Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 17 - 11:33

2012-02-16

Komunikazioa. Irlen sarea

Pentsaraztearen artea

Gorka Julio

Dead Drops: ekimen artistiko hau Ģespazio publikoan hedatutako gizabanakoen arteko eta anonimoa den offline fitxategi trukerako sareģ gisa aurkezten dute. USB gailu bat hartu, http://deaddrops.com/ webgunean topatuko duzun manifestua bertan sartzearekin zurea jartzeko lehen pausoa eina duzu. Ondoren, toki egokia topatu, paretan ondo txertatu eta horren berri eman, kokapena eta argazki batzuk atera ondoren.

USB gailu horien bidez, jendeak edozein fitxategi trukatu ahal izango du Internet bera erabili gabe. Ekimen artistiko honek fitxategien trukea beti posible izango dela erakusten digu; baina horrez gain, errealitatean ez du gauza askorako balio. Arazo asko izan ditzake: norbaitek apur dezake, fitxategiak ezabatuak izateko edota bertan software maltzurra instalatzeko arriskua ere badu, beste arazo batzuen artean.

Ez dut uste erabilpen masibo eta praktikorako helburua duenik; ez obra artistiko bat izatetik haratago, behintzat. Baina, nire ustez, arteak zerbaiterako balio badu, gauzak pentsarazteko duen gaitasunagatik da. Zergatik ez, orduan, posible diren erabilpen batzuetan pentsatu?

Horrelako gailuak interesgarriak lirateke, jendeak normalean Internetetik zabaldu nahi ez dituen informazioak jasotzeko. Hedabide, talde edo erakunde batek, bakoitzak berea izan lezake informazio horiek jaso ahal izateko. Ondoren, beren tresnen bidez eta bakoitzak erabakitako moduan informazio horrekin zer egin erabakitzeko.

Hobetzeko aukera dago, oraindik. Demagun USB gailu horretako informazioa, automatikoki Internetera, zerbitzari batera edo p2p sareetara hedatzen dela. Anonimoki bertan utzitako fitxategiak, automatikoki sarean argitaratzen direla.

Oraindik gehiago hobetu dezakegu: Interneterako transmisio horiek benetan anonimoak izan daitezen ziurta daiteke. Horretarako, esaterako, TOR sarea erabili beharko luke gailu horrek.

Azken hobekuntza: lege segurtasun bat ere izan beharko genuke. Leku horretan hori egiteko eskubidea izatea edo legediak hori ahalbidetzen duelako. Hori gertatzen ez den kasuetan, Interneterako publikazioa beste herrialde batetik egin beharko litzateke. Hori lortzeko, publikatu aurretik Internet bidez eta modu seguruan (VPNak erabiliz adibidez) bidali beharko lirateke fitxategiak beste herrialde horretara.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia