar duela. Norberaren webgunean, blogean eta sare sozialetan landu behar du bere nortasuna. Halere, horrek kazetariaren eta haren enpresaren arteko tirabira ekarriko duela uste du, hedabide batzuek ez dutelako marka pertsonala duen kazetaririk nahi, lanpostu askotan etxearentzat arriskutsua izan daitekeelakoan.

«Kazetaritza ez da lanbide bat, jokabide bat baizik», idatzi du Juan Luis Sanchez Periodismo Humano taldearen sortzaileak. M-15eko mugimenduaren berri emanez ikasi zuen Sanchezek kazetaritzat har daitekeela informazio sinesgarria emateko jokabidea duen oro. Halere, «kazetaritza parte hartzailea» baino gahiago, «parte hartutako kazetaritza» proposatzen du, eta, horretan, editore edo curator eginkizuna ematen dio profesionalari.

Eta negozio eredua?

Dagoeneko, errealitateak konbentzitu ditu kazetariak eta hedabideak aldatzeko beharraz, baina hori egin bitartean nola eutsi negozioari zulora ez joateko aldatzeko aukera izan aurretik?

«Hedabideen tamainak eta egiturek dagoeneko ez dute balio kazetaritza ona egiteko, eta, gainera, hura itotzen ari dira», ohartarazi die Lafuentek, El Pais-eko zuzendaritzakoak, profesionaleei. «Agian, bolada batez, apur bat txikiagoak izatea onartu beharko dugu».

Ismael Nafria kazetari eta idazleak, berriz, beste aukera bat ikusten du: «Filantropiak eginkizun garrantzitsua izan dezake kazetaritzaren etorkizunean». Dioenez, AEBetako hainbat hiritan, publizitate komertzialak huts egin duen honetan, herritarrak mugitu dira, tokian tokiko hedabideak bultzatzeko eta haiei eusteko.



 

Kazetaritzaren etorkizuna txostena:

wwww.evocaimagen.com/cuadernos/cuadernos7.pdf



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia