Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 14:49

2012-02-04

Komunikazioa

Egiguren: «Gaztelaniazko kateak itxi beharko lituzke EITBk»

'Hitzetik hortzera' saioak PSEko presidenteari egindako elkarrizketa emango du gaur, 14:45ean

U.U. Donostia

Jesus Egiguren. / ETB

Eman aurretik oihartzun handia izan du aste honetako Hitzetik hortzera saioak, sarean jarritako laburpenean Jesus Egigurenek egindako adierazpenak ez baitira makalak izan: «Gaur goizean bertan Alberto Suriori esan diot zer egin behar den: EITBko kate erdaldun guztiak kendu eta euskarazko kate bat ona eta kalitatezkoa lantzea». Jon Artanok harrituta eskua ematen dio, eta Egigurenek: «Gaur bertan ETBko saio batera noa eta esan egingo dut». Eta Suriok erantzun ziola: «Hori ez ezak esan, hori ez ezak esan!».

ETB1en gaur ikusi ahalko den elkarrizketan bertsolaritzaz mintzo da Egiguren, Xalbadorrez eta Bilintxez. Izan ere, PSEko presidenteak eleberri bat idatzi du Bilintx protagonista duena. Garai batean Hitzetik hortzera saioaren zalea zen Egiguren, baina azkenaldian ikusteko ohitura galdu du.

Bertso Eguneko irudiak

Joan den larunbateko Bertso Eguneko afalosteko saioko bertsoek tarte nabarmena izango dute gaurko Hitzetik hortzera-n. Halaber, Txolarre irratiak Tolosan antolatu zuen jaialdiko bertsoak entzun ahalko dira. Zuri-beltzezkoan, Basarri naufragoari kantari azalduko da, 1968. urteko sariketa batean. Mitxelenaren eta Mańukortaren 1987ko bertsoak ere izango dira.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia